Begoña Lazkano finalik gabe geratu da 500 metroko K1ean. Oso lan nekeza zuen final handira sailkatzeko baina pasaitarrak onartu du itxaropena bazuela final B bat lehiatzeko. Azkenerako, zazpigarren bukatu du lasterketa, 1:52.87 denborarekin, eta beraz estropada honekin amaitu du Parisko bere esperientzia olinpikoa.
Hala ere, «pozik» agertu da egin duen estropadarekin. Helburua hori zuen, egindako lanarekin kontent bukatzea eta hein handi batean, lortu duela onartu du hedabideen aurrean. «Oso txapelketa berezia da, lau urtetik behin jokatzen da eta azken lasterketa txar bat egiten baduzu, ez da samurra izaten... Horren beldurra ere banuen, hitz egin dudalako hori gertatu zaien kirolariekin. Nire ustez ondo egin dut, agian apur bat hobeto egin nezakeen baina denboraldi gogorra izan da, saiatu naiz honeraino ondo iristen baina kirola horrela da», aztertu du Lazkanok.
Estropadaren lehen erdiraino, borrokan egon da, laugarren postuan, Michelle Russel kanadarrarengandik oso gertu –azkenean honek eskuratu du finalerako txartela, nagusi izan den Tamara Csipes hungariarraren atzetik– baina azken txanpan asko gogortu da estropada eta Lazkanok, borrokatu duen arren, atzean geratu da. «Saiatu naiz pentsatzen nire estropadan, nire bertsiorik onena ateratzen. Nire ustez lortu dut. Agian erditik aurrera apur bat estutu ahal nuen baina beldurra neukan azken txanpan gehiegi ordainduko nuen», esan du.
Hala, esperientzia positibo bezala hartzen du bere ibilbide olinpikoa, lehendabiziko eguneko sentsazioak irauli eta «estropada txukuna» egin ostean. Onartu du, bi egun hauetan saiatu dela bere burua fokalizatzen finalerdia gainditu ahal zuela, nahiz eta zituen arerioak oso gogorrak izan. Hala, esan du «pena eta mina» ere ematen duela finalera ez sailkatzea baina espero duela esperientzia honetaz «ikasi eta beste baterako baliagarri izatea».