Getxoko Udalak bere gaitzespena eta arbuioa adierazi du Algortako Portu Zaharreko jaietan gizon batek emakume bati egin dion sexu erasoaren ondoren. Indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloa aktibatu du larunbatetik iganderako goizaldean emakume batek ukituak jasan ondoren.
Horren aurrean, Udalak «bere gaitzespenik irmoena» agertu du. «Genero desberdintasunean oinarritutako jarrera sexista guztiak» gaitzetsi ditu eta «edozein eraso sexistarekiko zero tolerantzia» adierazi du.
Bere elkartasuna erakutsi dio erasotua izan den emakumeari, baita babesa ere.
Eta gogoratu du kasu honek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez duela erakusten, arazo horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen delako.«Emakumeen aurkako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina», nabarmendu du Getxoko Udalak.
«Gizon gehiago inplikatu behar dira»
Beran ere besten testuinguruan gertatu den eraso matxista baten berri eman du Udalak. Adierazpen instituzionala plazaratzeaz gain, igande arratsalde honetan, 20.00etan Mukixu zubian eginen den elkarretaratzea babestu du.
Indarkeria matxista egiturazkoa dela oroitu du Udalak. «Errotua dago gizartean eta horrek azaltzen du zergatik ematen den testuinguru kultural guztietan eta maila guztietan». Erantsi duenez, azken urteotan gizon aunitzek egin dute bat berdintasun aldarriekin eta maskulinitate hegemoniko tradizionalak ezarritako genero aginduak berrikusi dituzte. Hala ere, aitzinera egiteko gizon gehiago inplikatu behar direla uste du eta erakunde gisa bere ardura hartzen du horretan.
Herritarrei dei egin die indarkeriaren aurrean zero tolerantziako eta zero inpunitateko jarrerari eusteko eta honen harira antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko.