NAIZ

Elefantearen Munduko Eguna: hiru espezieak desagertzeko arriskuan jarri dituzte bi mehatxuk

Astelehenean Elefantearen Munduko Eguna da, baina ospatzeko gutxi dago animalia honen hiru espezieak batuta 400.000 ale direlako, duela mende bateko 12 milioietatik hagitz urrun. Asiako habitataren galera eta Afrikan marfila merkaturatzeko beren letaginekin egiten den trafikoa dira arrazoi nagusiak.

Elefante bat landareen ondotik paseatzen, Indiako Tamil Nadu estatuko Nilgiri mendietan dagoen Mudumalai parke nazionalean, joan den uztailaren 30ean.
Elefante bat landareen ondotik paseatzen, Indiako Tamil Nadu estatuko Nilgiri mendietan dagoen Mudumalai parke nazionalean, joan den uztailaren 30ean. (Idrees MOHAMMED | AFP)

Elefantearen Munduko Eguna da abuztuaren 12a. Duela 12 urtetik bultzatzen du animalia hauek zaintzen dituen fundazioak, bizi duten egoeraz kontzientziatzeko helburuarekin. Izan ere, populazioa aunitz gutxitu da: mende bakarrean, 12 milioi ale izatetik 400.000 izatera igaro dira, Naturarako Munduko Foroaren (WWF) kalkuluen arabera.

Gaur egun, elefanteen hiru espezie daude eta guztiak daude desagertzeko arriskuan: asiarra, 40.000 ale baino gutxiago dituena; eta bi afrikarrak, sabanakoa eta basokoa, azken 30 urteetan populazioaren %60 eta %90 galdu dutenak, hurrenez hurren.

Luis Suarez WWFko Kontserbazioko koordinatzaileak esplikatu duenez, galera hori bi mehatxuren ondorio da nagusiki: alde batetik, marfilezko letaginen komertzioa eta, bertzetik, habitataren galera.

Marfilaren trafikoa Afrikan

1989an Mehatxatutako Fauna eta Flora Basatien Espezieen Nazioarteko Komertzioari buruzko hitzarmenak (CITES) marfilaren nazioarteko merkataritza debekatu zuen arren, gaur egun 20.000 elefante inguru hiltzen dituzte urtero beren letaginekin trafikatzeko, baita beren azalarekin eta haragiarekin ere.

Debeku horretatik espezieen berreskuratze prozesu bat hasi zen, bereziki afrikarrena, praktika horrek gehien erasaten dituenak baitira. 2010ean, ordea, elefantearen trafikoaren gorakada bat egon zen, errinozeroa eta pangolina bezalako beste espezie afrikar batzuekin batera, Asiako hego ekitaldeko herrialde batzuetan goraldi ekonomiko bat gertatu zelako.

Txina bezalako erosahalmen handiko herrialdeak luxuzko produktu exotikoak erosten hasi ziren beren gaitasun ekonomikoa erakutsi nahian, horien artean marfila, estatus ekonomikoaren sinbolo bilakatu zena.

Basokoak dira okerren daudenak

Basoko elefanteak dira egoera zailenean daudenak. Talde txikietan bizi dira, oihaneko inguru isolatuetan, Kamerun eta Kongon, adibidez. Horregatik, azken urteetan kanpainak egin dira herrialde horietan, sentsibilizatzeko eta aduanak zaintzeko, eta «nolabaiteko egonkortasuna» lortu da, baita elefanteen hilketak 30.000tik 20.000ra jaistea ere.

Kontserbazioaz arduratzen den Suarezek dioenez, marfilarekin trafikatzen dutenen kondenak eraginkorrak eta azkarrak izan daitezen egin dute lan, lehenago sinbolikoak baitziren eta legez kanpoko ehiztariei errentagarriagoa ateratzen zitzaien trafikatzen jarraitzea eta isuna ordaintzea. Isunak handitzearen ondorioz, herrialde batzuetan aunitzek ehiza hau alde batera utzi dute. Badira ondoko estatuetan ehizean segitzen dutenak ere, ordea.

Sabanan bizi direnak, egonkorrago

Afrikaren ekialdeko sabanan, Botswana, Tanzania, Kenia edota Namibian bizi diren elefanteak egonkorrago daude. Kasu batzuetan aleak ugaritzea ere lortu da, «gobernantza hobea» baitago herrialde horietan, baita espezie hau zaintzeko interes handiagoa ere, safarien turismoarekin lotuta.

Bertzetik, habitataren galerak Asiako elefanteak mehatxatzen ditu. Afrikakoak baino txikiagoak dira, basoan bizi dira eta batzuek bakarrik dituzte letaginak. Hortaz, oro har, marfilaren trafikoa ez da arazo. Baina basoguneak murrizteak beren bizia arriskuan jartzen du egunero, beren habitatak eta erabiltzen zituzten migrazio ibilbideak deusezten baitira eta elefanteak ez etxe ez elikagai gelditzen baitira.

Suarezek azaldu duenez, hobekien dauden inguruak deforestazio prozesuetan daude soja eta palma ekoizteko edota ganadua eta azpiegiturak ezartzeko. Horrenbestez, elefanteak eskapo egitera behartuak daude bizirik irauteko eta gizakiekin gatazkan sartzen dira. Izan ere, herriak mehatxatu eta laborantza lurrak hondatzen dituzte, bertan aurkitzen dituztelako baliabide aunitz. Horrek kalte ekonomiko handiak dakartza beren uztetatik bizi diren herritarrentzat eta, ondorioz, aunitzek elefanteak akabatzen dituzte beren kasa.