Astearte honetatik aurrera auzokideen erkidego eta sektore publikoko erakunde guztiek diru laguntza eskatzeko aukera izango dute beren eraikinetan irrati difusioko, telebista digitaleko edo Interneteko banda zabal ultra-azkarreko telekomunikazio azpiegiturak hobetzeko.
Gasteizko Gobernuak ohar batean azaldu duenez, laguntza programa hau Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren bidez kudeatzen da, eta 3,9 milioi euroko zuzkidura du, Europar Batasuneko Next Generation Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatuta.
2000. urtea baino lehen amaitutako eraikinek jaso ahal izango dute diru laguntza. Jabeen erkidego bakoitzak kostuaren %100eko diru-laguntza jasoko du, beti aurkeztutako fakturan agertzen denaren arabera. Guztira 390 jabe erkidegotan esku hartzea espero du.
Aurreikusitako laguntza kasu bakoitzean, gehieneko zenbatekoa honako hau izango du: 23.800 eurora arte, instalazio oso bat egiten denean; 21.000 eurora arte, esku hartzea partziala bada, hau da, antenik edo bestelako ekipamendurik ez badu; eta 16.975 eurora arte, esku hartzea banda zabal ultra-azkarreko azpiegitura instalatzeko edo egokitzeko denean soilik.
«Era berean, ekimen honi esker, kablez betetako fatxada batzuen itxura hobetu ahal izango da. Baita beste aparatu batzuena ere, hala nola antenena edo erabiltzen ez diren beste osagai elektroniko batzuena, ingurumena errespetatuz kenduko direnak», dio Gasteizko Gobernuak.
Jabeen erkidegoek Lakuaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta aurkezte hurrenkeraren arabera erantzungo zaie, funtsak agortu arte.