Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Angel Erro
Poeta eta itzultzailea

«Euskara eta gaztelania, biak batzean hirugarren dimentsioa ikusten duzu»

Gaztelaniaz hobeki moldatzen den arren, euskaraz idazten du. Bertzetik, bere poemak gaztelaniara itzultzen baditu, ez da kontent gelditzen eta pentsatzen du erdaraz sortu behar zituela konforme egoteko. Ezinegon horien emaitza da liburu berria.

Angel Erro, poeta eta itzultzailea.
Angel Erro, poeta eta itzultzailea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Elebitasunak badu halako fama txar bat. Euskaldunen artean erakusten du bataila galtzen ari garela. Erdaratik ere izen txarra dauka, pribilegiotzat saltzen dute. Angel Erroren ustez, txipa aldatu beharko genuke. Dioenez, marko batean sartu gaituzte, non euskaldun jendea gutxiengoa garen herri honetan. «Hala da, baina elebiduna naizen aldetik gehiengoaren parte ere banaiz eta horretaz baliatu behar dut egoerari buelta emateko, eta erakutsi ez dagoela poema-liburu hau ulertzerik bi hizkuntza jakin gabe».

‘Itzulpena-traducción’ obran ez dago poemarik itzulpena lantzen duenik, edo elebidunak izan behar dugula aldarrikatzen duenik. Baina formak hori adierazten du.

Poeta eta itzultzailea da Angel Erro. 1978an Burlatan jaioa, Madrilen bizi da eta tarteka Iruñera itzultzen da.

Sariketa batetik sortu zen liburu hau, Nafarroako Gobernuaren Navarro Villoslada 2023 Literatura Saritik.

Bai, gauza berri bat zen, arrebak abisatu zidan deialdiaz. Duela urte pila batetik nuen proiektu hau: liburu bat ele bitan, itzulpen zuzena izan gabe. Izenburua ere banuen, nahiko tautologikoa. Tituluagatik ez dakit argi gelditzen den zer dagoen barruan, baina behin irekita esaten duzu: bai, hau zen.

Sariketan originaltasuna nabarmendu zuten.

Ez naiz izango hau bururatu zaion lehena. Baina elebidun bati bakarrik bururatzen ahal zitzaion.

Elkarrizketara nentorrela, Sarasate pasealekutik, Foruen monumentuan euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako testuei erreparatu diet eta zure liburuko itzulpenak oroitarazi dizkidate, bi hizkuntzetan ez baita gauza bera erraten.

Satrustegi idazleak noizbait esan zuen euskaldunok neurtu behar genuela zer esan gaztelaniaz eta zer esan euskaraz, molda dezakegula gure diskurtsoa zuzentzen ari garen publikoaren arabera. Hizkuntzen erabilpen politikoa edo etikoa egon daiteke. Gauza bera eraman dut nik estetikora ere.

Poeta eta itzultzaile gisa, ariketa bat izan da liburua?

Gauzak itzultzera sartu naiz oharkabean bezala. Norbaitek esan zidan: ‘Itzuliko didazu liburu hau euskarara?’ Hala hasi nintzen, gero eta gauza gehiago itzuliz, horretan aditua eta aritua izan gabe. Konturatzen zara badirela gauza batzuk, batez ere poesian, hizkuntza batetik bestera pasatzerakoan galdu egiten direnak. Poesia idazten dudanean, euskaratik gaztelaniara edo gaztelaniatik euskarara itzultzen dut ariketa bezala eta ohartzen naiz hizkuntza batean funtzionatzen duenak ez duela zertan bestean funtzionatu.

Banituen poema batzuk neure buruari itzuliak, inon argitaratuak izateko asmorik gabe. Askotan elkarren bertsioak dira. Liburua egituratzen hasi nintzenean konturatu nintzen banituela poema batzuk gai berdinaren inguruan, baina nik jakin gabe. Baziren beste poema batzuk sartu nahi nituenak eta beren ifrentzua sortu nuen. Hori ere dibertigarria izan da.

Desafio bat ere bazen.

Iruditzen zitzaidan bi hizkuntzatan aurkeztea problematikoa izan zitekeela. Euskarazko poesia-argitaletxe batera aurkezten banuen akaso esango zidaten ez dutela liburu elebidunik ateratzen. Liburu elebidunak ateratzen dituen argitaletxe bati, berriz, gezurra esango nioke poema hauek ez direlako elkarren itzulpenak.

Mugak puskatzea zen asmoa?

Zirikatzea ere bai. Esaterako, nire kuadrillako eta ezagun asko elebakarrak dira Madrilen eta Iruñean ere bai. Badakite euskaraz idazten dudala eta askok esaten didate: ‘Euskaraz bakarrik? Ze pena ezin irakurri ahal izatea’. Orain emango dizuet liburu bat irakurri ahalko duzuena baina ohartu zaitezke ere zerbait galtzen ari zaretela.

Nolakoa da zure elebitasuna edo eleaniztasuna? Frantsesetik eta ingelesetik ere itzultzen duzu eta.

Eleaniztasunak inoiz ez dira orekatuak. Ni euskara 17 urte nituenean hasi nintzen ikasten, AEKn. Giro erdaldun batean sortu eta bizi izan naiz gehienbat. Ez dakit zehazki noiz hasi nintzen poesia idazten, euskara ikasten hasi aurretixe bai. Neurri batean euskara ikasteak eraman ninduen euskaraz idatzi nahi izatera. Jarraitu izan banu euskara ikasi gabe gaztelaniaz idazten ez dakit zer bide hartuko nuen, baina inpresioa daukat euskara ikasteak lagundu didala euskal idazle hobea izaten. Ikasi behar izan dut handitan hizkuntzak badituela bere mugak eta esan nahi duzun zerbait esateko bideak bilatu behar dituzula. Esperientzia bat da beharbada elebakarrek ez daukatena. Beraiek pentsatu dezakete gauzak nola esaten dituzun, hala pentsatzen dituzula, eta ez da berdina. Elebidunok hizkuntza ikus dezakegu kanpotik, ohartu badaudela gauza batzuk esan nahi dituzunak eta badaudela gauza batzuk ez zarenak zu esaten ari; hizkuntza, batzuetan, zutaz jabetzen da eta esaten duzu esan nahiko ez zenukeena.

Hortik tiraka, liburu honetan egon daiteke ideia poetiko bat hizkuntza batetik esaten saiatzen ari zarena. Helburua erdi lortuta duzunean uzten duzu. Baina beste hizkuntza batean gauza bera esaten saiatzen bazara, orduan beste alde batetik begiratzen diozu, begirada bifokal bat lortzen duzu.

Ispilu bat bezala?

Nik gehiago ikusten dut hiru dimentsiotan. Hiru dimentsiodun betaurrekoek begi bakoitzari efektu bat egiten diote, horrela hirugarren dimentsioaren sentsazioa lortzeko. Beharbada liburu honekin halako zerbait lortu dut. Begi batekin gaztelaniaz irakurtzen duzu ideia edo irudi bat, euskaraz beste bat, eta biak batzean hirugarren dimentsioa ikusten duzu.

Bada efektu bat bi hizkuntzen tarteko zirrikitu horretan dagoena. Hori da poesia.

Marjinean edo lerro artean dagoena. Robert Frost poetak esaten zuen poesia dela itzulpenean galtzen den hori. Pentsatzeko moduko zerbait da, batez ere zurea ez den poema bat itzultzea tokatu zaizunean.

Hizkuntza bakoitzak dauka bere mundua; irudiak ez dira berdinak.

Egia da bortxatu izan dudala pixka bat. Zenbaitetan bi poemek oso ezberdinak ematen dute. Batzuetan haiku moduan esaten duzu pentsamendu bat eta besteetan ideia garatu eta luzatzen duzu. Bi gauzak bultzada berdinetik etor daitezke.

Gaiei dagokienez, heriotza, amodioa eta gaztetasunaren galera azaltzen dira aunitz.

Ondorio batera iritsi naiz: liburu honekin itxiko dut nire 40 urteetako krisia. Hemendik aurrera prestatzen hasi beharko dut hurrengo krisialdirako [irriz]. Eguneroko gauzetatik idazten dut eta literatura defentsa bat da askotan. Urteak bete ahala badituzu bizipen batzuk ez dakizunak ondo nola prozesatu eta horietako bat da sentitzea mundua dagoeneko beste norbaitena izaten hasi dela.

Orain arte ez zenuen gaztelaniaz deus argitaratua.

Ez dut berehala bilatu nire gauzak itzultzea. Gaur egun ematen du euskal idazle asko daudela euskaraz sortu eta segituan gaztelaniaz emateko gogoz, horrek legitimitatuko balitu bezala. Diskurtsoan esango dugu euskal sistema literarioak beregaina izan behar duela, baina praktikan ez dut halakorik ikusten. Nahiko agonikoa den sistema bateko azken biztanleak bagara, izan gaitezen zoriontsuak.

Bitxia da zu itzultzailea izanik zure liburuak itzultzeko gogo hori ez izatea.

Saiatu naiz, eta uste dut horregatik sortu dudala liburu hau. Aurreko poema liburuekin bitan gertatu zait itzultzea eta ez konforme geratzea, ikustea euskaraz zeukaten xarma edo magia hori galdu dutela. Ezin horretatik, esaten duzu: beharbada ezinezko ariketa bat da. Itzuli izan ditut besteen poesia liburuak. Baina gauza gatazkatsua da niretzat. Oso kontraesankorra da: gaztelaniaz hobeto moldatzen naiz eta euskaraz idazten dut. Bestetik, nire gauzak gaztelaniara itzultzen baditut ez naiz kontent gelditzen. Pentsatzen dut: hauek berez erdaraz sortu behar nituen kontent egoteko. Ezinegon horietatik guztietatik atera da liburu hau.

Nire gauzak euskarara bideratu izan ditut beti. Oso gustura nago euskaraz argitaratzen, uste dut hor lortu dudala nire ahots bat, lasai eta eroso egoteko moduko leku txiki bat.