SPONSORED CONTENT

Marijaiak festa aste luzeena dakar Bilbora

Aste Nagusiaren ikurra heldu da eta berarekin dakartza bederatzi jai egun, prestatutako guztia ezin baita ohiko astebetean bildu. Hala, ehunka ekimeni esker, hilaren 17tik 25era, ez dira festa giroa eta parrandarako aukerak faltako. Konpartsek ere ondu dute beren egitaraua, Itsasadarra nabarmenduz.

Marijaiaren etorrerak
Marijaiaren etorrerak (Aritz Loiola | Foku)

Besoak zerura dituela, Arriaga Antzokiko balkoira irtetean urtebeteko itxaronaldia amaitu eta 44. Aste Nagusia bertan dela zabalduko du Marijaiak. Hilaren 17an izango da hori, baina bera agertu aurretik, Itziar Ituño aktore basauriarrak Aiora Renteria abeslariaren lekukoa hartuko du pregoilari gisa eta Txibotarra konpartsako kide Nagore Ugartek suziria jaurtiko du. Eztandak inguruan bildutakoen poza leherraraziko du, bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburura bertaratzen direnek jaien protagonistak berarekin dakartzan jarduerez gozatzeko parada izango baitute, hilaren 25ean su garretan erre arte.

Ondo pasatzea xede, kaleak dibertsioz eta ilusioz beteko dituzten 500dik gora ekimen antolatu ditu Bilboko Udalak: bertso saioak, bilbainadak, puzgarriak, lehiaketa gastronomikoak, zezensuzkoa... Ehun musika emanaldi baino gehiago ere badira, zortzi agertokitan banatuta. Aurrekoetan bezala, Abandoibarra eta Europa parkean, kontzertuak; Gizakundearen elizan, musika klasiko emanaldiak; Bilborock aretoan Bilbao Metal pop-rock erakusketa; Plaza Barrian, kulturarteko musika eta Udal Txistulari Bandaren saioak; Casilda Iturrizar parkeko Pergola agertokian, bilbainadak; Plaza Biribilean, dantzaldiak; Doña Casilda parkean, guatekeak; eta Areatzako kioskoan, Bilboko Udal Banda eta txistulariak.

Horrez gain, hilaren 24an, Bilboko Koral Elkarteak Itsasadarra zeharkatuko du Kantuz kantu, zubiz zubi errepertorioa eskainiz, Israel Santamaria Jazz Triok lagunduta. Itsas Museotik abiatuko dira 17:30ean.

Antzerkia, plazan eta busean

Dianarekin batera hasiko da eguneroko zeregin zerrenda eta denek izango dute zer hautatu. Plaza Barrian, kasu, euskal dantza erakustaldiak, erromeriak edota alardeak egingo dituzte, baita Larrain Dantza herrikoia ere, hilaren 20an. Bizikidetzarena, aldiz, kale antzerkiaren plaza izango da. Bertan, hilaren 18tik 25era 23 ikuskizun eskainiko dituzte, adin eta gustu guztiei bideratuak. Horrez gain, Txirene Busa hartzen dutenek Bilboko txoko, kultura, tradizio eta pasadizoen berri izango dute Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina eta Iñaki Maruri antzezleen ahotik, autobus turistikoan hiriko txoko enblematikoak bisitatu bitartean. Egunero, hilaren 22an salbu, hiru pase programatu dituzte; San Mamesetik abiatu eta Guggenheim Museoan bukatuko dute antzezlan ibiltaria.

Kirol jarduera ugarien artean, asteazkenetik larunbatera, hilak 21etik 24ra, eguerdiro herri kirolen erakustaldia egingo dute Arriaga plazan. Pilota txapelketek, berriz, bi gune izango dituzte: Bizkaia Frontoian profesionalen esku pilotako XI. Bizkaia Torneoko finala eta esku pilota nahiz palako Aste Nagusia Torneoak jokatuko dituzte; Esperantza pilotalekuan, aldiz, Aste Nagusiko euskal pilota txapelketa, goizero, hilaren 17tik 24ra bitartean. Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen traineru estropada bana lehiatuko dute hilaren 18an Itsasadarrean.

Euskal arrantzaren tradizioarekin lotura duen Balearen desfile koloretsua igandean, hilak 18, helduko da. Plaza Biribiletik 19:00etan abiatuta, kalejirak Kale Nagusia zeharkatuko du. Bali balea buru, olagarroa, txangurroa, bisigua, txirla eta beste itsas hondoko elementu batzuk izango ditu lagun; baita fanfarreak, konpartsak eta txarangak ere. Horiez gain, aurten oihaneko erritmora dantzatuko duten animaliak ere irtengo dira: lehoiak, jirafa, tximinoa, errinozeroa, zebra, hipopotamoa eta antilopea.

Haurrak, nagusi

Aurten ere, Garapen Iraunkorreko Helburuak Txikiguneko protagonista izango dira. Izan ere, kontzientziazioa lantzeko xedez, horiekin lerrokatutako 30 jolas jarduera baino gehiago atondu baitituzte. Doña Casilda parkean, berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna edota elkartasuna modu ludiko, dinamiko eta parte hartzailean sustatuko dituzte 0-12 urte arteko haurrengan.

Berritasunen artean, gunean bi food truck eta bi bizikleta geltoki berri jarriko dituzte, parkera hala joatea errazteko. Gainera, behar bereziak dituzten haurren parte hartzea ahalbidetzeko, begirale berezituak egongo dira, haietako bat zeinu hizkuntzan mintzatzeko gai dena, eta autismoaren alorreko gaitzak dituztenak kontuan hartuta, soinurik gabeko ordu tarteak izango dira asteartean eta asteazkenean, hilak 20 eta 21. Era berean, asteartean, hilak 20, itsu edo ikusmen urritasun handia dutenen egunerokoaz sentsibilizatzeko ekimenak gauzatuko dituzte.

Barraka guneak eta zirkuak ez dute hutsik egingo. Haurren eta helduen gozagarri, helduentzako hamaika aparatuk, haurrentzako hamalauk, askotariko hamazazpi postuk, sei txurro dendak, lau tabernak edota jokoek, beteko dute Etxebarria parkea irailaren 1a arte.

Gauetako hitzordu ezinbestekoa, nola ez, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa da. Hilaren 17tik 23ra bitartean, zazpi su etxek beren bildumekin argituko dute gauero Bilboko zerua, 22:30ean hasita. Azken larunbatean, hilak 24, ordea, Arabako Valecea Pirotecniak erakustaldia egingo du.

Bilboko Konpartsek gau eta egun gozatzeko egitarau oparoa gauzatuko dute. (Marisol Ramirez/Foku)

Festa itsasadarrera zabalduko dute Konpartsek

Hilabetetan ondutako egitarau herrikoi, askotariko, doako eta parte hartzailea osatu dute beste behin Bilboko Konpartsak Federazioak eta Konpartsek. Hilaren 17tik 25era, 600 ekitalditik gora burutuko dituzte, Jai Batzorde Mistoak prestatutakoez gain. Inguruko kulturgile eta kirol eragileekin elkarlanean, ekarpen irudimentsuak eta askotarikoak gehitu dituzte.

Kirol norgehiagoka ugari antolatu dituzte eta batzuek Itsasadarrera "salto" egingo dute. Waterpolo jokalariek hartuko dute gunea asteartean, hilak 20, eta asteazkenean, hilak 21, txapelketa herrikoian lehiatuko dira. Egun berean, Itsas Museotik San Anton zubira arteko piragua zeharkaldian 100 bat lagunek parte hartuko dute; eta uretan sartu gabe, Erripa kaian, 3x3 saskibaloian ariko dira. Gainera, aste osoan, adin guztietarako hainbat motako xake partidak -itsuak, azkarrak, taldeka...– jokatuko dituzte eta txapelketa nagusia, hilaren 24an. Era berean, skatean trebatzen hasteko tailerra antolatu dute astelehen goizean, hilak 19, eta arratsaldean, adituek euren abilezia erakusteko aukera izango dute II. Aste Nagusia Skate Lehiaketa herrikoian.

Bestalde, indar handiko bi ahozko adierazpen batuta, raperoak eta bertsolariak elkartuko dituzte Arriaga plazan, asteartean, hilak 20. Elkarri puntu eta rap ugari botako dizkiote, "umore onez eta euskaraz", bat-batekotasunaren garrantzia eta euskal kulturaren adierazpen aniztasuna nabarmentzeko asmoz.

Gastronomia, ezinbestekoa

Urtero huts egiten ez duen osagaietako bat Lehiaketa Gastronomikoa da. Astelehenetik larunbatera, hilak 19tik 24ra, egingo dute Areatzan. Egunero, plater desberdin bat prestatu beharko dute partaideek: pisto %100 begetala, patata tortilla, txipiroiak tintan, sukalkia, bakailaoa pil-pil eran eta marmitakoa. Ohi bezala, azken igandean, hilak 25, txapelketa herrikoia egingo dute. Orain arte, zezen buztana prestatzen bazuten ere, aurten pasta da egin beharreko platera. Besteak beste, munduko txoko guztietan kozinatzen den jaki hori aukeratu dute jaien izaera herrikoia babesteko, txapelketa denon eskura jarrita.

Horrez gain, gastronomiari lotutako beste jarduera batzuk ere burutuko dituzte. Esaterako, ardo dastaketak, kontserba tailerra edota baserritar azoka. Halaber, bi parrillada solidario ere gauzatuko dituzte, hilaren 18an eta 24an. Lehena, barazki parrillada izango da, bigarrena, aldiz, hegaluze parrillada.

Umeek ere izango dute su artean trebatzeko parada Gastrotxikian; hilaren 19an, 21ean, 23an eta 25an, Areatzan bertan. Hori haurrei begirako egitarau berezituko jardueretako bat da, baina aste osoan beste asko izango dituzte aukeran: antzerkia, tailerrak, jolasak, igel-toka, puzgarriak... Haien artean konpartsazaletasuna sustatzen ahaleginduko dira ere, Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiek lagunduta.

Egunez aurrera eramango dituzten dantza eta musika saioez gain, gauez ere beste asko badira, tartean, hainbat euskal talderen kontzertuak. Batzuk aipatzearren, Ithaka, Bulego, Dupla, La Furia, Amooma, Etxekalte, Txapelpunk, Ama Say, The Cherry Boppers, Leihotikan edota Afrika.

Aste Nagusiko ezer ez galtzeko, esku programez gain, bai udalak bai konpartsek sakelakoetarako APP bana eskuragarri dute.

Bilboko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Bikabi Aseguruak, Bilbotex, Goiko kiosko, Txokomex Takeria Kantina, Café Nervión, Motrikes Bar, Fermin Taberna, Luciano berri taberna, La Muga, Café Bar Bilbao, gili – gili, Bodega Joserra, Beltza Taberna Reggae&Soul, Gure Etxea, Kasko jatetxea, Goizeko Izarra jatetxea, Bilboko Udala