Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Estatutua osatzeko transferentziak jasotzea lehentasuntzat jo du Ibone Bengoetxeak

Estatutua osatzeko faltatzen diren eskumenak lortzea lehentasuna da Ibone Bengoetxea lehendakariordearentzat, Euskadi Irratian egin dioten elkarrrizketan adierazi duenez. Estatus berriaren alorrean akordio zabalak beharrezkoak direla nabarmendu du.

Ibone Bengoetxea lehendakariordea.
Ibone Bengoetxea lehendakariordea. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gernikako Estatutua osatzeko faltatzen diren transferentziak eskuratzea lehentasuntzat jo du ostiral honetan Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Hori lortzeko, elkarrizketaren aldeko hautua egin du Bengoetxeak, Estatuarekin bialdeko batzordea martxan dela nabarmenduz.

Estatus berriari dagokionean, itun zabalak lortzearen alde azaldu da lehendakariordea. «Jendearekin berba egin, jendearekin izan, jendeari entzun» egin behar dela gaineratu du. Dena den, gain honetan ardura nagusiena alderdiena dela eta Gobernuak lortzen diren akordioak babestu behar dituela azpimarratu du.

Gauzak horrela, «akordio zabal» hauek lortzeko eremua Gasteizko Parlamentua dela adierazi du. Ondoren, Madrilgo Gorteen oniritzia eta herritarren babesa beharko liratekeela gaineratu du. Prozesu horretan guztian Gobernuaren lana «babestea» dela berretsi du.

Urdaibai

Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz galdetuta, eskualdeko herritarrek euren beharrak zeintzuk diren azaldu eta erakundeei horiei erantzutea dagokiela erantzun die. Horrela, eskualderako plana martxan jarri dute alor desberdinetan (garraioa, osasuna, saneamendua, ...) dauden arazoei erantzuteko.

«Orain plan hori garatzea dagokigu», nabarmendu du lehendakariordeak, planean kultura eta artea traktore eta Guggenheim palanka gisa azaltzen direla gogoratuz.

«Kezka guztiak ulertzen ditut. Elkarrizketan sinisten dut. Horretan jarri beharko hara eta plan osoa eztabaidatu beharko dugu, jendearen iritziak jasoz», adierazi du, Bilboko Guggenheim museoak oposizio handia izan zuela baina egun «sostengu zabala» duela.

Euskara

Euskarari buruz, normalizazioaren kontrako azaldu diren epaiei buruzko kezka azaldu du. Euskara berri negatiboetatik atera behar dela eta horretarako, beste behin, akordio zabalak beharrezkoak direla nabarmendu du lehendakariordeak. Eskola euskarak bere tokia «irabazia» duela baina orain beste esparruetara (lantokiak, aisialdia, kirola, alor digitala, ...) hedatu behar dela esan du, Europan ofizialtasuna lortzearekin betera.

Ildo honetan, irailetik aurrera A1 mailako euskarazko ikasketak doan izango direla aurreratu du Bengoetxeak. Aurreko agintaldian C1 maila 16 eta 18 urte artekoentzako izan zen doan. Lehendakariordearen arabera, neurri honek «gizarte kohesiorako balio du, euskaratik urrun daudenak hizkuntzara hurbiltzeko», etorkinak kasu.