ALTUNA-IZTUETA 22
LASO-TOLOSA 19
Ia ordu eta erdi eta ia 900 pilotakada jota eraman dute Altuna III.ak eta Iztuetak Caixabank Masterseko laugarren puntua. Partida ona baino, partida oso gogorra ikusita konformatu behar izan dute Aritzbatalde pilotalekura hurbildu diren zaleek. Unai Lasok eta Xabi Tolosak jokoaren eta markagailuaren ekimena eraman dute 9-12an atseden hartzera joan diren arte. Beren zoritxarrerako, 10-0eko partziala jaso dute atsedenaldi horren ostean eta tarte luze horretan egin dituzten hutsegiteen erruz joan zaie partida.
Alabaina, bikote urdinak ez du etsi eta azken izerdi tantaraino zukutu dituzte Altuna eta Iztueta. Bereziki atzelari gazteari sekulako lan pila bota diote bizkar gainera, baina honek lepoan hartu eta aurrera segitzea lortu du, Altunaren laguntza eta tarteka Amezketakoaren erremate eder batzuei esker. Azken tanto horietan Xabi Tolosa bere fisikoaren mugaraino iritsi da eta giharretatik oso justu amaitu du. Zentzu horretan, xehetasun horrek ere bere garrantzia izan du azken emaitzan. Nolanahi, irabazle zein galtzaile, laurek ere sekulako lana egin dute, berebiziko partida izan ez bada ere.
«Berotzen ari ginela pilotak zerbait bazirela zirudien, baina berehala gastatu dira. Hasi eta berehala lau pilota erabilita geneuzkan ordurako, eta azkenerako beste biak laga ditugu, bestela pilotarik gabe geratuko ginatekeen partida amaitu aurretik», azaldu du Jokin Altunak, eskuetatik «kolpatuta, baina ondo», hurrengo egunetan jokatu behar dituen partidak gogoan.
Ahalegina eta hutsegiteak
Partidak meriturik izan du, gogorra izan delako, baina dela pilotak berehala geratu direlako, dela Aritzbatalde pilotalekua ohi baino estuagoa delako, baina aurreko koadroetan ez dute beren egunik onena ez Lasok ezta Jokin Altunak ere. Bereziki Bizkarreta-Gerendiaingoak atzera jokoa kargatuz min handiagoa eman du aurrean jokatuta baino, eta ahalegindu den hainbat alditan, kale egin du gainera.
Hala ere, 9-12raino aurretik joan dira beti Laso eta Tolosa, baina aurreneko atsedenaldiaren ostean partidaren eta markagailuaren ekimena bere egin dute Altunak eta Iztuetak. Amezketakoak pilota asko kendu dizkio atzelari gazteari, baina azken honek egundoko ofizioa eta erresistentzia erakutsi ditu atzeko koadroetan, baita nolabaiteko kolpe freskoa ere atzeratzeko aukera izan duelarik. Hala, 19-12raino aurrea hartzea lortu dute eta partida eskuan zutela eman du tarte batez.
Ez dira ados egon urdinak. Halakoren baten gorriek ere kale egin dute pare bat tantoan eta piztu egin ditu horrek nola Laso hala Tolosa, fisikoki nahiko jota egon den arren atzelari urdina. Alabaina, 19-18raino hurbildu dira, baina nekeak jota, 19nakoa ezin izan du Xabi Tolosak egin, erabat lehertuta, horma bikoarekin Altuna ezustean harrapatzen saiatu da, baina kanpora joan zaio.
Ez dute etsi urdinek, baina azkenean baten batek irabazi behar eta Altuna eta Iztuetarentzat izan da garaipena.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 89.32 minutu. Pilotakadak: 878. Sakez: 1 Altunak eta 1 Lasok. Jokoan egindakoak: 6 Altunak eta 2 Iztuetak; 7 Lasok eta 1 Tolosak. Galdutakoak: 5 Altunak eta 5 Iztuetak; 9 Lasok eta 4 Tolosak. Markagailua: 0-1, 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-8, 8-8, 8-11, 9-11, 9-12, 10-12, 19-12, 19-13, 19-18, 20-18, 20-19, 21-19, 22-19. Gorabeherak: Caixabank Masterseko bosgarren jardunaldia, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.