«Gure herrian (Euskal Herrian), gure kirolean (euskal pilotan) eta gure pilotalekuan jokatuko den» 22 urtez azpiko ezker paretako Munduko txapelketan «ez dugu gure selekzioa ikusteko eta animatzeko aukerarik izango. Ondorioz, beste behin, selekzio gisara gure eskubide kolektiboak eta indibidualak ez dira errespetatuak izango», dio Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak (EHEPSAM) zabaldutako komunikatuan.
Hain zuzen ere, Labriten jokatuko da igande honetatik aurrera (abuztuak 25) 22 urtez azpiko Munduko txapelketa, Euskal Selekziorik gabe baina Espainia eta Frantziakoarekin, besteak beste.
Euskal selekzioaren ofizialtasunaren bideak blokeatuta jarraitzen du, iaz Mexikon egin zen ezohiko bilkura antzuaren ostean. Estatutu aldaketa proposatu zen baina azken unean, ez zen bozketara eraman eta Nazioarteko pilota Federazioko (FIPV) presidente Xabier Cazaubonek zuzendaritza taldea kargugabetu zuen.
Espainian onartu zen Kirol Lege berriarekin oso egingarritzat jotzen zuen ofizialtasuna EAJk baina dagoeneko pasa dira bi urte eta bidean ez da aurrerapausorik eman, soilik beste blokeo egoera bat eta Espainiako Federazioaz kolpez itxitako atea.
Egoera honen aurrean, udara hasieran, euskal pilotari multzo batek uko egin zien Espainia eta Frantziako selekzioekin lehiatzeari, honek euren ibilbidean ekar diezazkieken traba eta oztopoak bere eginda.
Jaialdi herrikoia
Labriten jokatuko den hitzordu mundial hau probestuta, EHEPSAM dinamika osatzen dutenek, Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko «jaialdi ireki, herrikoi eta aldarrikatiboa» antolatu dute iganderako, «Ofizialtasuna, noiz?» lelopean.
«Ekitaldi hau ez da inoren aurkakoa, euskal selekzioaren alde jai giroan antolatutako ekimen herrikoia baizik», argitu dute.
Neska-mutilen pilota partidak jokatuko dituzte Jito Alai pilotalekuan –Labrit frontoiaren atzealdean–, 16.00etatik 18.30etara, eta ondoren, agerraldi ireki bat eskainiko dute Labrit aurrean.