NAIZ

Alex Aranburu Cofidisen arituko da datozen hiru denboraldietan

Movistarren hiru urte egin ostean, Alex Aranburuk Cofidis taldearekin akordioa itxi du eta haiekin arituko da 2025etik aurrera. Zurrumurruek aspalditik kokatzen zuten talde gorrian, baina frantziarrek asteazken honetan konfirmatu dute ezkiotarraren fitxaketa.

Alex Aranburu, Espainiako txapelketan garaile.
Alex Aranburu, Espainiako txapelketan garaile. (RFEC)

Alex Aranburu Cofidisen arituko da 2025eko urtarriletik aurrera. Taldeak asteazken honetan baieztatu duenez, hiru urterako kontratua sinatu du Ezkiokoarekin. Txirrindularia, pozik agertu da erronka berriarekin. «Oso pozik nago talde honetan sartzeagatik. Badakit maila pertsonalean aldaketa handia izango dela eta egokitu egin beharko dudala. Baina oso pozik nago Cofidisek niregan duen konfiantzarekin, eta edozer egingo dut egoerak eskatzen duen mailan egoteko», adierazi du.

29 urte betetzear, Aranburuk azken hiru denboraldiak Movistarren elastikoarekin egin ditu, aurretik profesionaletan Astanan eta Caja Ruralen ere ibili eta gero. Orain bide berri bat jorratuko du eta bertan beste euskal herritar batzuekin eginen du topo. Gutxienez, batekin, Ion Izagirrerekin. Izan ere honen anaia Gorkak eta Jonathan Lastrasek kontratua amaitzen dute eta oraingoz ez dago haien inguruko berririk.

Talde berrian ardurak hartu beharko ditu txirrindulari gipuzkoarrak, baina ez da zerbait berria berarentzat. «Ardurak izan ditut, eta plazer bat da izatea. Urtetik urtera, hobetzen, dena ematen eta lasterketa gehiago irabazten saiatzen naiz. Nire motibazioa izango da lehiatuko naizen lasterketa bakoitzean, bai klasikoetan, bai itzuli handietan ere».

Aurten bi garaipen ditu poltsikoan: Espainiako txapelketa eta Baloise Belgium Tourrean etapa, baina postu on ugari Euskal Herriko Itzulian eta Tourrean, besteak beste.

Eta hori eskatuko dio talde berriak ere. Cedric Vasseur prestatzaileak hala adierazi du. «Ohorea eta harrotasuna da Alex Aranbururi Cofidisen harrera egitea. Errefortzu berri garrantzitsu bat da gure taldearentzako, zeinak bere benetako lekua berreskuratu behar baitu munduko hierarkian».

Vasseurrek aipatu duenez, egun bateko lasterketetan taldera ere iritsiko den Dylan Teunsekin partekatuko du lidergoa ezkiotarrak. Frantziar Estatuan jokatzen duten Kopako klasikoak ere oso egokiak izan daitezke oraindik Movistarrekoa den txirrindulariarentzat.