Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aurtengoak, iazkoak eta aurretik izandako txupinera guztiek elkarrekin bota dute suziria

Areatzan ongi etorria egin diete txupinerei, urtero egin ohi duten ekitaldi hunkigarrian. Nagore Ugarte aurtengo txupinerak aurreko urteetakoek eta Itziar Ituño pregoilariak lagunduta bota du txupina.

Txupinera guztiek elkarrekin bota dute traka.
Txupinera guztiek elkarrekin bota dute traka. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nagore Ugartek bota zuen txupina joan den larunbatean eta berriz ere bota du gaur goizean Areatzan, orain arte txupinera izan diren gainontzeko konpartsakideekin batera. Urtero egin ohi duten ekitaldian harrera beroa egin diete txupinerei. Zazpi kaleetatik kalejiran ibili dira goizean, Itziar Ituñorekin batera, trikiti doinu artean.

Hamabiak aldera heldu dira Areatzara eta ordurako jende andana zeukaten zain, ekitaldi laburra bai, baina polita eta hunkigarria izan ohi delako. Xabi Aburruzagak haientzako espreski egindako abestiarekin hartu dituzte eta haren erritmoan dantzan aritu dira txupinera zein harrera egitera gerturatu diren herritarrak. Txupinera bakoitzak bere txupina bota du; pospoloarekin piztu dute batzuek, zigarroarekin besteek, nor bere estiloan, eta hiru traka bota dituzte txalo artean.

Bilboko Konpartsek prestatutako hamaiketakoaren bueltan hala moduzko atsedenalditxoa hartu dute, batzuek eta besteek argazkiak eskatzen zizkieten bitartean. Txupinera guzti guztiak ez, baina ia denak izan dira bertan, haien egunaz gozatzen.

Kalejirarekin jarraitu dute gero, Pinpilipauxan antolatuta daukaten bazkarira bidean. Izan ere, bertan bazkalduko dute elkarrekin, aurreko urteko txupineraren konpartsan bazkaltzeko ohiturari jarraituz.

Ikurriñari omenaldia

Txupinerez gain, ikurriñari egin diote konpartsek beste omenaldia, nahiz eta aurten euskal ikurrak protagonismoa partekatu duen Palestinako banderarekin.

Konpartsa guztietako kideek eramanda, eta Marijaiak, txupinerak eta pregoilariak lagunduta, ikurriña zein palestinarra Arriagara arte heldu dira eta, hantxe, biak batera altxatu dituzte plazako hagan, konpartsakide batzuek aurreskua dantzatzen zuten aldi berean.

Konpartsek ikurriñari omenaldia ospatu dute ostegun honetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)