Olatuek ez zuten lagundu Fijin. Baina baldintzak berberak ziren lehiakide guztientzat eta, azkenean, olatu hoberenak egin zituzten surflariak gailendu ziren, Griffin Colapinto mutilen kategorian eta Erin Brooks neskenean. Gainera, azken honek garaipen historikoa lortu zuen, lehen mailako txapelketa bat irabazten zuen lehen kanadarra izan baitzen.
CT itzuliko bederatzigarren txapelketa zen Fijikoa. Beraz, Final Handirako pasea lortzeko azken aukera zen. Hala ere, emaitzak ikusita, esan daiteke Fijiko txapelketak ez zuela rankinga baldintzatu, ez behintzat mutilen kategorian, rankingeko lehen bost postuetan ez baita aldaketarik izan.
Nesken kategorian ere ez zen aldaketa handirik izan. Lehen lau postuetako lehiakideek haien tokiei eutsi zieten. Aldaketa bakarra bosgarren postuan izan zen; Gabriela Bryan hawaiiarra seigarren postura jaitsi zen eta haren tokia Tatiana Weston-Webb brasildarrak hartu zuen, Final Handirako pasea eskuratuz.
Lehen mailako munduko itzuliari amaiera emango dion Final Handia, azken urteetan bezala, Kalifornian egingo da. Trestleseko urautsi mitikoan lehiatuko dira nesken zein mutilen rankingeko lehen bost lehiakideak, aurtengo WSL titulua irabazteko.
Brooks eta Colapinto
Fijiko Cloudbreak urautsiak munduko ezker luze eta biribilenak eskaintzen ditu, baldintzak onak direnean, baina, munduko urautsi guztiak bezala, ez da beti bere onenean izaten. Txapelketako lehen egunetan bi eta hiru metro arteko olatuak izan ziren, baina haize narrasa izan zen eta lehiakideek zailtasunak izan zituzten, Cloudbreken ohikoak diren tubo luzeak aurkitzeko. Ondorioz, lehiakideek ariketa gehiago egin zituzten tuboak baino. Azken txandetan itsasoak behera egin zuen eta finalak metro bateko olatu azkarretan egin ziren.
Erin Borroks eta Griffin Colapinto nagusitu ziren. Baina, garaipenez harago, izan zen nabarmentzeko beste daturik. Mutilen kategorian, indonesiar bat lehen aldiz CT txapelketa bateko finalera iritsi zen, eta nesken kategorian, ostera, lehen aldiz kanadar bat gailendu zen.
Rio Waida indonesiarrak sekulako txanda egin zuen final erdietan Ethan Ewing australiarraren kontra. Puntuazio altuenetakoak izan ziren txanda izan zen, eta hala ere finalera iristea lortu zuen indonesiarrak. Finalean Colapinto eta Waida izan ziren buruz buru, biak eskuin surflariak; hortaz, olatua bizkarrez kolpatzen zuten bira indartsuekin. Estatubatuarrak olatu luzeagoak egitea lortu zuen eta bera gailendu zen. Dena dela, Waidak inoiz lortutako emaitza hoberena lortu zuen. Nabarmendu behar da CT itzulian, lehen urtea izateko, sekulako maila erakutsi duela indonesiarrak.
Nesken kategorian
Erin Brooksek egin zuenak sekulako meritua dauka; izan ere, 17 urteko kanadarra CS mailan dago, baina gonbidapen wildcard bati esker Fijin lehiatzeko aukera izan zuen. Lehen txandatik azken txandara lehen mailako aurkariekin lehiatu zen, eta, azkenean, garaipena lortu zuen. Ez da batere ohikoa gonbidapen wildcard batekin lehiatzen den surflariak txapelketa irabaztea, ohikoena “hasiberriak” lehen errondetan kaleratzea izaten da.
Finalera iritsi zen beste lehiakidea Tatiana Weston-Webb brasildarra izan zen, hau ere, Brooks bezala, ezker surflaria. Aurpegizko bira indartsuak egin zituen, baina azkenean bigarren postuan geratu zen. Nolanahi ere, finalera iristeak eman zizkion puntuei esker, rankingean bosgarren postura igotzea lortu zuen eta gisa horretan Final Handian lehiatzeko pasea ere lortu zuen. Pozarren zegoen brasildarra, nahiz eta bigarren postuan geratu, bere helburu nagusia bete baitzuen.
Final Handia
Munduko txapela irabazi nahi duen edonork lau helburu bete behar ditu. Lehenik, CT mailan egotea lortu behar du; gero, denboraldi erdian egiten den «mozketa» gainditu behar du; hirugarren helburua rankingeko lehen bost postuetako batean egotea da; eta, azkenik, Final Handian irabaztea. CT mailan 32 mutil eta 16 neska izaten dira. Bosgarren txapelketaren ondoren, lehiakideen kopurua murriztu egiten da (22 mutil eta 15 neska), eta, azkenik, Final Handian soilik bost mutil eta bost neska lehiatzen dira.
Honako hauek dira irailaren 6 eta 14 bitartean Kaliforniako Trestles urautsian egingo den Final Handian izango diren lehiakideak. Nesken rankingeko lehen bost sailkatuak hurrenkera honetan geratu dira: Caitlin Simmers 18 urteko estatubatuarra lehen postuan, bigarren Caroline Marks estatubatuarra, hirugarren Brisa Hennessy Costa Ricakoa, laugarren Molly Picklum australiarra eta bosgarren Tatiana Weston-Webb brasildarra.
Mutilen rankingeko hurrenkera, ostera, honakoa da: John John Florence hawaiiarra lehen postuan, Griffin Colapinto estatubatuarra bigarrenean, Jack Robinson eta Ethan Ewing australiarrak hirugarren eta laugarren postuan, eta bosgarren postuan Italo Ferreira brasildarra.
Garrantzitsua da rankingeko postua, postuaren arabera lehiakideek txanda gehiago edo gutxiago egin beharko baitituzte. Laugarren eta bosgarren postuan diren lehiakideek osatuko dute lehen txanda; irabazten duena bigarren txandara pasatuko da eta rankingeko hirugarren lehiakidearen kontra lehiatuko da. Bigarren txandako garailea rankingean bigarren postuan dagoen surflariaren kontra lehiatuko da, eta, azkenik, hirugarren txandako garailea Final Handira igaroko da, rankingeko buruaren kontra lehiatzeko.
Final Handira iristen diren bi surflariek, alegia, azken errondara iristen direnek, bi bider irabazi beharko dute; hortaz, gehienez hiru bider lehia daitezke.