Igandean ospatu zen pilotako 22 urtez azpiko Munduko txapelketaren irekiera ofiziala Iruñean. Euskal Selekziorik ez da lehiatuko eta beraz, euskal pilotariek Espainia edo Frantzia ordezkatzera behartuta daude. Udara hasieran pilotari multzo batek uko egin zien aukera horri –alegia, elastiko frantsesa edo espainiarrarekin jokatzeari–, honek euren ibilbidean ekar diezazkieken traba eta oztopoak bere eginda.
Euskal Herriko hiriburuzagiko alkate den heinean, Joseba Asironek (EH Bildu) diskurtso bat bota zuen irekiera ekitaldian eta bozgorailu hori probestu zuen euskal selekzioaren aldarria egiteko, Euskal pilotako Nazioarteko Federazioaren (FIPV, gaztelerazko siglak) eta Espainia zein Frantziakoen ordezkarien aurrean. Are gehiago, euskal gizartearen «desio kolektiboa» aintzat hartzeko exijitu zioen nazioarteko erakundeari: «Egunen batean 7 herrialdeak ordezkatuko dituen euskal selekzioa ikusi nahiko genuke askok eta askok. Horregatik, eskua luzatu nahi diot Nazioarteko Euskal Pilotaren Federazioari, aintzat har dezan desio kolektibo hau».
Hala, Asironek bat egin zuen Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak (EHEPSAM) igandean egindako aldarriarekin. Munduko Txapelketaren atarian, jaialdi herrikoi bat egin zen Labrit pilotalekuaren atzealdean dagoen Jito Alai frontoian. Bertan, bakoitzak bere aldetik dituen eskumenak baliatu ditzala eskatu zuten euskal selekzioaren ofizialtasuna egingarri izateko, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia delako».
⚪️ @josebaasiron
— EHBildu Iruñea (@ehbilduirunea) August 25, 2024
Sub22 pilota mundialaren inaugurazio ekitaldian:
«Era honetako nazioarteko lehiaketetan zazpi herrialdeak ordezkatuko dituen euskal selekzioa ikusi nahiko genuke askok eta askok».
Gurea, Euskal Herrikoa! pic.twitter.com/1cnJpaLh79
Politikoei dagokien lehen urrats horretan –ez baita nahikoa–, Asironek bere bozgorailua probestu zuen eta txalo apur batzuk ere jaso zituen bere adierazpenak. «Gure herria, euskaldunon herria hertsiko lotua egon da historikoki pilotarekin. Gure ahozko tradizioan, gure hizkuntzan, gure ohituretan, gure hiri eta eta herrietako arkitekturan, gure imaginarioan, gure musikan, gure aisialdian, gure sozializatzeko moduan eragina izan du pilotak», esan zuen, Labriteko eszenatokian, atzean dantzariak zituela.
Agerikoa den –edo disimulatzea nekeza den– oximoron bat da «Euskal pilotako 22 urtez azpiko Munduko txapelketa» bezala deitua den lehiaketan euskal selekziorik ez egotea.