Abuztuaren 31n amaitu zen Galiziako Pantin hondartzan Europako QS zirkuituko hirugarren txapelketa. Irabazleak Tya Zebrowski tahitiarra eta Afonso Antunes portugaldarra izan ziren. Denboraldia hasi denetik egin den txapelketa garrantzitsuena izan zen, 3.000 puntukoa baitzen, ondorioz, Europako rankingean lehen postura igo dira bi txapeldunak.
Aste guztian zehar metro bateko olatuak izan ziren, baina finaletan olatuen tamainak behera egin zuen,; ez, ordea, lehiakideen mailak. Guztira, 120 mutil eta 64 neska lehiatu ziren Pantinen. Haien artean euskal surflariak ere baziren, baina inork ez zuen lortu azken txandetara iristea.
Europako QS itzulia 2025eko udaberrian amaituko da, eta rankingeko lehen lau neskak eta zazpi mutilak Challenger Series mailara sailkatuko dira. Oraindik, beste pare bat txapelketa falta dira. Hurrengoa Angelun izango da, irailaren 17tik 22ra, eta oso garrantzitsua izango da, 3.000 puntukoa izango baita. Euskal surflariek, Lapurdin irabazten ez badute, oso egoera zaila izango dute hurrengo urtean CS mailara sailkatzeko.
Gazteak indartsu
Nesken kategorian, sei erronda pasa behar izan zituzten Tya Zebrowskik eta Noah Klappek finalera iristeko, eta, hala ere, sasoi betean iritsi ziren. Ingalaterrako Newquay hondartzan egin zen aurtengo denboraldiko lehen txapelketan ere buruz buru izan ziren bi surflariak, eta emaitza berbera izan zen, Zebrowski nagusitu zen. Maila bikaina ari dira erakusten bi lehiakideak, baina deigarriena haien adina da, 13 eta 11 urte baitituzte.
Hiru txapelketatik bi finaletan lehiatu diren bi surflariak nesken QS rankingeko lehen eta bigarren postuan kokatu dira, eta alde nabarmena ateratzen diete gainontzeko lehiakideei. Ondorioz, postu on bat eskuratu nahi duten gainontzeko lehiakideek oso emaitza onak eskuratu beharko dituzte falta diren bi txapelketetan, hurrengo urtean CS mailara igo ahal izateko.
Kontuan hartu behar da denboraldi amaieran lehen lau sailkatuak igotzen direla CS mailara. Francisca Veselko eta Teresa Vonbalot portugaldarrak dira nesken rankingean hirugarren eta laugarren postuan aurkitzen diren lehiakideak.
Euskal ordezkaritzari dagokionez, postu hoberenean aurkitzen den surflaria Annette Gonzalez-Etxabarri da. Hamazazpi urte dituen zumaiarra 8. postuan dago Europako QS rankingean.
Mutilen kategorian, lehiakideen batez besteko adina nesken kategoriakoa baino altuagoa da. Esaterako, Pantinen txapela irabazi zuen Afonso Antunes portugaldarrak 21 urte ditu, eta bigarren postuan geratu zen Jorgan Couzinet frantsesak, ostera, 30 urte ditu. Edonola ere, forma bikaina erakutsi zuten bi surflariek; finalera iristeko, aurrez, beste zortzi txanda gainditu behar izan baitzituzten.
Gauzak honela, bi lehiakide hauek ere QS rankingeko lehen bi postuetan kokatu dira Pantinen eskuratutako emaitza bikainari esker, baina gainontzeko lehiakideei ateratzen dieten aldea, nesken kategorian ez bezala, oso txikia da. Ondorioz, Angelun egingo den txapelketaren ostean rankingeko hurrenkera aldatzeko aukera asko daude.
Denboraldi amaieran rankingeko lehen zazpi mutilak sailkatzen dira CS mailara. Une honetan lehen zazpi postuetan diren lehiakideak hauek dira: Nicolas Paulet eta Luan Nogues frantsesak, hirugarren eta laugarren postuan. Hans Odriozola espainiarra bosgarren postuan, Lukas Skinner ingelesa seigarrenean, eta Charly Quivront frantsesa zazpigarrenean.