Alessandro Ruta

Bilboko TAO, iraileko zorigaiztoko ustekabea

Ikasturte berriak ustekabeak ekarri ohi ditu. Horietako bat, bat-batean lehenago dohainik aparkatzeko tokia zena orain ordaindu beharreko lekua bilakatu izana. Olabeagan gaude eta orain «berdea» da.

Olabeaga «berria», TAOk bere magalean hartua.
Olabeaga «berria», TAOk bere magalean hartua. (A.R.)

Bilbon aparkatzea benetan zaila da, denok dakigu hori. Non ez, gehituko nuke nik. Konexioak nahiko egokiak dira garraio publikoan, eskerrak, baina noizean behin autoa erabili behar da eta horrelakoetan hiriko puntaren batean utzi behar da, TAO edo lurrazpiko aparkalekuen bidez arazoa epe laburrez saihestu nahi ez bada. 

Ez dakit horrelako elkarterik ba ote den, baina ‘Aparkatzaile Anonimoak’ izan liteke izena. Talde honetako kideok orain arte bagenekin non utz zitekeen kotxea ordaindu berrik gabe. Bizpahiru gune daude, oso estrategikoak direnak (ez dizkizuet jakinaraziko, noski), guztiz zentzugabeak diren tokietan...

Tira, horietako bat esango dizuet: Olabeaga. Ni ez naiz inoiz egon, adibidez, Begoñako basilikan, baina hango aldapan, San Mames eta Basurto arteko «irlatxoan», bai, askotan. Eta zergatik? Futbol partidarik ez dagoenean behintzat, eta zorte ona izanez gero, bertan dohainik aparkatzea posible zelako. Bai, zelako eta ez delako, orain Olabeagan ere TAO agertu delako.

Olabeaga «izoztuta»

Autobidean aurrean, San Mames aldean eskumara Basurtorantz, tunela pasa eta azkenik argia. Beti bezala, astelehen honetan Bilbon sartu naiz berriro, oporrak bukatu ondoren, lagun batekin hitzordu bat nuen eta. Bihurgune erdi bat semaforoan, eskuma-ezkerra biribilgunean eta beherantza; tanatorioa nire ezkerrean.

Hamar urte inguru daramatzat autoa hor aparkatzen eta hortik ikusi dut nola aldatu den hiria azken urteotan. Egia esanda, Olabeagan denbora ia gelditu egin da, inork ez du ezer aldatu, dena izoztuta geratu da: EuskoTren eta bere geltoki zaharra, jendea futbolean jokatzen edota skatean ezker-eskubi... San Mamesera tuneltxo baten bidez, beste bat Deusturantz eta azkena berriro aldapa igotzeko.

Homo homini lupus

Aparkalekuak? Horiekin harreman oso sakonak izan ditut betidanik. Lehenengoz, ez dakit aurrenekoa izan ote nintzen, autoa uzteko nire punturik gogokoena beste aldapatxo bat zen; izan ere, biribilgune txiki batean, San Mameseko norabidean, badago oraindik leku oso estu bat, burdinazko parrilla batekin bukatzen dena. Iraganean ez zegoen bertan inolako kartelik eta hor nire kotxe txikia primeran sartzen zen. Beti libre zegoen eta munduko pertsonarik azkarrena sentitzen nintzen.

Bat-batean, ordea, egunen batean norbaitek kartel bat jarri zuen, gorria eta urdina: «Aparkatzea debekatuta». Nire buruari esan nion festa hori bukatua zela baina Olabeagan beste toki batzuk izango zirela, aldapan gora edota tren geltokirantz zegoen tartean, nahiz kale hori zinez estua den...

Zoritxarrez beste egun batean hemen ere agertu zen «Aparkatzea debekatuta» zioen kartel madarikatua. Joko maltzurra zela pentsatzen hasi nintzen, ikusezin baten kontrako borroka, homo homini lupus nonahi...

Athleticek jokatzen ez duenean, Olabeaga beti izan da nire lehendabiziko aukera dohainik aparkatzeko, beraz. Eta astelehen honetan, nola ez, hara jo dut. Euri tanta batzuk, trafiko gutxi arratsaldean, eta nire harridura: «Begira zenbat leku dagoen. Denak oraindik oporretan, ala?». Eta horra hor erantzuna, alaitasunetik etsipenera segundu batez: TAOren makina jarri eta marra berdeak margotu dituzte.

Antzeko egoeran ‘Relatos salvajes’ pelikulan ‘El Bombita’ pertsonajeak izan duen erreakzioa etorri zait gogora, Ricardo Darinek haragitua.

Inozotazunaren galera

Olabeaga aldapan nagoela, aldiz, ez naiz ‘El Bombita’ sentitzen. Esaldi bera hamaika hizkuntzatan bururatu zait: «It's all over, c'est fini, finito, se acabò, Das ist fertig». Bilbo, Bilbo, ezin zenidan ustekabe tristeagorik eman... Autobidearen zubia azpitik pasatu ondoren paisaia betikoa da, oporraldiaren aurretiko berdina.

Albistea irakurria nuen, noski, uztailaren 1etik TAO auzoan indarrean egongo zela, eta bertako biztanleek aspaldi eskatua zutela, «para acabar con la invasión de los coches de fuera del barrio». Eta nik, gizajoa, dohainik aparkatzea eskubidea zelakoan.

Tristurak xuxurlatu zidan belarrira: «Agian beste toki batzuk doakoak dira, oraindik dira for free». Baina ez, alferrik izango litzateke Bilbo zeharkatzea. Hurrengo batean larunbatean edota igandean itzuliko naiz hirira, orduan oraindik dohainik da eta.

Ohiturak aldatzea gogorra bada, inozotasuna galtzea are gogorragoa. Azkenik, egia da, Olabeaga ez da inoiz aldatu. TAO bai.