Donostiako udal ordezkariek elkarretaratzea egin dute Easoko aparkaleakuan izandako sexu erasoa salatzeko ostiral honetan. Erasoa arbuiatu dute eta erasoak «errepikatzeaz nazkatuta» daudela gaineratu. ‘Donostiako udala eraso sexisten aurka’ lelopean bildu dira alderdi guztietako ordezkariak.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du gertatutakoaren berri jakin bezain azkar bildu zirela eta aho batez adostu zutela alderdi guztien arteko adierazpen instituzionala «eraso gertakari berri hau erabat gaitzetsi eta arbuiatzeko». Elkarretaratzean adierazi dute Udalbatza osoaren elkartasuna helarazi diotela erasoa jasandako emakumearen.
«Horrelako portaerak, erasoak, erabat soberan daude hemen eta leku guztietan» egin du aldarri Goiak. Eta jarraian eraso orori aurre egingo dietela gaineratu du: «Oso nazkatuta gaude erasoak behin eta berriz errepikatzeaz, baina gu ez gara nazkatuko arbuiatzeaz, gaitzesteaz eta gure indar guztiekin aurre egiteaz».
Arratsalde partean mugimendu feminista izan da gertatutakoa salatu duena. Eta erasoa jazo zen tokian bertan egin dute, Easo Plazan, 19.00etan.
Amarako mugimendu feministaren deialdiari erantzunez jende ugari bildu gara hirian gertatutako azken sexu erasoa salatzeko.
— Itziar Iturri Arrazola (@Itziar_Iturri) September 6, 2024
Leloak zion bezala: Erasorik ez, ez Amaran ez inon! pic.twitter.com/rX95IQ2WD1
Donostiako Udaltzaingoak ostegun honetan atxilotu zuen Easo plazako parkinean emakume bat erasotu zuen gizonezkoa. Emakumeak kontatutakoaren arabera, erasotu ondoren gizonak ihes egin zuen, eta berak laguntza eskatu zien inguruan zebiltzan poliziei, eta hauek, ospitalera lagundu zioten.
Gizona bere etxean atxilotu zuten eta geroztik ez da datu gehiagorik jakitera eman.