Zuriñe Iglesias Sarasola
Interview
Gorka Aranberri
Urdaibaiko patroia

«Harro nago, garaipen kopurua kontuan hartu gabe»

Bermeok Kontxako Bandera irabaziz gero, «Aita Manuel» lemazaina berdinduko du Aranberrik. Pasaitarra Kontxako Bandera gehien astindu zituen patroia da, bederatzi guztira. Zarauztarrak esan du irabaztea gutxiren eskuetan dagoela: «Pribilegiatu bat naiz».

Gorka Aranberri.
Gorka Aranberri. (Jagoba Manterola FOKU)

Arraun munduak zerbaitetan bat egiten badu, da Gorka Aranberri (1987, Zarautz) Kantauriar itsasoko patroi onenetarikoa dela, onena ez bada. Gaur Kontxako Bandera irabazten badu, bederatzigarrena luke, eta, hala, Manuel Arrillaga “Aita Manuel” lemazain pasaitarra berdinduko du, Kontxako Bandera gehien astindu zituen patroia. Zarauztarrak nabarmendu du «Kontxa bat gehiagorekin edo lau gutxiagorekin» egindakoa hor geratuko dela. 2017an Oriorekin lortutako Kontxa da bereziena, «bai lortu zuten eragatik, baita gainditu zituzten aurkariengatik ere». Aranberri «kasualitatez» hasi zen arraunean. Familian berak zabaldu du bidea, aurretik ez baitu inor arraunean aritu denik. Elkarrizketa hau Kontxako Bandera jokatu aurretik egin zitzaion.

Nola hasi zinen arraunean?

Kasualitatez hasi nintzen. Etxean beti ikusten genituen Kontxako Banderak edo Zarauzko estropadak. Nahiz eta gurasoekin beti etortzen ginen hondartzara edo kai-muturrera estropadak ikustera, inoiz ez nuen pentsatuko arraunean hasiko nintzenik, eta gutxiago ibilbide hau egingo nuela. Lagunartean suertatu zen batel bat ateratzeko aukera 12 urte genituela, eta klaseko bostek izena eman genuen. Horiek ibili ginen jubeniletara arte.

Eta garaiena baxuena zuena patroi.

Bai, 12 urterekin 40 kilo ez nituen pisatuko. Txikiena eta arinena ni nintzen, eta lotsagabeena agian ere bai [barrez], eta zuzenean patroi.

Familian arraunlari izandakorik baduzu?

Familiako inork ez du arraunean jokatu. Osabaren bat bai ibili da arrantzan, baina arraunean inor ez. Aranberriren belaunaldian nik zabaldu dut bidea. Ez dakit alabek segituko duten; baina bai, ni naiz aurrenekoa.

Kontxako Bandera ikustera joateko ohitura zenutela aipatu duzu.

Ohitura genuen Pasealeku Berritik estropada ikusteko, edo bestela telebistatik. Orain dela urte askotatik ETBn oso ondo ikusten dira, estropadak ondoen hortik ikusten dira. Gero adin gehiagorekin lagunekin, parrandarako aitzakiarekin joaten ginen ikustera.

Arrauna probatu zenuenean, zer moduz?

Sentsazio berezia da. Bateletan hasi ginen, eta ontzi txiki batean, erreka gainean, eta flotatzen, inguruko parajeak beste perspektiba batetik ikustea oso diferentea da. Itsasora ateratzen garenean, guk beti lehorretik kanpora begiratzen dugu, baina kanpotik lehorrera begiratzea ere perspektiba oso polita da, eta harrapatu egiten zaitu.

 

Jagoba Manterola | FOKU

16 urterekin, debuta Zarautzen. 2003an, TKE ligaren lehen aldian. Zer oroitzen duzu urte hartaz?

Orduan sailkapen estropadak Pasaian jokatzen ziren, bi egunetara. Larunbatean lau sailkatzen ziren, eta igandean beste bi. “Mendi” [Joserra Mendizabal] etorri zen urte horretan entrenatzaile Donostiatik, eta talde oso gazte batekin proiektu bat zabaldu zen. Sailkapen estropada horretara joan ginen, larunbatean hamahirugarren amaitu genuen, eta igandean debuta egin nuen. Kasualitatez sailkapen estropadan bigarren egin genuen ehunengatik, eta lortu genuen TKEra igotzeko plaza. Kaos bat izan zen, Zarautz ez zegoelako prestatuta, ez aurrekontuz Galiziara bidaiak egiteko, ez denboraldi oso bat Kantauri itsaso guztian ibiltzeko. Asmoa zen KAE-n parte hartzea, orduan euskal liga zena, eta poliki-poliki indarra hartzen joatea, eta urte batzuetan salto hori ematea, baina ez lehen urtetik. Astelehenean erabaki behar genuen plaza hori hartzea edo ez, eta denok burua amildegitik behera bota genuen. Urte gogorra izan zen, imajinatu aurten Bueu bezala, beti azkenak ibiltzea. Ez da samurra, baina asko ikasi genuen, eta 16 urterekin laino batean bizitzea izan zen.

Azken estropadan jaitsi zineten mailaz.

Patroi aritu nintzen, eta kanporaketa bi egunetara zen. Azken ziabogara arte aurrenak joan ginen, edo plaza mantentzeko postuan. Azkeneko luzean Trintxerpekiko lauzpabost segundoko abantaila genuen kanpoko ziabogan, eta bukaera-bukaeran pasatu egin zigun, eta ehunen gutxirengatik maila galdu genuen. Gaizka Garmendia zen Trintxerpeko patroia. Haiek ziren faboritoak TKEra igotzeko, guk kendu genien lekua, eta amaieran kanporaketetan irabazi egin ziguten.

Nola egiten du 16 urteko mutil batek, 28 urteko gizon bati aginduak emateko?

Pixka bat arraroa da. Baina autoritate puntu hori jarri beharra duzu, entrenatzaileak lagunduta. Arraunlariek ere badakite norekin doazen, eta zertan ari zaren. Beraiek ere 21-22 urteko mutilak ziren asko, beste batzuk gazteagoak ere bai. Talde gaztea ginen, oso lagunak, eta uste dut errespetua beti egon dela. Eta nik nire lana egiten nuenean, agintzen ari nintzenean, kasu egiten zidaten. Momentu gogorrak pasatu ditugu, eskarmentu handiko arraunlariek ahulena bilatzen dutelako, eta hari egiten zielako errieta. Baina uste dut denak balio izan didala bizitza honetan.

2011n joan zinen Bermeora, Jose Manuel Francisco zela entrenatzailea. Maiatzean iritsi zinen, eta irailean lehen Kontxa irabazi zenuen. Oroitzapenik izango duzu, ezta?

2010eko urtea nahiko gogorra izan zen, sufritzeko urtea izan zen, azkena TKEn, gero maila galdu genuen. Abuztuan moto istripu batekin lehorrean egon nintzen, hilabete eta zerbait estropadarik jokatu gabe. Pixka bat gogaituta bukatu nuen, eta atseden pixka bat behar nuen. Eta beste kirol batzuk egiten hasi nintzen. Korrika pixka bat, gimnasioan eta horrela. Maiatzean asko espero gabe, Bermeoren deia jaso nuen, eta itsu-itsuan joan nintzen. Trainerilletako denboraldian hasi nintzen. Ligan ez genuen distira handirik egin harrobikoen kontuengatik, ni bertakoa ez nintzenez, eta Lur [Uribarren, patroia] bai. Taldearen maila pixka bat jaisten zen arren, bandera bat irabazi nuen, eta Euskadiko Txapelketa. Eta gero Kontxa.

Nola bizitu zenuen aurrenekoa?

Sekulakoa izan zen. Lehenengo igandean itsaso oso txarra izan genuen, eta orduan faboritoa zen beste talde batekin atera ginen, Kaikurekin. Itsaso txarrean 33 segundoko aldea atera genion. Bigarren txandakoek are eta itsaso txarragoa izan zuten, eta horiek 2 minutura geratu ziren. Kaiku eta gure artean geratu zen estropada. Urduritasunagatik, inoizko asterik txarrena pasatu nuen. Esaten genuen: «Puf, agian gainditu egingo gaituzte». Aukerak beti daude, baina esperientzia faltaren eraginez, aste osoa oso urduri egon nintzen. Gogoratzen naiz bezperan ere ez nuela batere lorik egin. Gero, bizipen oso politak. Gainera, bigarren igandean 24 segundorengatik irabazi genuen eta nagusitasunez menderatu genituen. Baina aurrenekoa izate horrekin, galtzeko beldur horrekin, gaizki pasatu nuen.

Arrapalan aurrenekoz egotea...

Momentu horretan ez nintzen oso kontziente izan zer gertatu zen. Murgiltzen zara festa batean, eta azkenean horrek duen balioaz uste dut gerora konturatu naizela. Lehenengo Kontxa irabaztea, Zarauzko taldetik aterata, eta puntako talde batera joan, eta lehenengo urtean Kontxa irabaztea... Uste dut balioa geroxeago eman diodala. Momentu horretan gaztea bainintzen, eta gaztea beti eroa izaten da...

Parrandan pentsatzen?

Dudarik gabe.

Lehenengoa irabazten duzunean, «datorren urtean berriro irabaziko banu» esaldia duzu buruan?

Beti pentsatzen duzu horrela. Behin irabazi baldin baduzu, zergatik ez duzu datorren urtean irabaziko? Azken urteetan beti egin dut berdina: onena eman. Eta ni ondo baldin banago, emaitzak etorriko dira, eta ez baldin badira etortzen, segi. Lehen esan dizut mikrofonoetatik kanpo, ez dela behartuta sentitu behar irabazteko. Irabazi behar baldin baduzu, irabaziko duzu, eta ez baduzu irabazten, beste bat hobea izan delako da. Zorionak eman, eta kito.

Gorka Rubio | FOKU

Irabaztea gutxiren eskuetan dago.

Bai, normalena ez irabaztea da. Zuk pentsatu zenbat arraunlari pasatu diren Kontxa jokatu dutenak, eta ez dutenak ere bai. Beste batzuk, berriz, sailkatu direnak eta agian ohorezko txanda jokatu ez dutenak, eta beste batzuk irabazi ez dutenak. Gehiengoa izango dira. Pribilegiatu bat sentitzen naiz azken urteetan lortu dudanarekin. Eta aurtengo Kontxa irabazi behar baldin bada, irabaziko da, eta bestela ez da ezer gertatzen.

Bigarrena hiru urte geroago, 2014an, Jon Salsamendirekin batera. Eta jarraian beste hiru irabazi zenituzten batera.

Urdaibairentzat oso urte gogorra izan zen 2014koa. Liga 95 puntu azpitik hasi genuen, eta jada motxila horrekin bizkarrean, Kontxan erakutsi zuen taldeak zein amorru zuen, eta uste dut entrenatzaileak urte guztian amorrua kanalizatu zuela estropada horretarako, ligan ez genuelako aukerarik, eta hor ikusi zen. Bi igandetako denborak batuta errekorra jarri genuen: 19:01 eta 19:02. Sekulakoa da.

2017an Oriorekin lortutakoa da bereziena?

Bai, ez dizut gezurrik esango. Orio arraunaren herri bat da, arrauna bizi egiten da, eta hezi ere egiten ditu bertako umeak arraunaren bueltan. Bertan sortzen den mundua ez da beste inon bizitzen. Ni egon naizen beste herrietan, behintzat, ez da bizi izan. Berezia izan zen lortu zen eragatik, eta menderatu genituen aurkariengatik. Bi ontzi gainditu genituen, lehenengo igandean errekorrak egin zituztenak, errekorra gainditu zutenak 19 minututik jaitsita. Ez ginen onenak, baina Kontxa horretan azkarrenak izan ginen.

Olatuen artean distira egin zenuen.

Oriora etorri ginen urtean kilometro asko bota genituen itsasoan, eta entrenatzen genuen aldiro gero eta hobeto ari ginen. Taldea konfiantza hartzen joan zen, eta itsasoan moldatzen zen ur bareetan bezala, oso-oso ondo. Meritu handia izan genuen. Urdaibai bezalako talde bat laugarren kaletik joan zen, eta gu bigarrenetik kanpoan. Haien pare joatea... Uste dut estropada zati handi bat hor irabazi genuela. Gero, azken bi minutura arte ez zen erabaki, baina beraiekin ailegatu izana hara, horrek du meriturik handiena.

Badago irudi bat: zu arrapalan, oriotar guztiek besoetan altxatuta.

10 urte ziren Oriok ez zuela Kontxarik irabazten. 2007tik Kontxa irabazi gabe. Azken urteak ere ligan distira handirik egin gabe. Eta hor egon zen aldaketa handi hori: entrenatzaile aldaketa, patroi aldaketa, arraunlari askoren aldaketa. Zerbait berezia izan zen Orioko herriarentzat, eta ikusten zen zer gose eta zer egarri zuen Kontxarekin. Hori leherketa bat izan zen.

Hurrena 2021ean Santurtzirekin, Iker Zabalarekin. Hondarribiari 48 ehuneneko aldea atera zenioten.

Irabazteko aukera askorekin joan ginen, baina lehenengo igandeak uste dut kalte egin zigula bigarren txandan ateratzeak, eta Hondarribiak egin zuen irteera hutsagatik, hiru segundoko zigorra jaso zuela, horrek salbatu gintuen bandera irabazteko. Baina bestela uste dut lehenengo igandean jada aukera gabe geratuko ginela. Bi ontzi horiek denboraldi guztian erakutsi zuten bezala, oso-oso pareko zeuden indarrak eta zaila zen hiru-lau segundotik gorako aldeak ateratzea, ez bazegoen itsaso zaila, eta ez zen egon. Oso estua. Eta egun horretan ere azken bi minutura arte ez zen erabaki, badia barruan erabaki zen bigarren jardunaldian.

Azken 11 urteetan bi patroik irabazi duzue Kontxa: Joseba Amunarriz Hondarribiko patroiak eta zuk. Ez da kasualitatea.

Ez, azkenean Hondarribia eta Bermeo dira hasieratik TKE ligan dauden bi talde. Bandera gehien irabazi dituzten bi talde. Hondarribian bera ibili da patroi urte hauetan guztietan, eta Bermeon ni aritu naiz patroi urte gehienetan. Ez dira kasualitateak. Puntako bi talde izan dira, bai Hondarribia, bai Bermeo. Urte batzuetan beraiek izan dituzte aukera gehiago, beste batzuetan guk. Uste dut Kontxa irabazten duela urte osoan maila onena eman duenak, eta kasualitaterik ez da egoten.

Azken biak, Urdaibairekin. Nahiko nagusi izan zarete.

2022koa izan zen uste baino errazago irabazi genuen Kontxa bat. Urte horretan ere Hondarribia ligan gu baino gehiago zen, baina Getarian izan zen ligako beraien istripu horrekin, kolpea hartu zuten, gu hazi egin ginen, eta maila berdindu egin zen. Uste dut haiek puntu bat gorago zeudela, baina egun horretatik aurrera inflexio puntu bat gertatu zen. Kontxara konfiantzaz iritsi ginen, eta erakutsi genuen nagusi izan ginela.

Aurten irabazten baduzue, «Aita Manuel» berdinduko duzu.

Dauden datuak dira, eta hortxe nago. Ez naiz datuei begira egoten. Oraintxe bertan ligan zentratuta nago, eta ez naiz pentsatzen jartzen. Lehenengo Kontxarekin gertatu zitzaidan bezala, hau dena pasatu ondoren eta pixka bat arraunetik aldentzen naizenean, eta konturatzen naizenean zer ibilbide egin dudan, orduan emango diot balioa, orduan konturatuko naiz zer egin dudan arraun munduan. Kontxa bat gehiagorekin, bi gehiagorekin edo lau gutxiagorekin, egindakoa hor geratuko da. Harro egoteko modukoa da egiten ari naizen ibilbidea, garaipen kopurua kontuan hartu gabe. Azken urte hauetan ikasi dut bideaz disfrutatzen, eta horretan ari naiz. Entrenamenduetara gustura joaten naiz, estropadetara ere bai. Orain taldeari ematen diodanak asko betetzen nau, taldea konfiantzarekin ikusten dudalako nirekin. Gehien balio duena hori da.

Konfiantza garrantzitsua da?

Bai, patroiak arraunlariekiko; eta zer esanik ez, arraunlariek patroiarekiko. Talde lan bat da, eta talde lan horretako hamalau engranaje horietako bat huts egiten hasten bada, nabaritu egiten da. Agian ezkutuan pasatuko da baten bat, baina ez. Konfiantzak asko egiten du, entzunda dut «un equipo es un estado de ánimo»; eta uste dut hamalauak ez baldin badaude ideia berdinarekin, umore onez eta zentratuta, talde hori herrenka hasten dela, eta ez bada zuzentzen, bola handitu egiten da. Bermeon zerbaitetan ez badugu huts egin azken hiru urte hauetan horretan izan da. Giro oso ona egon da. Denok ideia berdinarekin bat egiten dugu. Entrenatzaileak horretan sekulako lana egin du eta horrek du meritua.

Jagoba Manterola | FOKU

Patroiak ikasi egiten du itsasoan maneiatzen edo berezkotik ere badu?

Uste dut ikasi egiten dela. Atzera begira jartzen banaiz, uretan hasi nintzen egunetik zenbat minutu, ordu edo egun pasatu ditudan olatuetan, azkenean ingurumen horretara ohitu egiten zara. Eskarmentua lortzen ari zaren bezala, ikasi egiten duzu olatu tankera honekin zer gertatzen zaion ontziari. Oso teknikoa bihurtzen da. Arrauna inoiz ez dut bizitu, hondartzan surfeko oholarekin olatuak hartzen eta ibili naiz, baina oso desberdina da. Berezkoa zerbait eduki beharko da, izaera uste dut, baina bestela ikasi egiten da. Ikasteko irakasle onak behar dituzu, talde ona behar duzu ondo ikasteko, eta norberak ere gogoa jarri behar du. Eta aukerak aprobetxatu.

Nolako izaera duzu?

Aldatzen joan zait. Gaztea nintzenean askoz ere eroagoa nintzen, gauzak oso muturrera bizitzen nituen. Irabazten nuenean oso goitik eta galtzen nuenean oso behetik egoten nintzen. Etxera joan eta gelako atea ixten nuen. Eskertzen da adinak ematen dizun egoten jakite hori. Garaipenak beste lasaitasun batekin ospatzen dituzu, eta galtzen duzunean ez da munduaren akabera, ez zara munduko txarrena. Irabazten baldin badakizu, berriz aukera izango duzu irabazteko. Eta galtzen baduzu, ez zara munduko txarrena eta ez zara beti galtzen ibiliko. Buelta ematen jakin behar da. Izaeraz, bai, ikasi dut gauzak lasaiago hartzen.

Arraunak denbora asko eskatzen dizu, eta pentsatzen dut familiaren babesik gabe ezinezkoa izango litzatekeela.

Bai, azkenean hori ez dakit noren esana den, baina baita ere entzundakoa dut kirolari on baten atzean, bikote edo laguntzaile oso on bat dagoela, eta nik onena dut. Etxean hiru ume, bere lana aparte, etxeko erritmo dena berak eramatea oso zaila da. Etxetik kanpo pasatzen ditudan ordu hauetan guztietan bera dago etxean; eta hala izango ez balitz, nik etxean egon beharko nuke laguntzen. Berari esker ez balitz, ezingo nuke... Agian hemen inguruan bai, baina Bermeon ez. Eta uste dut oraintxe bertan, kirol mailari dagokionez behintzat, Bermeo dela dudan aukerarik onena, eta han nago hari esker.

Zuk gozatzen duzula ikusita, errazagoa izango da.

Bai, azkenean alabek ni gustura ikusita, emazteak ni gustura ikusita, beraiek ere gozatu egiten dute. Ikusten dute aita hor dabilela, telebistan ikusten didate. Txikienak urtebete du, eta jada zerbait sentitzen hasi da, edo ezagutzen hasi da, behintzat, eta polita da. Aita kirolean ikusten dute, aste barruan entrenatzen ere ikusten dute. Ni ere saiatzen naiz heziketa ematen. Irabaztea ondo dago, baina irabazi aurretik lana egin beharra dago, eta entrenatu egin behar da. Balore horiek txikitatik jasotzea garrantzitsua da, eta ondo dago.