Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Naiara Irigoyen nafarra, munduko txapelduna kilometro bertikalean

Atzo, ostiralean, Sorian hasi ziren Skyrunning-eko Munduko Txapelketak hiru modalitatetan. 28 urteko burlatarrak adierazi du garaipen handi hori oraindik ez duela asimilatu.

Naiara Irigoyen artxiboko irudi batean; atzo, Sorian, munduko txapelduna bihurtu zen.
Naiara Irigoyen artxiboko irudi batean; atzo, Sorian, munduko txapelduna bihurtu zen. (Igor Quijano | Salomon)

Soriako Desafio Urbion-ek Skyrunning-eko Munduko Txapelketak jaso ditu. Egoitza horrek atzo, ostiralean, ateak zabaldu zituen. Ohi den bezala, hiru modalitate jokatzen dira: kilometro bertikala, sky eta ultra. Eta lehenbizikoan korrikalari nafar batek erabateko protagonismoa izan du. Naiara Irigoyeni buruz ari gara. 28 urteko burlatarrak beste behin erakutsi du kilometro bertikalean espezialista handia dela. Soriako lasterketan faborito nagusietako bat zen, eta atzoko hitzorduan ez zuen hutsik egin. Hots, garaipen handia lortu du.

Gogora dezagun iaz Europako Txapelketa irabazi zuela, eta aurten, adibidez, Euskal Herrian bi garaipenekin egin da: Zegamako eta Txindokiko kilometro bertikalak. Hortaz, Munduko txapelketa lehentasunen artean zuen bere curriculuma loditzeko.

Alabaina, atzoko lasterketa jokatu aurretik nafarrak zalantza batzuk zituen. Zegamako hitzorduaren ostean, hezurretan edema bat izan zuen. Soriara joan aurretik onartu zuen osatuta eta sasoiko zegoela, baina hitzordu garrantzitsu horretara ez zela une onenean iritsiko. Baina irakurtzen den bezala, egoera irauli eta nazioarteko beste titulu batekin egin da.

Nagusitasuna

Lasterketari dagokionez, antolatzaileek 4.8 kilometro eta 1.050 metroko desnibela dituen ibilbidea prestatu zuten. Baldintzak ez ziren egokienak; izan ere, lainoa, haizea eta euria protagonistak izan ziren.

Moncayoko mendilerroan jokatu zen lehia horrek Aldehuela de Agreda eta Peña Negrilla lotu zituen. Hain zuzen ere, Irigoyenek bikain ezagutzen duen ibilbidea. Hasiera-hasieratik, nafarrak gogor borrokatu behar izan zuen. Ez zegoen argi nork hartuko zuen tropelaren burua, baina sekzio teknikoenean Irigoyenek erakutsi zuen oso trebea dela eta taldetik ihes egin zuen.

Helmuga edo gailurra 50:08 denborarekin zeharkatu zuen. Bigarren sailkatuari, Paola Satampatoni suitzarrari, 19 segundoko aldea atera zion. Benedetta Brogg italiarra hirugarren postuan sailkatu zen 50:43 denborarekin.

Lehia bukatu bezain pronto, Burlatako lasterkariak adierazi zuen aukerak ondo aprobetxatu zituela: «Lesioarengatik uda gogorra izan dut. Ibilbidearen lehen herena korrika egiteko oso aproposa da, eta indarrak neurtzen joan naiz. Baina pagadia eta sekzio teknikoa heldu direnean, egoera aldatu da. Eremu horietan askoz erosoago jarduten dut. Erritmoa bizkortu eta lehiakideak pixkaka atzean uzten joan naiz».

Jakina, korrikalari nafarra pozarren zegoen erdietsitako arrakastarekin. Eta onartu du zaila egiten zaiola garaipen hori barneratzea: «Munduko Txapelduna naizela? Oraindik ez du sinisten. Titulu gorena denez, denok eskuratu nahi dugu. Eta modalitate honetan eskuratzea niretzat dena da; izan ere, nire benetako disziplina da. Gainera, oso ondo ezagutzen dudan alderdi batean irabazi dut eta nire senitartekoak ondoan nituela. Oso harro nago, eta garaipen hau pixkaka asimilatzen joan behar dut».