NAIZ

EHUko irekiera ekitaldia, hauteskundeei begira eta bi protesta tarteko

Ikasturtearen irekiera ekitaldia egin dute ostegun honetan EHUn, Imanol Pradales lehendakaria bertan zela. Eva Ferreirak hartu du hitza, hauteskundeak deitzeko bezperetan, azarorako aurreikusten baitira. Ikasle batzuek protesta egin dute barruan, eta sindikatuek, kanpoan.

Eva Ferreira eta Imanol Pradales, ekitaldian parte hartu duten beste zenbait katedradunekin.
Eva Ferreira eta Imanol Pradales, ekitaldian parte hartu duten beste zenbait katedradunekin. (Raul Bogajo | Foku)

Jada abian den ikasturtea berezia izango da EHUn, errektorea hautatzeko lehia laster hasiko dela, azaroan egingo bada. Orain arte egindako lana goraipatu du Eva Ferreirak, duda izpirik gabe. «Bikain bat edo beste ere atera dugu», aipatu du ostegun honetako ekitaldian, zenbait agintariren eta unibertsitateko kideren aurrean.

Imanol Pradales lehendakariak hartu du hitza ekitaldian berarekin batera. «Europaren abangoardian» egoteko «asmo handiko politika zientifiko eta unibertsitarioa» bultzatzeko beharra defendatu du. Herrialde aurreratuenek «sistema unibertsitario eta zientifiko aurreratuenak» dituztela nabarmendu du, Estatu Batuak, Britainia Handia, frantziar Estatua, Kanada, Japonia edo Suitza aipatuz.

Pradalesek adierazi duenez, ezagutzak jende «askeagoa» sortzen du, eta «tresnak ematen ditu objektiboagoak eta independenteagoak izateko». Gaineratu duenez, «aldaketak eta ziurgabetasuna, populismoen gorakada, egia-ostea, demagogia edo korronte autoritarioak» nagusi diren garai hauetan, ezagutzak «funtsezko papera» du.

Aldez aurretik, Eva Ferreira errektoreak hartu du hitza, harrotasunez. Unibertsitatearei nota jarri beharko balitzaio, «batez besteko kalifikazio oso ona» izango lukeela eta «bikain bat edo beste ere bai», ziuratu du.

Errektorearen hitzetan, «lorpen asko» izan dira, eta EHU «dagoeneko itsaso zabalean dagoen itsasontzia da», baina «norabide onean» dela ziurtatu beharra dago oraindik ere. Horretarako, «jauzi kualitatibo» baten alde egin du, eta «azpiegiturak eta baliabideak» behar direla aipatu.

Shanghaiko rankingean EHUk izan duen sailkapena hobetu egin dela gogorarazi ondoren, eta dagoeneko munduko 400 onenen artean dagoela nabarmenduta, «haztea oso zaila» izango dela argi utzi du. Honela, ikerketan duen posizioari eustea jarri du helburu gisa.

Ekitaldian Aitor Zurimendi idazkari nagusiak ere parte hartu du, eta aurreko ikasturtean Unibertsitateak egindako jardueraren memoria irakurri du. Bertan, 46.600 ikasle baino gehiago igaro ziren ikasgeletatik.

Protestak barruan eta kalean

Ferreirak bideo bati bidea ematen zionean, hitzaldia eten egin dute Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) kolektiboko hiru ikaslek, eszenatokira igoz eta «matrikula merkeagoak eta beka hobeak» aldarrikatuz. Une batez bertaratutakoei hitz egin ondoren, agertokitik jaitsi eta Areto Nagusitik atera dira. Gela horren kanpoaldean identifikatu dituzte.

Kalean, bestalde, elkarretaratzea egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, batera. Errektoretzaren atarian Lakuari zein Lakuako ordezkariei zuzendu zaizkie, erabilitako «hitz politen» aurrean zenbait kezka helaraziz. Galdera hauetan laburbildu dituzte: «Aldaketak egongo dira unibertsitate publikoaren finantziazioan? Aldaketak egongo dira jardunaldi partzialeko ordezko irakasleen lan-baldintzetan? Aldaketak egongo dira TEKAZELen eta IRIen soldatetan?
Aldaketak egongo dira plantilla handitu eta gaztetzeko?».

 

Sindikatuen elkarretaratzea, Errektoretzaren aurrean.


EHUn lan-baldintza duinak eta kalitatea bermatzeko aldarrikapena egin dute, «prekarizazioa eta diskriminaziorik gabeko unibertsitate baten alde». «Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea» defendatu dute, «parte-hartzailea, irekia, dinamikoa» eta «nahikoa baliabide daukana».