Agian halako txapelketa luze batek behar duen jarraikortasunik gabe, baina uda nolabait ardaztu duen Caixabank Mastersa heldu da bere unerik erabakigarrienera, nahiz eta datorren astean beste eten luze bat izango duen sanmateotako torneoa dela eta. Zazpi jardunaldietako ligaxkaren ondoren Peio Etxeberria-Mariezkurrenak eta Altuna-Iztuetak zuzenean lortu zuten Nafarroa Arenako finalerdietarako txartela sailkapeneko lehen bi postuak lortuta, baina hirugarrenetik seigarrenera sailkatutakoek, aldiz, beste garaipen bat beharko dute urriaren hasieran jokatuko den azken fasera sailkatzeko.
Eurena ematerik izan ez duten Ezkurdia-Albisu salbu, sailkapenaren azpiko aldea oso berdindua joan da azken egunera arte eta azkenerako torneo oraindik berri hau irabaztea zer den dakien bikote bat, Artola-Rezusta, geratu zen aurrera egin ezinik sakandarra eta goierritarrarekin batera.
Laso-Tolosa, nahiz eta ostiral honetan ere Arangurenek hartuko duen eskuin eskumuturrean min duen anoetarraren lekua, izan ziren lehen ligaxka, lau garaipenekin, hirugarren postuan amaitu zuten bikotea eta hori dela eta seigarren amaitu zuten Zabala-Imazen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Azken hauek Etxeberria-Mariezkurrenari irabazteko zorian izan ziren aurreko igandean, baina ez zuten 22ra heltzerik izan eta seigarren postuan amaitu zuten, euren arerioak izango direnek baino garaipen bat gutxiagorekin. Bikote arriskutsua osatzen dute errioxarrak eta oiartzuarrak, batez ere, Logroñokoak aurreko igandean lehen erdian erakutsitako freskotasuna errepikatzen badu. Imaz sekulako sendotasuna erakusten ari da eta nekez joango zaie partida atzeko koadroetan.
Kontua da, ezker eskua funtzionatzen ari zaion eran, Unai Laso ere goraka egiten ari dela azken asteetan eta Arangurenekin oso ondo moldatu da bikotea osatu behar izan dutenetan. Azken bi partidak elkarrekin jokatu dituzte eta bietan 22ra heldu ziren, azkenekoan Jaka-Martija Lekeition jipoituta gainera.
Irregulartasuna Altsasun
Iganderako Altsasun, ziurrenik gora-behera gehien izan duten bi bikoteen arteko dema geratzen zaigu: Jaka-Martija eta Peña-Zabaleta. Biek amaitu dute hiruna punturekin, baina tolosarraren eta etxarrendarraren jarduna erabat baldintzatua egon da atzelariaren arazo fisikoengatik. Sanferminetan min hartuta, Zabaletak azken bi partidak baino ezin izan ditu jokatu eta Aspekoa sasoiko egonda, txapela janzteko faboritoak direla berretsi dute, elkarrekin jokatutako bi partidak irabazita. Peñaren ezker eskua ere eraginkor dabil aspaldian eta edonori irabazteko gai dira.
Jaka-Martija, euren aldetik, ez dira gai izan beraiengandik espero den erregulartasunera heltzeko, jokatutako azken bi partidak lekuko. Aiegin 22-4 irabazi zieten Zabala-Imazi eta bost egun beranduago Laso-Arangureni zortzi tanto baino ez zizkieten egin Lekeition. Gauzak normal, Martijari asko eustea tokatuko zaio bi jotzaileren aurka eta Jakak asko asmatu beharko du izango dituen aukera urrietan.