NAIZ

Albaola «museo herrikoi hoberena» izateko hautagai aukeratu du ‘National Geographic’-ek

«Museo herrikoi hoberena» izendatzeko lehiaketan Albaola Itsas Kultur Faktoria hautatu du ‘National Geographic’ aldizkariak. «Zorroztasun zientifikoa, benetakotasuna eta kalitatea oinarri dituen kontakizun historikoa» eskaintzen duela nabarmentzen du.

Pasaiako Albaolan ikus daitekeen euskal baleazaleen erreplika.
Pasaiako Albaolan ikus daitekeen euskal baleazaleen erreplika. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘National Geographic’ aldizkariak Albaola Itsas Kultur Faktoria izendatu du ‘+Historia’ sarien hautagai moduan. Sari honek kultura eta ondarea sustatzeko eta zabaltzeko egiten duen lana saritzen du. Albaola izendatu dute «zorroztasun zientifikoa, benetakotasuna eta kalitatea oinarri dituen kontakizun historikoa» eskaintzen duelako, «bisitarien aurrean ondare-balioa duten zurezko ontziak eraikiz eta zaharberrituz».

Saria sailkatzen den sei kategorien artean, Albaola «museo herrikoi hoberena» izateko hautagaia da. Proposamenaren originaltasuna eta ohiz kanpoko ekimen bat bideratzeko prozesua baloratzen ditu sariak.

San Juan baleontziaren eraikuntza goraipatzeaz gain, aldizkariaren arduradunek Faktoriaren eredu berritzailea azpimarratu dute: «Sortu zenetik, toki hau itsas ondarearen erreferente bihurtu da nazioarteko panoraman, eta bere lan ereduak itsas ondarearen kudeaketa eta sozializazioa erabat irauli ditu».

Aldizkariaren arreta

‘National Geographic’, nazioartean ospe handia duen komunikabidea izateaz gain, Albaolaren historian erakunde garrantzitsua da. 1985ean San Juan baleontziaren historia munduari ezagutarazi zion aldizkaria da. ‘16th Century Basque Whaling in America’, zioen azalak irudi batez lagunduta. Bertan, Parks Canadako urpeko arkeologia taldeko kide batek 1565ean Red Bay-n hondoratutako San Juan ontziaren barenga bati eusten zion. Xabier Agotek itsasontziaz lehen aldiz entzun zuenean, berehala jakin zuela aparteko istorio baten aurrean zegoela kontatzen du: «Hariari tiraka jarraitu behar zen euskal baleazaleen eta gizateriaren historia eraikitzen jarraitzeko».

Besteak beste, 2018an eginiko erreportai zabala azpimarratzen dute Albaolako kideek: ‘A bordo de un sueño". Barrualdean, Fernando G. Baptista aldizkariko ilustratzaileak, ‘National Geographic’-eko Washington DC-ko egoitzako infografia editore buruak, sortutako euskal baleazaleen historia irudikatzen duten ilustrazioen hamar orrialdeko zabalgarri bat, eta Emma Lira, kazetari eta idazleak idatzitako hamalau orrialdeko artikulu bat. Bere esperientzia eta sentsazioak ipuin hunkigarri gisa deskribatzen ditu Lirak: «Pasaiako (Gipuzkoa) industria nabe batean, San Juan baleontzia berreraikuntza historiko zorrotz bati esker berpizten ari dira».

2020an, ‘Viajes National Geographic’ aldizkariak ‘Albaola, el astillero que está recuperando la memoria de los balleneros vascos’ erreportaia argitaratu zuen, Albaolaren proiektua irakurleei ezagutaraziz eta planetako beste txokorik apartekoenekin batera kokatuz. Urte batzuk geroago, aldizkariaren 25. urteurrenaren harira, Estatu espainolean argitaratutako ale berezian, mende laurden horretan argitaratutako 25 istorio zirraragarrienetako bat izateko aukeratu zuten Albaolari buruzko artikulua. Orain, berriro ere, San Juan baleontzia, Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin batera, protagonista dira ‘National Geographic’-en.

Sari ugari

Izendapen horrekin batera, urte hauetan Albaolaren lana eta itsas kultur ondarea berreskuratzeko eta sozializatzeko eredua saritu dituzten hainbatetan. 2015ean, ontziola museoa ireki eta urtebetera, Unescok babesa eman zion San Juan baleontziaren eraikuntzari.

2018an, Lakuako Gobernuko Turismo, Kontsumo eta Merkataritza Sailak ‘Turismo Jasangarria Award’ saria eman zion, ekimen arduratsu eta jasangarriak gauzatu zituelako bere eragin eremuko gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko jardueren bidez.

Albaola Itsas Kultur Faktoriaren irekieraren bosgarren urteurrenean, 2019an, Lakuako Gobernuak «interes publikoko elkarte» gisa aitortu zuen, bere jarduerak «eskuzabaltasun, altruismo, elkartasun eta aniztasun balioekin garatuz interes orokorra sustatzen laguntzeagatik».

Aurten bertan, 2024an, ‘Pergamino Saria’ jaso du Asturiesen, Asociacion Amigos del Museo de Anclas Philippe Cousteau elkartearen eskutik, eta Nafarroan, ‘Almadia de oro’ saria.

Sarituak aldizkariaren webgunean topatu daitekeen bozketa ireki baten bidez erabakiko dira. Bozkatzeko epea abuztuaren 23an hasi zen, eta 2024ko urriaren 10era arte iraungo du. Botoa baliozkoa izan dadin, ezinbestekoa da kategoria guztietan bozkatzea. Albaolak botoa emateko deialdia egiten du, «gure itsas kultura munduari ezagutarazten jarrai dezaten». Horretarako, Albaola edo ‘National Geographic’-en webguneetan sartu eta botoa eman besterik ez da egin behar.