‘Zumeta’24’ izenburua du atzotik urriaren 17ra arte Bilboko erdigunean kokatutako Henao kaleko Lumbreras galeria beteranoan zabalik egongo den erakusketak. Izen honek badu bere zera, orain lau urte zendu zen artista baten lan ezezagunak eta, beraz, ikusleentzat ‘berriak’ direnak, erakutsi eta salgai jarri direlako. 2006 eta 2019 bitartean Zumetak margotutako 11 olio mihise, gehi hainbat tenpera eta olio lan paperean, eta serigrafia handi bat erosteko edo ikusteko aukera dago prezio desberdinetan; marrazkiak 3.000 eurotik gorakoak dira.
Handiak, ikusgarriak dira, gero, galeriaren goiko solairuan jarri dituzten olioak; «oso Zumeta» dira. «Nik esango nuke hauetan dagoela benetako Zumeta», esan du artistaren alaba Usoa Zumetak. Koadroaren tamaina, ‘espazioak’ berak, garrantzi berezia zuen artistarentzat lanean hasi aurretik. «Finkoa zuen bakarra formatua zen», esan du alabak.
«Jendeak esaten du Zumeta kolorea dela, baina niretzat batez ere indarra da; orduan lan hauek oso ‘zumetak’ dira, indar handia dutelako», azaldu du Usoa Zumetak.
Lumbrerasek bere galeriaren bi solairuak eskaini dizkio artista honi eta behekoan lan txikienak topatu ditugu. «Karamelutxoak» dira, alabaren esanetan. Hauen artean, berezi bat: hil baino hilabete batzuk lehenago, Zumetak Argentinan margotu zuen paperaren gaineko tenpera lan bat.
2020. urteko apirilaren 20an, pandemian bete-betean geundenean, hil zen bere Donostiako etxean Jose Luis Zumeta, gerraosteko euskal artista esanguratsuenetariko bat. Gaur taldea sortu zutenetako bat izan zen; Oteizak, Chillidak, Mendiburuk, Basterretxeak, Sistiagak eta Ruiz Balerdik osatutako abangoardia horren parte izan zen, eta figurazio eta abstrakzioaren mugetan sormen unibertso erabat pertsonala eratu zuen.
Heriotza sormen une on batean iritsi zitzaion; lanean, bere bizitzan ohikoa zen bezala, Usoa Zumetak aipatzen duenez. Naturaren koloreez bustia dirudien Argentinako azken koadroari so gaudela, hau esan du: «Guk pasatzen genituen neguak Argentinan, nik oraindik pasatzen ditut, eta aita hasi zen hara olioak eramaten. Baina oso konplikatua zenez, tenperak egiten zituen, eta karpeta batean ekarri. Ni otsailean egon nintzen Argentinan eta gauzak okertzen hasi zirenean esan nion: ‘Aita etorri beharko duzu’, baina geratu egingo zela esan zidan. Handik egun gutxira esan zuen: ‘Ni banoa, zeren hemen ere gaizki dago’. Eta segituan etxera sartu ginen. Orduan aita Argentinan hasitako seriea bukatzen zegoen. Hau da horietako bat bukatuta. Emozionatuta zegoen: ‘Eskatu egidazu materiala, zeren oso ondo nago eta gustura ari naiz’, esan zidan».
Bat-bateko heriotza apirilaren 22an iritsi zitzaion. Bi egun lehenago 82 urte bete zituen. «Udarako hitzartuta zegoen Ziburuko Arte Bideak galerian erakusketa bat. Obra guztia aukeratuta zegoen, eta mantentzea erabaki genuen. Hori izan lehena; gero egin nuen nik beste bat Usurbilgo muralaren 50. urteurrenean, eta hau da gu geuk aukeratutako lanekin egingo den lehenengoa. Eta, gainera, Bilbon: Bilbo izan da aitaren plaza beti, zentzu guztietan: salmenten aldetik, hemen beti oso ondo joan delako, eta berak maite zuelako Bilbo. Hemen bizi izandakoak gara».
Hiriko Arte Ederren Museoarekin aurreikusitako atzera begirako erakusketa handi bat gauzatzeko dagoen bitartean –museoa birmoldatzeko obrek atzeratu dute proiektua–, Zumetaren unibertsoa ‘antolatzeko’ egiten ari den lanaren emaitza da urrira arte Lumbrerasen ikus daitekeena.
Izan ere, Usoak aitaren lana sakon ezagutzen du, estudioa partekatu baitzuten, bera estanpatzailea da eta. Azken urteotan ‘detektibe’ lanak egin behar izan ditu aitaren katalogoa osatze aldera; “pisten” bila beti, aitak, esaterako, ez zuelako datarik jarri bere lanetan.
«Ni pandemian konturatu nintzen: hainbeste bideo eta hainbeste gauza zeuden, eta zenbatek zeukaten atzean aitaren serigrafiaren bat edo bere ‘Gernika’ erreprodukzio hura»
«Hau Zumeta-Zumeta da», azpimarratzen du erakusketari begira Juan Manuel Lumbrerasek. 2019an eskaini zion galeriak azken lagin handia usurbildarrari, lau hamarkadan izan zuten ezagutza eta adiskidetasunaren isla. «Berari gustatuko litzaioke erakusketa hau», bota du.
Tira, dagoeneko ez dagoen artista baten erakusketa bat osatzeak segurtasun falta apur bat sor lezake... edo ez, ondo ezagutuz gero.
Usoa Zumeta: «Nik aurkeztu nizkien bi aukera eta definitzen joan gara. Azkenean, nik uste dut hauek direla aitaren ezaugarriak: batez ere, indarra. Jendeak esaten du Zumeta kolorea dela, baina niretzat batez ere indarra da. Eta, Lumbrerasek dioen bezala, ‘oso zumetak’ dira, indar handia dutelako. Zaila da aukeratzea artista ez dagoenean, zeren gauza da egitea erakusketa bat proiektu kuratorial bat dagoenean, eta beste bat galeria komertzial batean. Artista batek, bizirik dagoenean, azken obra erakutsi nahi du; orduan ez dago zalantzarik. Hemen, garai desberdinetakoak izanik, behar da beraien arteko koherentzia bat bilatu. Baina nik uste dut aita gustura egongo litzatekeela. Aldaketatxoren bat egingo zuen, agian, baina gustura egongo zen».
Artista konprometitua, eskuzabala, herrikoia... eta maitatua izan da Zumeta. Gure iruditerian txertatuta dago. «Ez zen batere divoa, oso gertukoa zen. Ni konturatu nintzen pandemian aita oso maitatua zela –dio alabak–, hainbeste bideo eta hainbeste gauzarekin, ikusita zenbatek zeukan atzean aitaren serigrafiaren bat edo bere ‘Gernika’ lanaren erreprodukzio bat».