NAIZ

Filip Babicz-ek Mattehorn mendiaren lau ertzak 8 ordu baino gutxiagoan lotu ditu

Hilaren lehen egunean, alpinista italiar-poloniarrak Furggen eta Zmutt ertzak igo eta Hörnli eta Lion jaitsi zituen. Ez zuen inolako laguntzarik izan.

Filip Babicz-ek denbora ikaragarria egin du Matterhorn-eko lau ertzen loturan.
Filip Babicz-ek denbora ikaragarria egin du Matterhorn-eko lau ertzen loturan. (@caramelow.sc)

Alpinista zaildua da Filip Babicz. Ibilbide oparoa du, baina batez ere dyr tooling-ean eta abiadura ezartzen duen jardueretan. Azkena, Cervino edo Matterhorn mendian kokatu du. Espezialista handi honek krono izugarria egin du lau ertzak lotuz: 7 ordu, 43 minutu eta 45 segundo. Bi igo eta bi jaitsi, horixe zen bere xede nagusia

Azken urteotan, izaera horretako berriak maiz entzuten ari gara; azkenetarikoa, Kilian Jornetek Alpeetako 82 laumilakoetan egin zuena. Eta onartu behar da zaila dela lortzen diren arrakasta horiek behar bezala neurtzea. Italiar-poloniar honek argi erakutsi du eremu alpinoetan azkar eta oso eraginkor mugitzen dela. Hiru adibide aipatuko ditugu: Grand Capucin 49 minutuan (2022), Piz Badileko iparraldeko ertza 43 minutuan (2021) eta Mont Blanc-eko Peuterey-ko Integralissima 17 orduan (2020).

Alpinistaren azken jarduerak ez du «misterio» handirik. Matterhorn-eko italiar isuritik irten zen; hain zuzen ere, Oriondé
aterpetik (2.902 m). Furggen ertzara abiatu zen, Diretta degli Strapiombi jarraitu eta ordu eta 38 minutuan lehen aldiz gailurrean (4.478 m) zen.

Bigarren «etapa» Hörnli jaistea zen, eta hori lortzeko soilik 40 minutu behar izan zituen. Aterpean (3.260 m) atseden pixka bat hartu zuen. Hurrengo sekzioa ez zen batere atsegina. Iparraldeko isurian dagoen Zmutt-era joan behar zen. Zeharkaldia baldintza kaskarretan zegoen: zaila eta arriskutsu. Izan ere, udaran luiziak izan dira. Arreta handiarekin hirugarren ertzaren oinarrira heldu zen: Zmutt-era (3.310 m). 2 ordu eta 18 minutu beranduago, bigarrenez, Matterhorn-eko tontorra zapaldu zuen. Bigarren eta azken jaitsiera Lion-etik egin zuen. 3.579 metrora dagoen lepora 37 minutuan iritsi zen. Abiapuntura itzultzea falta zitzaion. Azken zati hori askoz ere samurragoa da eta arazorik gabe berriro Oriondé aterpera heldu zen.

Oso azkar

Zalantzarik ez dago: Babicz-ek egin duen kronoa estralurtarra da. Ez da lehena izan (eta ziur aski azkena izango) Matterhorn-eko lau ertzen lotura egin duena. Protagonista hau bezala, udaran zein neguan batzuk-batzuk gai izan dira bakarka denbora oso azkarrak egiteko. Horien artean daude: Hervé Barmasse (neguan), Andreas Steindl edo François Cazzanelli.

Bide batez aurreratu behar dugu jarduera guztiak alderatzea zaila dela oso, besteak beste, mendiaren baldintzak ez direlako berdinak izaten. Hots, etengabe aldatzen dira. Baina horrek ez dio Babicz-en denborari inolako meriturik kentzen. Hortaz gain, esan behar dugu alpinista horrek filosofia oso garbia eraman duela aurrera. Beste era batera esanda, etikari eta estiloari garrantzia ematen die. Ia zortzi orduko jarduera horretan ez zuen kanpoko laguntzarik izan eta aldez aurretik ez zuen biltegirik utzi mendian. Tresneria aldaketa bakarra eta jateko kontuak mendiaren oinarrian egin zituen, hots, lehenbiziko eta bigarren igoeren artean.

Matterhorn-eko lau ertzen lotura bukatu bezain laster, Babicz pozarren zegoen lortutako denborarekin: «Arrakasta berri bat lortu dut. Nire irudimena gainditu dut ere!».

Alpinista honek baieztatu du ere, mendiak duen estetikak jarduera azkar horretara bultzatu zuela: «Hori izan zen proiektuaren arrazoi nagusia. Oinarrizko xedea zen ibilbide horri indarra eman behar niola inolako bidezidorrik hartu gabe. Irteera zein helmuga berdinak zirenez, ibilbide handi horrek zortzi zenbakiaren edo infinitoaren irudia hartu du. Formaren perfekzio purua izan da».