Larunbat honetan hasi da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra izan da garaile Urratxuko Labeaga aretoan egin den saioan. Bertsolari honek lortu du, beraz, final-laurdenetara salto egiteko aurreneko txartela.
Ion Zaldua Britek jarritako gaiei ongi erantzunda, 496,5 punturekin gailendu da Urretxun bertsolari hernaniarra, aretoa beteta zegoela txapelketako lehenengo saioari harrera egiteko. Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarrak egin du bigarren, puntu gutxigatik: 489,5. Epaileen erabakiz, atzetik geratu dira, berriz, Jon Gurrutxaga Urbieta azpeitiarra hirugarren (451,5), Mikel Iturrioz Etxaniz urretxuarra (450,5), Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearra (444,5) eta Antton Aizpurua Aldape debatarra (428,5).
Garaipen honi esker, Andoni Rekondo zuzenean sailkatu da azaroaren 3an Tolosan jokatuko den final-laurdenekora.
Igande honetan argituko da, bestalde, nork lortuko duen Tolosako saiorako bigarren txartela, Lasarte-Orian egingo den final-zortzirenetako saioan. Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Aner Peritz, Iñigo Mantzizidor, Manu Goiogana eta Oier Etxeberria izango dira lehian.