NAIZ

EH Bilduren Mahai Politikoak proposatuko du bere Kongresua Iruñean bukatzea, otsailean

Iruñean eta otsailaren bigarren asteburuan amaitzea hirugarren Kongresua proposatzea erabaki du gaur Donostian elkartu den EH Bilduren Mahai Politikoak. Larunbatean Tabakaleran egingo den Konferentzia Politikoan bozkatuko da proposamen hau.

EH Bilduren bigarren kongresuaren amaiera ekitaldioa, Barakaldon 2021ean.
EH Bilduren bigarren kongresuaren amaiera ekitaldioa, Barakaldon 2021ean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Astelehen honetan Donostian elkartu den Mahai Politikoak ontzat eman du larunbat honetan Tabakaleran egingo den Konferentzia Politikoan militantziak bozkatuko duen Kongresu Prozesuaren Araudia. Aipatutako Araudiaren onarpenarekin hasiko da EH Bilduren kongresu prozesua. 2017an bere lehen Kongresua egin zuenetik, EH Bilduren hirugarrena izango da.

Otsailaren 8an Iruñean egingo den batzarrean, EH Bilduren hurrengo Mahai Politikoaren bozketa eta izendapenarekin amaituko da ezkerreko indar subiranistaren hirugarren kongresua.

Larunbat honetan hasi eta otsailaren 8an amaituko den kongresu prozesuan zehar gertatu den guztiaren berri emateko bi bozeramaile izendatzea erabaki du gaur Mahai Politikoak. Unai Urruzuno Politika Instituzionaleko arduraduna eta Miren Zabaleta Nafarroako arduradun politikoa izango dira EH Bilduren hirugarren Kongresuko bozeramaileak.

«Oso termino lasaietan emango den prozesua izango da. Berritzailea izan nahi du. Bare eta lasai izango den prozesua da», adierazi zuen EH Bilduren idazkari nagusi Arnaldo Otegik kongresuaren prozesuaren hasieraren berri eman zuenean joan den astean.

Azken hauteskundetan herritarren sostengu zabala jasotzeak baretasun horren osagaia da Otegiren arabera.