NAIZ

Aldai-Capellanek osatuko dute hilaren 28an Adarragan jokatuko den San Mateotako finala

Astearte honetan Santo Domingo de la Calzadan jokatutako jaialdian Mendizabal-Bilyak bikoteari 22-14 irabazi diete eta, beraz, Zabaleta-Erasunen aurka arituko dira Logroñon.

Mendizabal-Bilyak eta Aldai-Capellan, gaur Errioxan.
Mendizabal-Bilyak eta Aldai-Capellan, gaur Errioxan. (EMAKUME MASTER CUP)

Datorren irailaren 28an, larunbatean, Logroñoko Adarragan jokatuko den San Mateo torneoko finalak ezagutzen ditu dagoeneko txapelaren lehian ariko diren bi bikoteen izen-abizenak. Astearte honetan Santo Domingo de la Calzadan jokatutako jaialdian Mendizabal-Bilyak bikoteari 22-14 gailenduta, Aldai-Capellan izango dira Zabaleta-Erasunen aurkariak udako azken txapelketa honetako finalean.

Norgehiagokak azken uneko aldaketa bat izan du, Olatz Arrizabalak azkenean ezin izan baitu Errioxan jokatu. Eskuetatik justu amaitu zuen Udako Master Laboral Kutxako finalerdietako neurketa eta igandeko finala horren gertu izanda, pilotariak nahiago izan du atseden hartu.

Santo Domingo de la Calzadako pilotalekuan jokaturiko partidan Aldai-Capellan ziren aurrera egiteko faboritoak eta oso indartsu ekin diote lehiari, gerora oso ondo kudeatzen jakin izan duten aldea lortuz. Lehiako bigarren erdian aurkariek gehiago estutu dituzte –eta horrela, gainera, partida luzatzea lortu dute–, baina dimoztarrak eta etxean jokatu duen atzelariak partida aurrera ateratzea lortu dute, Capellanen zaleen gozamenerako.

Gauzak horrela, hilaren 28an final ikusgarri eta parekatua espero da Logroñoko Adarragan, Rioja Televisionek zuzenean eskainiko duena gainera.