Jaione Camborda izango du buru Sail Ofizialeko epaimahaiak

Jaione Camborda zuzendariak hartuko ditu Sekzio Ofizialeko epaimahaiburu lanak. Ondoan izango ditu Leila Guerriero, Fran Kranz, Christos Nikou, Carole Scotta eta Ulrich Seidl.

Jaione Camborda, iaz, Urrezko Maskorra jaso zuen unean.
Jaione Camborda, iaz, Urrezko Maskorra jaso zuen unean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zinemaldia hasteko hiru egun falta direnean Sail Ofizialeko epaimahaia osatuko dutenen izenak iragarri ditu zuzendaritzak. Jaione Camborda izango da Epaimahai Ofizialeko burua, eta Leila Guerriero, Fran Kranz, Christos Nikou, Carole Scotta eta Ulrich Seidl izango dira alboan, epaimahaiko kide.

Iaz Urrezko Maskorra eskuratu ostean –‘O Corno’ filmari esker– 72. edizioko filmak epaitzearen ardura hartuko du zuzendari donostiarrak. Saria eskuratzen lehen zuzendari euskalduna izan zen. Honako hauek izango ditu lagun eztabaidetan: Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarra, aurten ‘La llamada’ liburua argitaratu duena; Fran Kranz aktorea, zuzendaritzan egindako lehen esperientziarekin, ‘Mass’ filmarekin, 2021ean Donostiako Gazteriaren Saria irabazi zuena; Christos Nikou zuzendari greziarra, ‘Apples eta Fingernail’ (Sail Ofiziala, FIPRESCI saria, 2023) zuzendu zituena; Ulrich Seidl zinemagile austriarra, Berlin eta Veneziako zinema-jaialdietan saritua, 2022ko Sail Ofizialean ‘Sparta’ aurkeztu zuena, eta Carole Scotta ekoizle frantziarra, ‘Haut et Court’-en sortzailea, Laurent Cantet-en ‘Entre les murs / The Class’, eta Dóminik Moll-en ‘La nuit du 12 / The Night of the 12th’ filmak bultzatu dituena, beste askoren artean.

New Directors Sariaren epaimahaia horrela osatuko da: Philippe Bober, ekoizle eta banatzailea izango da epaimahaiburua (frantziar Estatua). Eduardo Crespo, zuzendari eta programatzailea, (Argentina); Jessica Kiang, kritikari eta programatzailea (Irlanda); Izibene Oñederra, zinemagilea (Euskal Herria) eta
Aulona Selmani, zuzendaria (Suitza) ere epaimahaiko kideak izango dira.

Horizontes Sariari dagokionez Fernando Juan Lima, zinema-kritikaria (Argentina) arituko da epaimahaiburu. Pedro Hernández Santos, ekoizlea (espainiar Estatua) eta Valentina Maurel zuzendaria (Costa Rica) izango ditu ondoan. epaimahaia 

Zabaltegi-Tabakalera Sariaren epaimahaian, berriz, Emilie Bujès, Visions du Réel zinema-jaialdiaren zuzendaria (Suitza) izango da epaimahaiburua. Santiago Loza, zinemagilea (Argentina) eta Hrönn Kristinsdóttir ekoizlea (Islandia) epaimahaikide.

Hizketaldiak

Aipatzekoa da John Crowley ‘We Live in Time’ filmaren zuzendariarekin eta Nick Payne gidoilariarekin izango dela solasean hilaren 27an Andrew Garfield aktorea.
Hizketaldiek programaren azken solasaldian.

Saioa hilaren 27an, ostiralean, izango da, 12.00etan, Tabakalerako zinema aretoan. Solasaldietarako doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Tabakalerako leihatilan egongo dira eskuragarri, saioaren bezperan. Akreditatutako pertsonak sarrerak erreserbatzeko online sistemaren bidez sar daitezke. Saio hau aurtengo edizioko hizketaldien egitarau zabalari batu zaio, Sean Baker, Leos Carax, Laura Carreira edo Jane Schoenbrun bezalako zinemagileen sormen prozesuetan sakonduko duena.