NAIZ
Iruñea

Nafarroako irakaskuntza publikoko greba batzordeak bilera eskatu dio Chivite lehendakariari

«Sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko» helburuarekin, Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek sortutako greba batzordeak bilera eskatu dio Maria Chivite Nafarroako lehendakariari.

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean.
Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariek (Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Iruñean, eta bertan jakinarazi dute datorren irailaren 26ko grebari begira sortutako batzordeak eskaera formala erregistratu duela Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin batzartzeko, «sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko» helburuarekin.

Greba egun horri begira, sindikatuek aurreratu dute goizean mobilizazioak izanen direla eskualde buruetan, eta arratsaldean manifestazioa eginen dutela nafar hiriburuan.

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, sindikatuek «hilabete asko» daramatzate nafar Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin negoziatu nahian, eta «borondate onenarekin» parte hartu izan dutela proposatu zaizkien lan talde guztietan. «Departamentuaren erantzun eskasa ikusita, aho batez erabaki dugu mobilizazio egun bat deitzea sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin».

Nabarmendu dutenez, «irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jaso dezaten» mobilizatuko dira. «Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu. Izan ere, inork zalantzan jartzen du ratioen jaitsierak, lan gainkarga arintzeak eta irakasle-plantilla egonkorragoak izateak mesede eginen dietela gure ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari?», galdetu dute.

Iragan irailaren 6an erregistratu zuten sindikatuek greba deialdia, baina, ordutik, Hezkuntza Departamentuko zein Nafarroako Gobernuko inor ez da beraiekin kontaktuan jarri. «Horregatik, atzo erregistratu genuen greba batzordearen eta Maria Chiviite lehendakariaren arteko bilera bat egiteko eskaera, eta benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen», informatu dute.

Irakasleei zuzendutako batzarra, ostegun honetan

Egunotan, ordezkari sindikalak Nafarroako ikastetxe publiko guztiak ari dira bisitatzen, dozenaka batzar eginez eta aldarrikapenak irakasleekin partekatuz. «Irakasleak aho batez ari dira aldarrikapenak babesten», baieztatu dute. Era berean, bihar, irailak 19, 17:30ean, batzarra eginen dute Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian, irakasle guztiei zuzenduta.

Honela, irailaren 26an, goizean mobilizazioak izanen dira  Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran, eta arratsaldean manifestazio bakarra eginen dute, hiriburuan, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuta.