Hamar urte bete dira asteazjeb honetan Eskoziako erreferendum egin zenetik. Horren harira, John Swinney Eskoziako ministro nagusiak azpimarratu duenez, independentziak «azken helmuga» izaten jarraitzen du, eta bere Gobernuak bide horretan lan egingo duela nabarmendu du.
«Kosta egiten da hamar urte igaro direla sinestea», esan du Swinneyk, eta kontsultaren aurreko kanpaina «itxaropen» une gisa gogoratu di. Orain, garai bateko espiritua «berraurkitzea» espero du, lanean jarraitzeko eta Eskozia independente bat «irudikatzeko» helburuarekin.
Zentzu horretan, «botere osoak» eskatu ditu herritarren bizitza hobetu ahal izateko. Ildo horretan, argudio horri heldu dio azkenaldian Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) Gobernuak, bereziki Erresuma Batuak Europar Batasunetik irten zenetik.
Brexitak erreferenduma errepikatzea justifikatzen duela uste dute –Eskozian gehiengo batek EBrekiko dibortzioaren aurka bozkatu zuen–, baina Londresetik argi utzi dute ez dutela bigarren kontsulta bat baimentzea aurreikusten, ez gobernu kontserbadoreen aldetik, ezta Keir Starmer laboristaren aldetik ere.
SNPk ere ez da Eskoziako lehengo indar politikoa Londresen; izan ere, Erresuma Batuko azken hauteskunde orokorretan 39 eserleku galdu zituen Westminsterren, eta ez du bermatuta Eskozian botereari eustea, nahiz eta hurrengo hauteskundeak 2026ra arte ez dauden aurreikusita. Inkestek, gainera, ez dute independentziaren aldeko joera-aldaketarik erakusten, eta, oro har, 2014koen antzeko agertokiak marrazten dituzte.
SNPk irailaren hasieran egin zuen bere kongresua, eta Swinneyk 2014an independentziaren aldeko mugimenduak zeukan positibotasuna berreskuratu nahi duela nabarmendu zuen bertan. Hala, SNPko militantzia osoari «mezu positiboak bidaltzeko» gonbitea egin zien. Swinneyk 2014ko «itxaropena, baikortasuna eta aukera sentsazioa» gogorarazteko eskatu zien.