Ion Garate- Zuriñe Iglesias
Interview
Leire Ibar
Zumaiako arraunlaria

«Uda osoan izan da ehunenen kontua, poz eta buruko minak sortu dizkiguna»

Joan den sasoiko arantza aterata, Zumaiak behingoz lortu du Euskotren Ligara igotzea. Leire Ibar (Azpeitia, 2004) arraunlariak esan du «presio handiarekin» jokatu dituztela kanporaketak, «ez baita erraza urduritasuna kontrolatzea», baina behin txartela lortuta «egundoko poza» sentitu zuten.

Audio_placeholder

«Uda osoan izan da ehunenen kontua, poz eta buruko minak sortu dizkiguna»

Loading player...
Leire Ibar, pozarren.
Leire Ibar, pozarren. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Datorren denboraldian Zumaia traineru historikoak urrezko mailan arraun egingo du. Ezagun zaharra da “Telmo Deun” ontzia: 2012 eta 2013. urteetan Traineru Liga irabazi zuen. Zortzi urteren ondoren, zumaiarrak itzuli dira, harrobia helduleku. Leire Ibar Zumaiako arraunlariak NAIZ Irratian adierazi du uda osoan ehunenen bueltan ibili direla Astillero txapeldunarekin, eta horrek eman diela indarra «ez erlaxatzeko».

ETE Ligan bigarren geratu dira, zazpi bandera astinduta. Euskal Herriko eta Galiziako zilarrezko ontzien maila «oso altua» dela nabarmendu du Ibarrek, eta hori Kontxako sailkapen estropadan erakutsi zutela. «Euskotren Ligan egoteko gai bagarela erakutsi genuen Kontxan».

Zer moduz aje emozionala?

Oso intentsoa izan da dena. Hala ere, nik uste dut sinisteko prozesu horretan gaudela. Oso-oso pozik helburua lortu izanaz, baina oraindik emozio asko ditugu gestionatzeko.

Eta aje fisikoa zer moduz doa? Ospakizunen bat izango zen, ba...

Bai. Hilabete askoan aritu gara entrenatzen eta horrela bukatzea egundokoa izan zen. Atzo [igandean] ospakizun gehiegi izan genituen. Hala ere, behin hau eginda, gorputzari min gutxiago ematen dio.

Arratsaldean udalean harrera egin zizueten. Nolakoa izan zen?

Oso polita izan zen. 19.00etan Kofradian elkartu ginen eta Jon Maiak bertso batzuk kantatu zizkigun. Herriko, inguruko eta gertuko jendea etorri zen eta oso polita izan zen beraiekin ere ospatzea. Azken finean, prozesuaren parte dira eta guk hau lortzeko beharrezkoak dira.

Orain, bai, Zumaia Euskotren Ligako trainerua dela esan dezakezue. Lan askoren ondoren saria iritsi zaizue.

Bai, bai. Kostatakoa izan da, luze joan da. Baina azkenean joan den urtean ere kanporaketetan izan ginen, ez genuen lortu eta aurten berriz genuen helburua; gogo handiz geunden hasieratik eta pozik lortu dugulako.

«Guri, traineruan bertan, gure patroiak erreferentzia hori ez zigun eman, hala ere [barrez]; batera gindoazela bai, baina Chapela aurretik zihoala, ez. Orduan, horri helduta, azken palada arte tiratzea izan zen helburua»

Hala ere, hortzak gogor estutu behar izan dituzue. Larunbatean Bermeon bigarren egin zenuten. Sailkapena, nolabait, zuen alde zegoen, baina igandean errematatu behar Portugaleten eta, gainera, ziabogan Chapela segundo bat aurretik zihoan eta bigarren Astillero. Momentu horretan zuek kanpoan zeundeten. Nola kudeatu zenuten?

Guk hasieratik argi genuen, adibidez Bermeoko estropada batean, segundo eta distantzia aldetik handiagoak izan litezkeela eta erreka-ondotik Chapela oso ondo ibiltzen zela. Guri, traineruan bertan, gure patroiak erreferentzia hori ez zigun eman, hala ere [barrez]; batera gindoazela bai, baina Chapela aurretik zihoala ez. Orduan, horri helduta, azken palada arte tiratzea izan zen helburua.

Ziabogan atzetik, baina helmuga pasatuta, zoramena, poza, negar malkoak... Emozio handiko uneak izan ziren?

Bai, bai. Presio handiarekin gindoazen. Azaroan entrenatzen hasi ginenetik eta denboraldiaurre ona egiten hasi ginenetik, argi genuen gure helburua aurten igotzea zela. Estropada batean hainbeste jokatzen duzunean, ez da erraza urduritasuna kontrolatzea eta, behin emaitza lortutakoan, egundoko poza izan zen.

Bi estropadak oso eremu ezberdinetan izan ziren: bat Bermeon, gainera itsasoa zegoen bezala egonda; eta bestea, herrian, Portugaleten. Hala ere, bietan hurrenkera berbera egin zenuten. Alegia, lehena Astillero, bigarren zuek, hirugarren Chapela eta laugarren Cabo. Bereziki Cabo oso atzean Bermeon. Hori adierazgarria da, ezta?

Bai. Nik uste dut zer pentsatu ematen duela. Kontxan bertan, gu ez ginen sailkatu, baina erakutsi zen baita ere ETE Ligako Galiziako traineruen maila oso altua dela eta Euskotren Ligan egoteko gai bagarela, eta nik uste dut hori erakutsi dugula.

Aipatu duzunaren harira, irakurketa horixe egin daiteke; atetik indartsu zatoztela eta datorren denboraldian bai zuek, bai Astillerok lanak emango dizkiezuela gainontzeko ontziei.

Hori ikusiko da. Oraintxe bukatu dugu eta datorren urtean ere lan handia egin beharko da. Euskotren Ligan maila eman behar da eta uste dut kapazak garela, baina hori lan askoren ondoren lortzen da. Ikusiko da datorren urtean.

«Nik ez dut inoiz bizi hainbeste estropadetan ehunenetan geratzea; bakarren batean bai, baina aurten uste dut bost estropada izan direla banderatik ehunenen batzuengatik bigarren izan garena»

Aurten denboraldi ederra osatu duzue. Zazpi bandera astindu dituzue ETE Ligan eta bigarren amaitu duzue. Aurten errematatu duzue eta Urrezko Mailarako txartela eskuratu duzue. Une gozo zein gaziak biziko zenituen. Zein momentu duzu bereziki buruan?

Bat bereziki ez dakit, baina aurtengo denboraldian badauzkat buruan ehunenen kontukoak; uda osoan izan da ehunenen kontua. Horrek sortu dizkigun poz eta buruko minak. Nik ez dut inoiz bizi hainbeste estropadetan ehunenetan geratzea; bakarren batean bai, baina aurten uste dut bost estropada izan direla banderatik ehunenen batzuengatik bigarren izan garena. Baina honek alderdi positiboa ere badu, horrek eman baitizkigu indarrak ez erlaxatzeko eta talde bezala, nire taldeko zaharrenetarikoa naizen heinean, gai izan garelako behin eta berriz borrokan segitzeko. Ez dakit momentu bat, baina hori bai esango nukeela.

Eta behin arraun denboraldia amaituta, arraunlariek beti nahi izaten duzue atseden pixka bat hartu, deskonektatu. Orain, tarte honek izango du bi aldetatik zerbait, deskantsatu nahia eta, behin elitean zaudetela, hor egoteko gogo hori.

Bai, hori da. Egia da gehiago pentsatzen ari garela deskantsatzean, eta gero gerokoak. Lehen esan dudan bezala, luze egiten da. Hasten gara azaroan; negua oso gogorra egiten da ergometroko entrenamenduekin, zenbat sakrifizio, egunero-egunero klubera joatea... Orain ikusten da merezi izan duela, fruituak eman dituela, baina nik uste dut behar genuela ere Kontxan ez sailkatu izanarekin, nahiz eta oso entrenamendu onak egin ditugun; bi astez egunero-egunero entrenatzen aritzea mentalki ez da erraza, eta bai, deskantsua behar genuen.

Etorkizuna buruan, pentsatzekoa da datorren urteari begira multzoak jarraipena izango duela, ezta?

Gure taldean ezaugarritzen gaituen gauza bat da etxeko jendea dela, denak harrobikoak direla. Oso traineru gaztea da eta hori ere, etorkizunari begira, onuragarria da, segida izango duelako eta bateletatik datozen jubenilak ikusita ere motibazio handiagoa egongo da traineruan.