NAIZ

Gabarrari buruzko argazki erakusketa Bilboko Itsasmuseumen egongo da ikusgai

Bilboko Itsasmuseumaren zabalgunean egongo den erakusketan Athleticen Gabarrari buruzko iraganeko eta gaur egungo 42 argazki daude, formatu handikoak eta bereizmen bikainekoak.

Formatu handiko 42 argazkik osatzen dute erakusketa.
Formatu handiko 42 argazkik osatzen dute erakusketa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Leixuri Arrizabalagak, Itsasmuseum Bilbaoko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Jose Ángel Iribarrek, Athletic Clubeko ordezkari gisa, eta Nora Sarasolak, BBK Fundazioko zuzendariak, Athletic Gabarra erakusketa aurkeztu dute museoko zabalgunean gaur eguerdian.

Nabarmendu dutenez, erakusketa hau testigantza grafiko ezin garrantzitsuagoa da, Gabarraren testuinguru historiko nahiz soziala ulertzeko. Era berean, batasun sentipen paregabea islatzen duen sinboloaren sorrera suspertu duten hiru ospakizunen erakusgarria da. Horregatik, BBK Fundazioak erakusketa babesten duela aipatu dute, «kulturarekin eta kirolarekin daukan konpromisoaren adierazgarri».

Erakusketa honi esker, gertaera historiko baten garrantzia berriro bizi, gogoratu, ezagutu edo ulertzeko aukera izango dute ikustera doazenek. Izan ere, egitasmoan azaltzen da Ingalaterrarekin izandako harreman estua, eta lotura horrek futbolaren inguruan piztutako interesa. Horrekin batera, Athletic Cluben garaipenak ospatzeko sortu zen modua, eta gabarra bera Bilboko itsasadarrean oso presente dagoela gogora ekartzen da.

Erakusketan, gizarte osoa ospakizun horietan nola murgildu eta hunkitzen den islatzen da. Azpimarratu dutenez, futboletik harago doazen ospakizunak izan baitziren. «Sentimendua, zirrara eta indarra» izango lirateke Athletic Gabarra erakusketaren «magia» azaltzeko erabili dituzten hitzak.

Sei ataletan banaturik

Ikusgai dagoen erakusketan iraganeko eta gaur egungo 42 argazki txundigarri daude, formatu handikoak (150 x 100 cm) eta bereizmen bikainekoak, azalpen laburrez lagunduta. Komunikabideetara igorritako oharrean diotenez, «irudiek ikusizko esperientzia eta bidaia murgiltzailea egiten dute gure oroimen kolektiboan, gure zirraran eta, zer esanik ez, Bilboko zein Bizkaiko historian zehar».

Erakusketa sei ataletan dago banatuta: ‘Bilboko gabarra bat’; ‘Futbola baino gehiago’; ‘80ko hamarkada, krisiaren gogortasuna eta Athleticen alaitasunak’; ‘1983. Gabarratik Athletic Gabarrara’; ‘1984. Txapelduna, txapelduna, txapelduna’; eta ‘Berriro ere, gabarra’.

Azaltzen dutenez, ‘Bilboko gabarra bat’ atalean portuko lanerako itsasontzi-mota horrek Bizkaiko itsasadarreko historian daukan garrantziaren testuingurua ematen du. ‘Futbola baino gehiago’ atalak, berriz, kontatzen du Olabeagako Acero Club izan zela garaipen bat lehen aldiz gabarra batean ospatu zuena, eta horren ondorioz sortu zela abesti ospetsu hau: «por el río Nervión bajaba una gabarra, rumba, la rumba...».

‘80ko hamarkada, krisiaren gogortasuna eta Athleticen alaitasunak’ atalean ikus daiteke Athleticen garaipenak aringarria izan zirela une historiko eta sozial gogor hartan. ‘1983. Gabarratik Athletic Gabarrara’ atalean kontatzen da, lehen aldiz, gabarra itsasadarrean gora joan zela, orduko Athletic Clubeko zuzendaritza-taldeko kidea zen Cecilio Gerrikabeitiaren ekimenez, 27 urteko lehortearen ondoren ligako titulua ospatzeko asmoz.

‘1984. Txapelduna, txapelduna, txapelduna’ atalak 1984. urteko hirukoa du hizpide, eta gabarrak aurreikuspen guztiak gainditu zituela azaltzen du.

Azken kapituluan, ‘Berriro ere, gabarra’, Kirmen Uribek, euskal kulturak munduan daukan ordezkari handienetakoak eta athleticzale amorratuak, idatzitako testu hunkigarria agertzen da. Lerro horietan, Kirmen Uribek bere idazlanetan ohikoa den sentikortasunaz azaltzen du nolakoak izan ziren 2024ko apirilaren 11n bizi izandako azken ospakizuneko zirrara eta giroa.

Esan bezala, hitzordu ahaztezina izan zen, eta, bertan, Bizkaia osotik eta munduko beste leku batzuetatik iritsitako milaka lagunek taldearekin egon nahi izan zuten. Edizio horretan, adin guztietako jendea bildu zen, familia osoak, aitita-amamak euren ilobekin, lagun-taldeak… Askok une hori bizi ahal izan zuten duela 40tik gora urte, eta beste askok lehen aldiz bizi izan zuten egun horretan.

Erakusketarako, zenbait funts publiko eta pribatutako artxibo grafiko ezezagunak berreskuratu dira; esate baterako, Aurtenetxe familiarenak, Athletic Club Museokoak, Udal Artxibokoak eta Euskadiko Artxibo Historikokoak, besteak beste.

Ekoizpena Estudios Durerorena da, eta gaur aurkeztu den Athletic Gabarra proiektua Itsasmuseumeko zabalgunean egongo da ikusgai, dike lehorraren alboan. Era berean, erakusketa ibiltaria izango da eta Bizkaiko hainbat herrialde eta tokietan izango da ikusgai.

Bisita gidatuak

Athletic Gabarra Itsasmuseumeko bildumako pieza esanguratsua da. Erandioko Astilleros Celayak eraiki zuen 1960an, Bilboko Porturako. Hasieran, 1. zenbakidun gabarra izena izan zuen, eta 2013an iritsi zen museora. Itsasmuseumek Pedro Otxoa eta Txema Ezkerra ontzigintza-ingeniarien laguntzarekin berritu zuen. 2020an Athleticen babesa jaso zuen, eta 2021eko martxoan beharrezko flotagarritasun-probak gainditu zituen.

Bestalde, Itsasmuseumek gabarra ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dizkie haren historia ezagutu nahi duten taldeei, familiei edo pertsonei. Jarduera horren kostua 10 eurokoa izango da laguneko, doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat eta familiek zein taldeek tarifa bereziak izango dituzte. Kasu guztietan, prezioan sartuko dira museorako sarrera, gabarrari buruzko azalpen laburra eta gabarrara igotzeko aukera.