Tolosaren bajaren ostean, azken orduko beste aldaketa batekin ekingo zaio ostiral honetan, gauean, Logroñoko sanmateotako feriari, Baikok gaur jakitera eman duenez, Jon Mariezkurrenak ere uko egin behar izan dio udako azken torneoari, ezker hankako abduktore luzean duen giharretako lesio baten erruz. Masterseko azken jardunaldietan ere eskuetako arazo batzuekin ibili da Berriozarko atzelaria eta hurrengo aste osoan bederen, atseden hartuko du. Dagoeneko hasi da fisioterapia tratamendua hartzen eta Adarragan hastear den ferian Jon Ander Albisuk beteko du bere hutsunea.
Jon Ander Peñarekin, B multzoan jokatzekoa zen Mariezkurrena eta tolosarrak eta Albisuk igandean jokatuko dute lehen partida Laso-Iztuetaren aurka. Multzo hau larunbatean Ezkurdia-Martijak eta Dario-Rezustak jokatuko duten aurre-kanporaketako irabazleek osatuko dute.
Lau eta Erdikoa, prest
Urriaren lehen asteburuan jokatzekoa den Mastersaren azken faserako osatzea da Mariezkurrenaren asmoa eta asteburu horretan bertan, urriaren 5ean hain zuzen ere, emango zaio hasiera urteko azken txapelketa ofizialari, Lau eta Erdikoari hain zuzen. Baikok gaur jakitera eman duenez, Zallan ekingo zaio kaiolakoari, Larrazabal eta Zubizarretaren arteko aurre-kanporaketarekin. Aspek, momentuz, ez du argitu bere pilotarien artean beste kanporaketaren bat jokatuko ote duen, hau da, Salaberria, iazko B serieko txapelduna zuzenean sartuko duen lehian edo kanporaketa bat jokatzera behartuko ote duen.
Gainontzean, azken urteetako lehiaketa sistema bera errepikatuko da, hau da, final laurdenetako ligaxka batekin. Finalerdiak Iruñea eta Eibarren jokatuko dira azaroaren 9 eta 10ean eta finala azaroaren 24an dago iragarria, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zalla, Agoitz, Lekunberri, Tolosa, Azkoitia, Soria, Tafalla, Gasteiz, Arrasate, Donostia eta hirugarren posturako lehia hartuko duen Zumarraga izango dira txapelketak bisitatuko dituen beste herriak.