Ehunka aurkeztu dute gaur, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako sare komunitarioa. Urtarrilean birfundatu ostean, hilabeteotan Gorte kaleko Telefonicaren eraikinari erabilera komunitarioa emateko proposamenaren berri eman dute aurkezpenean.
Aurkezpena aitzakia hartuta, goizean zehar hainbat ekitaldi burutu dituzte. Prentsaurreko agerraldia egin dute 11.30etan Mariaren Bihotza plazan, jakitera emateko Ehunka sortu dutela, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako bizilagunak saretuko dituen espazio komunitarioa, auzo hauetako bizi baldintzak hobetzera bidean lan egiten duten kolektiboek osatu dutena.
Plazan bertan Telefonicaren eraikinerako ondu duten proposamena azaldu dute, auzoetako bizi baldintzak hobetzearen xede horren markoan sartu dutena. San Frantzisko kalean dago eraikina eta «udal-titulartasuneko komunitate-gune», bilakatu nahi dute, auzokoek erabili dezaten.
Azaldu dutenez, hiru auzoek «pobrezia eta gizarte-bazterkeria arazo larriak dituzte» eta haiei aurre egiteko «esku-hartze publiko eta sozial integralak» behar dira, «bereziki, komunitatearen beraren parte hartzea ezinbestekoa» dela adierazi dute, «baita bere hiri-ingurunea eta bizi-kalitatea hobetzeko proposamenak identifikatzen eta garatzen ere». Horretarako, Telefonicaren eraikina baliabide aproposa dela uste dute eta Bilboko Udalari lankidetzan aritzeko proposamena luzatu diote.
Proiektua behar bezala azaldu ostean, kalejiran joan dira eraikinera arte eta hura inguratu dute besarkada kolektibo bat irudikatuz. Ondoren, «picnic musikala» izan dute Mariaren Bihotza plazan, Maite Sarasola bertsolariaren zein Ane Guria, Betto Snay eta Zea Mayseko Aiora Renteria eta Piti Imaz musikarien parte hartzearekin.
Auzokoentzako espazioa
Solairuka antolatu dute Telefonicaren eraikinari erabilera berria emateko proposamena. 0 solairua edo behe solairua ‘Elkargune’ litzateke, erlaxatzeko eta belaunaldi zein kultura arteko harremanak sortzeko aproposa. Lehen solairua ‘Mugi & Ekin’ da proposamenean, «sarbide azkarreko eta etengabeko erabilerako eremu balioaniztuna, jarduera fisikoa eta eraikineko ekimen zaratatsu eta bizienak bilduko dituena».
Bigarren solairuak ‘Koloretxe’ eta ‘Bilgune’ hartuko lituzke. Guneetako lehena «auzoetan ibilbide luzea duen ekimen feminista» da eta bigarrena «erabilera anitzeko areto askotarikoek» osatuko lukete.
Hirugarren solairuan ‘El tablao’ kokatu nahi dute. Sarbidea dauka terraza handi batera eta kontzertuak egiteko espazio egokia izango litzateke, hortik datorkio izena, baina erakusketak eta ekitaldi publikoak egiteko ere baliagarria izan daitekeela azaldu dute. Teilatu lauean ‘Loreak zeruan’ jarriko dute, izen guztiz argigarria hau ere, baratze bat jartzeko asmoa baitute.