Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Realak gose gehiago erakutsi du Valladoliden, baina ezin izan du hozkarik egin (0-0)

Beckerrek bi aukera garbi izan ditu, Oskarssonek beste bat eta bigarren zatian Oyarzabali bertan behera utzi diote gola jokoz kanpo egoteagatik. Gainera, aurreko partidetan Realaren kontra gertatu ez bezala, epaileak ez du esku bat adierazi etxekoen area barruan.

Sheraldo Beckerrek protagonismoa izan du, baina ate aurrean ez du batere asmatu.
Sheraldo Beckerrek protagonismoa izan du, baina ate aurrean ez du batere asmatu. (AGENCIA LOF)

Hutsekoak gatzgabeko partida baten emaitza dirudi. Baina larunbat honetan, Valladoliden, bazkalorduan jokatu den neurketak gatza izan du. Realari aurreko jardunaldietan baino gose gehiago nabaritu zaio, baina oraindik gauza asko hobetu behar ditu; batez ere, eta kirol honetan agian garrantzitsuena dena: aukerak golean amaitzea.

Futbolean gauzak ondo ateratzen direnean sistema ez aldatzea izaten da onena, baina Realaren Liga hasiera ez da ona izaten ari, eta aurreko partidatik hona Imanol Alguacilek lau aldaketa egin behar izan ditu hasieratik Valladoliden. Aramburu, Kubo, Becker eta Oskarsson zelairatu ditu hasieratik Elustondo, Aihen, Barrenetxea eta astean zehar autokritiko agertu den Oyarzabal kapitainaren partez.

Egia da hainbeste aldaketa egin beharrak bi alde dituela. Batetik, Imanol minutuak banatzen ari da jokalarien artean eta horrek motibazioa igotzen die txuri-urdin guztiei, lehiakortasuna ere areagotu dezakeelako; baina bestetik, taldeak oraindik ez du %100ean funtzionatzen.

Zorrillako zelaia izan da horren lekuko. Lehen zatian, Valladolid oso ondo hasi da eta Reala dudekin aritu da. Gainera, udako merkatuaren azken momentuan iritsi eta hamaikakotik atera ez den Aguerd erdilariak txartel horia ikusi du partidako lehen minutuan, 14. segundoan hain zuzen ere. Goizegi. Ondoren, donostiarrek baloiaren jabetza hartu dute, agian aurreko denboraldietan izan dutenera iritsi gabe, baina atearen aurrean hozkarik egin gabe aritu dira.

Adibide batzuk jartzearren, 10. minutuan Realak bi aukera garbi izan ditu jokaldi berean. Becker eta Kuboren arteko jokaldi batean, japoniarrak area barruan pasea eman dio Oskarssoni, honek ezkerrez jaurti du eta atzelari batek atera du baloia; eta alderatzean Arambururen jaurtiketak atezainaren eskuetan amaitu du.

Jokaldi horretan, Cenk atzelaria lesionatu egin da islandiarraren jaurtiketa ekiditerakoan. Valladolid eskas ari da atzelariekin. Gaurkoan Sierra Leonako Juma Bah gazteak debuta egin du titular bezala taldera iritsi eta gutxira. Eta Cenken ordez, Torres azken erdilariak atera behar izan du.

Reala ondo jokatzen ari zen momentu horretan, nahiz eta kontrako aldean Moro mina egiten ari zen Aramburuk defendaturiko hegalean. Beckerrek oso aukera garbia izan du 28an, lehen zatiko garbiena. Bere zelaitik atera da abiada bizian, zelai erdian hartu du baloia Kuboren pase luze batean eta atezainaren aurrean gelditu da bakar-bakarrik, baina azken momentuan motelegi egon da eta Amallahk atera du baloia.

Eta lehen zatia amaitzeko, Valladolideko Hein atezainak egundoko geldialdia egin behar izan dio Arambururen erdiraketa eta Beckerren burukada bikainari.

Gosea asetu gabe

Bigarren zatiari segida ona eman dio Realak, baina Valladolidek ere pauso bat eman du aurrera. Sucicek ez du asmatu eta gehiegi gurutzatu du ezkerretik jaso duen erdiraketa batean, eta ondorengo jokaldian Aramburuk asmatu egin du 2x1eko batean: Morori oso ondo eutsi eta Latasari jaurtiketa moztu dio.

Min handia egiten ari zen Morok beste aukera bat izan du kontraeraso batean Remiroren aurrean, baina bere jaurtiketa atezainaren hanketara joan da.

Valladoliden atean aukerak amaitzen ez zirela ikusita, Imanolek lehen aldaketak egin ditu. Hala, Oyazarabal zelairaru du Oskarssonengatik, eta Olasgasti Suicengatik. Eta kapitaina protagonista izan da hurrengo bi jokaldietan, Lehenengoan, eibartarraren burukada gora joan da eta bigarrenean, baloiak sareetan amaitu du, baina epaileak bertan behera utzi du; alde batetik, Zubeldiak Kike Perezi falta egin dio eta jokaldi horretan Zubimendik pasea eman dio area barruan Oyarzabali baina hau jokoz kanpo omen zegoen.

Polemikarako tartea ere egon da. Izan ere, aurreko partidetan Realaren kontra gertatu ez bezala, epaileak ez du esku bat adierazi etxekoen area barruan Beckerren erdiraketa batean.

Ondoren, Valladolid beste erdilaria gabe geratu da, Juma Bah lesionatu egin baita maila ona eskaini ostean. Eta gauza bera gertatu zaio Realari. Izan ere, iritsi zenetik dena jokatu duen Aguerdek zelaia utzi behar izan baitu. Ez dirudi gauza larria denik, korrika utzi baitu zelaia 81. minutuan.

Realaren arean barruan ere beste jokaldi polemiko bat egon da, baina ezertan geratu da Sergio Gomezek Ivan Sanchezi egindako falta. Latasak beste aukera bat izan du hondarrean, eta hortik amaiera arte Reala ondo defendatu da. Zelai barruan erakutsitako gosea bazkari-askarian asetu beharko dute txuri-urdinek.

PARTIDAKO FITXA:

0 - Valladolid: Hein; Luis Perez, Juma (Comert, 78'), Cenk (Torres, 14'), Lucas Rosa; Meseguer, Juric, Amallah (Kike Perez, 46'); Machis (Ivan Sanchez, 78'), Latasa eta Moro (Sylla, 78').

0 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 81'), Sergio Gomez; Zubimendi, Sucic (Olasagasti, 61'), Turrientes; Take Kubo (Sadiq, 81'), Oskarsson (Oyarzabal, 61') eta Becker.

Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez (madrildarra). Txartel horia atera zien etxeko Juric (34'), Luis Perez (54'), Lucas Rosa (58'), Latasa (72') eta Paulo Pezzolano entrenatzaileari (16'); eta kanpoko Aguerd (1'), Aramburu (53'), Zubeldia (93') eta Turrientesi (94').

Gertakariak: Lehen Mailako seigarren jardunaldia, Valladolideko Jose Zorrillan 21.171 ikusleren aurrean jokatutakoa.