NAIZ

Unrwa agentzia aintzatetsi du Nafarroako Gobernuak Palestinako biztanleekin egindako lanagatik

Maria Chivite Nafarroako lehendakariak Foru Gobernuak Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta bideratzen duen saria eman dio Nazio Batuen Unrwa agentziari, Tuteran egindako ekitaldi batean.

Tuteran egindako ekitaldia Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta.
Tuteran egindako ekitaldia Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Gobernuak Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (Unrwa) egiten duen lana aitortu du larunbat honetako goizean Tuteran. Lan horrek, nazioarteko tentsio handiko une batean, «iluntasun zabalean» oraindik «itxaropen-argi txikiak» geratzen direla gogorarazteko balio duela adierazi du Maria Chivite lehendakariak.

Chivite izan da Nafarroako Gobernuak bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten duten pertsona edo erakundeei eskerrak emateko urtero antolatzen duen ekitaldi instituzionalaren buru. NBEk Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta sustatutako jardunaldia irailaren 21ean ospatzen da.

Lehendakariak aurtengo Bakearen Egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, «Estatu Batuetako hauteskunde garrantzitsuen, Venezuelako eskubide zibilen umiliazioaren, Mendebaldeko Afrikako gatazken eta lehortearen, Europako bihotzean jazotako eskuin muturraren gorakadaren eta inbasioa hasi zenetik bi urte eta erdi iraun duen Ukrainako gerraren aurrean munduak arnasari eusten dion une honetan».

Testuinguru kezkagarri hori kontuan hartuta, lehendakariak Unrwaren lan garrantzitsua eskertu du, bere esanetan «inoiz ez baita erraza izan». «Aurten, Unrwako 220 langile hil dira Israelek Gazari eta Zisjordaniari egindako setioan», nabarmendu du Chivitek. «Gertaerarik odoltsuena duela hamabost egun jazo zen, bi bonba Nazio Batuen eskola batean erori zirenean, non 12.000 pertsona babesten ziren, gehienak emakumeak eta haurrak. Unrwako sei langile hil ziren».

Hala, lehendakariak NBEko agentzia horrek azken 75 urteetan egindako lana baloratu du. «Zailtasun itzelen erdian», adierazi du, «Unrwa erreferentzia izan da zerbitzurik oinarrizkoenak ez dituen biztanleriarentzat, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloan ematen duen babesa dela eta».

«Zuen lanari esker, Palestinako errefuxiatuek gaixotasun kutsakor gehienak desagerraraztea lortu zuten», jarraitu du lehendakariak. «Bertako haur guztiak txertatuta zeuden, ez zegoen inolako analfabetismorik, eta haien bizi-kalitatearen estandarrak antzeko egoeran zeuden beste pertsona batzuenen gainetik jarri ziren. Eta aditz hauek iraganean idazten ditut, orain Gazatik geratzen den apurrean polioa berriz ere osasun publikoko arazo bat delako eta hezkuntzarako eskubidea gosea eteteko beharrak zanpatu duelako».

Ildo beretik, Chivitek halaber gogorarazi du Gazako zerrendak, eskolak eta ospitaleak berreraikitzeko 40.000 milioi dolar beharko direla, eta 2 milioi errefuxiatu baino gehiagoren osasun fisikoa eta mentala errehabilitatzeko «belaunaldien lana» izango dela. Horrela, gaur emandako saria «egindako bidearen aitzatespen gisa» balio duela zehaztu du, «baina, batez ere, aurretik dagoen lan handiari laguntzeko».

Beste urte batzuetan bezala, ekitaldia Tuterako Castel Ruiz kultur etxean egin da. Lehendakariaz gain, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea; Alicia Echeverria Espainiako Gobernuaren ordezkaria; Alejandro Toquero Tuterako alkatea; Ana Ollo Foru Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; eta beste kontseilari zein agintari batzuk ere izan dira. Ekitaldiaren saria eta diploma Raquel Marti UNRWAko Espainiako zuzendari exekutiboak jaso ditu, Javier Moreno UNRWAko Nafarroako ordezkariarekin batera.

Laguntza humanitarioaren bizkarrezurra

Raquel Marti Unrwako espainiar Estatuko zuzendari exekutiboak Nafarroako Gobernuaren eta eskualdeko herritarren babesa eskertu du, agentzia 2006an herrialdean lanean hasi zenetik. Zehazki, 18 urte hauetan «Siriako gerran izandako larrialdian, Libanoko eta Zisjordaniako garapen proiektuetan eta Gazan Israelgo erasoaldi militarretan» partekatutako lankidetza nabarmendu du.

Martik nabarmendu du Unrwa «Gazako laguntza humanitarioaren bizkarrezur» bihurtu dela, eta zonaldeko haurrei emandako babesa nabarmendu du. «2023ko urriaren 7az geroztik», azaldu du, «Unrwak 40.000 haur eta nerabe baino gehiago babestu ditu bere jarduera ludikoen, inoren kargura ez dauden haurrei laguntzeko saioen eta banakako zein taldeko kontsulta psikosozialen bidez. Unrwak eta bere bazkideek polioaren aurkako kanpainaren lehen fasea amaitu berri dute Gazan: Agentziak 10 urtetik beherako 558.000 haur baino gehiagori inokulatzea lortu du Zerrenda osoan».