Iranen ikatz meategi baten leherketan hildakoen kopurua 51ra igo da igande honetan, eta zaurituena 20ra, Irango hedabideek jakitera eman dutenez. Leherketa bart gertatu da metano gasaren askapenaren ondorioz Tabas hiriko meategi bateko tuneletako batean, Jorasan probintzian, adierazi du Mohammad Ali Akhundi krisi probintziala kudeatzeko erakundeko zuzendari nagusiak, IRNA agentzia estatalak jaso duenez.
Akhundik adierazi du 40 bat pertsona ari direla erreskate lanetan, eta astiro ari direla aurrera egiten, «zaila delako 700 metroko sakonera diagonalean eta 250 metroko sakonera bertikalean duten zaurituak erreskatatzea».
Orain arte 20 pertsona erreskatatu dituzte zaurituta, eta horietatik 12 ospitaleratu dituzte. Hasiera batean, istripua gertatu zenean meategian 70 pertsona zeudela lanean baieztatu zen, baina une honetan ez dago argi zenbat meatzariri eragin dien leherketak.
Masud Pezeshkian Irango presidenteak doluminak eman dizkia hildakoen familiei, eta etorkizunean antzeko istripuak saihesteko aginduak eman dituela adieraz. Bestalde, Gholamhosein Mohseni Ejei Irango botere judizialaren buruak ezbeharra ikertzeko eta istripuaren balizko errudunen aurka legezko ekintza egokiak hartzeko deia egin zuen.
Iranek hainbat istripu erregistratu ditu herrialdeko meatzaritzan azken urteotan. 2017an, 42 pertsona hil ziren Irango ipar-ekialdeko ikatz meategi batean izandako leherketa baten ondorioz. 2013an, beste 11 meatzari hil ziren bi istripu desberdinetan, eta 2009an, berriz, 20 meatzari hil ziren hainbat ezbeharretan.