Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
CRíTICA NEW DIRECTORS

Zaindu gabeko lorategia da gure oroitzapena

AZKEN ERROMANTIKOAK
Zuzendaria: David P. Sañudo. Gidoia: David P. Sañudo, Marina Pares. Aktoreak: Miren Gaztañaga, Maika Barroso, Eric Probanza, Itziar Aizpuru, Ignacio Mateos. Musika: Beatriz Lopez-Nogales. Argazkia: Victor Benavides.

‘Azken erromantikoak’ filmaren irudi bat.
‘Azken erromantikoak’ filmaren irudi bat. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Filma travelling nahiko luze batekin abiatzen da; giro iluna eta grisa da nagusi. Paper fabrika batetik irteten ari diren langileak ageri dira, horien artean Irune gure protagonista. Kamerak, zelatari, urrunetik jarraitzen dio. Oinez ari dela, bat-batean, bularrean koxkor bat duela ohartzen da. Une hori, pertsonaiaren egunerokoan eragina izango duen gertaera zehatz hori, urrunetik ikusiko dugu; kamera ez da inongo momentutan lehen plano bidez gerturatzen. Distantzia fisikoa eta emozionala sentitzen dugu. Datozen 102 minututan ikusiko dugunaren aurkezpen gutuna da; David P. Sañudo-ren asmo narratiboak eta formalak zeintzuk izango diren aurreratzen dituen sekuentzia da.

Zenbait arlotan jada desagertzear dagoen mundu batez mintzo da filma; laguntza sare ziren auzokideen komunitate bizitza edota langileen arteko elkartasuna esaterako.

Sañudo-k egituratu duen forma eta edukia azpimarratuko nituzke, baina lerro hauen tarterik zabalena izen propio bat nabarmentzeko baliatuko dut, bera baita filmaren arima eta bihotza: Miren Gaztañaga; antzezpen lan itzela egiten du. Bere ekintza, keinu zein isilune, zama emozional indartsuz gainezka dago eta gauza garrantzitsuak ia hitzik erabili gabe adierazten ditu. Iruneren rola jokatzen du; emakume bakarti bat da eta ezagutu zuen bizitza bere begien aurrean nola desegiten den ikusten ari da. Ez du bat egiten gizarte-ereduekin, eta langile klaseko herri industrial batean bizitzeak inposa diezazkizukeen geruza ugarien atzean ezkutatzen da. Ondorio negatiboak ekarri arren, bidegabekeria bat gertatzen ari dela uste duenean inplikatzeko gai da, baita gurasoen hilobietatik ahalik eta gertuen egoteagatik ametsei uko egiko ere; etsita, giza kontaktu bila, sekula hartuko ez dituen tren bidaiei buruzko informazio eske deika arituko da. Irune, iragan pisutsu horretan ainguratuta dago, geldirik. Ikuspegi filosofiko batetik, malenkonia erromantiko batean bizi dela esan daiteke.

Film luzeen munduan Sañudo-ren ibilbidea laburra izanda ere, apurka, bere lorratza eta zigilua uzten ari da. ‘Ane’ filmaren zenbait elementu narratibo eta estetiko ageri dira hemen, jarraikortasun handia dago bien artean eta bere egiletza lana antzematen da: tonua, eszenaratzea, emakume protagonista ahaltsua eta abar.

Aterpe gisa hartzen dugun errutinak zoriontsu egiten al gaitu? Orain daukagun bizimodua txikitan amesten genuena da? Gure oroitzapena zaindu gabeko lorategia al da? Aretoko argiak piztu direnean galderak horiek hasi dira dantzan nire garunean. 

Zeinen lan ederra.