Azti zentro teknologikoak eta Balfego enpresa katalanak Kantauri itsasoan hegalaburraren edo atun gorriaren arrantza berreskuratzeko proiektua jarri dute abian. Astearte honetan eman dute ekimenaren berri, Orion egin duten agerraldian.
Azaldu dutenez, Kantauri itsasoan hegalaburraren arrantza baldintzatuta dago arrantzontzientzat errentagarritasun txikia duelako. «Harrapatutako aleen tamaina txikiagoa izaten da eta baldintza metereologikoek ohiko teknikekin harrapatzea zailtzen dute. Horregatik, gaur egun, Euskadiko kuotaren zati handi bat Espainiako beste eskualde batzuei lagatzen zaie», adierazi dute.
Egoera horri buelta emateko eta kostaldeko eremu horretan hegalaburraren arrantza berreskuratzeko elkartu dira bi erakundeak, eta horretarako Itsasbalfego enpresa sortu dute. Atun gorri bizia inguraketa aparailuen bidez harrapatzea proposatzen dute, euskal ontzidiarekin lankidetzan.
Hala, urpeko bi akuikultura instalazio jarriko dituzte Getariako portutik 3,688 miliara. Kaiola horiek udazkenean eta neguan probatuko dituzte, eta 2025eko udan hasiko da espezie hori gizentzeko proba pilotua, ale kopuru mugatu batekin. Esperientzia positiboa bada, 2026tik aurrera kaiola gehiago jarriko dira, gizentzera bideratutako arrantza kuotaren arabera.
«Erronka nagusia izango da zehaztea ea bideragarria den inguraketa artea erabiltzea Bizkaiko Golkoan hegalaburra arrantzatzeko. Lortzen bada eta, ondoren, kaioletan gizentzeak arrakasta badu, proiektu horrek eragin oso positiboa izan dezake euskal ekonomian eta gizartean, arrantza kuoten balioa handitzea, produktuaren kalitatea hobetzea eta arrantza kudeaketa optimizatzea ahalbidetuz», adierazi du Juan Jose Navarro Balfegoko zuzendariaren ondokoak. Kataluniakoa, esan dutenez, enpresa liderra da atun gorria harrapatzen, elikatzen, aztertzen eta merkaturatzen.
Proiektua abian jarri aurretik, ebaluazio administratibo eta zientifiko «zorrotza» izan du. «Ekimenak arrantzaren eta ingurumenaren arloan egokiak diren administrazio publiko guztien babesa eta baimena du, Estatukoak zein Europakoak. Lehen fase hau Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) ere onartu du, eta lortutako emaitzak ebaluatuko ditu» ziurtatu du Rogelio Pozo AZTIko zuzendariak.
2025eko udarako aurreikusitako atunak harrapatzen hasi aurretik, Itsasbalfegok udazken eta negu honetan baliozkotuko ditu kaiolen flotagarritasuna, urperatzeko gaitasuna eta erresistentzia Kantauriko fenomeno meteorologiko kaltegarrien aurrean.
«Balfegok antzeko instalazio bat kudeatzen du L 'Ametlla de Mar-en (Tarragona) 2004tik, baina Kantauri itsasoko baldintzak askoz ere larriagoak dira, batez ere neguan. Kaiolen teknologiak 50 metroko diametroa du, eta baldintza horiek jasateko eta olatuen inpaktua minimizatzeko diseinatuta dago», azaldu du Navarrok. Ekaitza gertatuz gero, kaiolak 18 metrora arte urperatu daitezke, bai egitura bai arrainak babesteko.
Proiektuan zehar, monitorizazio bat egingo da azken belaunaldiko sentsore eta kameren bidez. Horiei esker, denbora errealean kontrolatu ahal izango dira kaiolen inguruko uraren kalitatea eta jarduera biologikoa, eta ingurumen inpaktu posibleen aurrean «berehalako erantzuna ziurtatuko da».