NAIZ

«Behin betiko»; presoen auzia gainditzeko mezu nagusia urtarrilaren 11n Bilboko kaleetan

Urteroko Sareren mobilizazio nagusiak badu eguna, bai eta tokia ere: Bilbon izango da, 2025eko urtarrilaren 11n. Mezu nagusia ere jakinarazi dute asteazken honetan: «Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza».

Bilbon aurkeztu du Sarek urtarrilaren 11ko manifestazioa.
Bilbon aurkeztu du Sarek urtarrilaren 11ko manifestazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hiru hilabete baino gehiago gelditzen dira oraindik, baina Sarek deialdia luzatu da jada: hurrengo urteko urtarrilaren 11n, Bilboko kaleetan, presoen auzia «behin betiko» gainditzeko aldarrikapena egingo du. Hauxe izango da aurtengo mezu nagusia, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak laburbildu dutenez, sarearen beste kide batzuk lagunduta. Eta «behin betiko», zer zehazki? Hiru gako: «Bakea», «konponbidea» eta «elkarbizitza».

Urtero Euskal Herrian egiten den mobilizazio handiena bilakatu den honetan beste urrats bat egin nahi du Sarek, jada hamar urte bete dituelarik. Hamarkada honetan zehar «konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan dira Sareren ezaugarri nagusia, eta halaxe izango dira aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako».

Bide horretan, «premiazkoa da orain behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei». Afera honen gaurko argazkia abuztuan atera zuten, txosten honetan: azken hamabi hilabeteotan 32 gradu progresio eman dira, baina onets litezkeenetatik urrun oraindik.

Konponbidea, elkarbizitza, bakea

Hiru arlotan zehazten da «behin betiko» aldarria. Batetik, konponbidea. Honela argudiatu dute: «Arazo guztietan ziklo bat betetzen da: sortu, garatu eta konpontzea. Edo ezer ez egitea. Konpontzen ez diren arazoak, ordea, gaiztotu egiten dira, eta gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen gure jendartean. Arazoetako batzuetarako soluzioak aurkitu dira. Gatazka luze honen beste ondorio batzuek, aldiz, oinazea eta bidegabekeria eragiten dituzte oraindik. Ondorio horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen segitzen dutenak, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere. Behin betiko konponbidea behar da, beraz, gai horretan ere».

Elkarbizitzari dagokionez, hau da Sareren irakurketa: «Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa erakitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea. Biak ala biak gure herrian betiko elkarbizitza lortzeko gako nagusiak dira».

Eta hirugarrenik, bakea. Horren garrantzia honela nabarmendu dute Sareko ordezkariek: «Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe».

Guzti honetarako dei egin diote euskal gizarteari Bilboko kaleak betetzeko, azken azpimarra hau eginez: «Eskubideez ari gara. Giza eskubideez».