Bere buruaren jabe izatea. Azken hatsa eman arte. Kosta ahala kosta. Hauxe da ‘Bound in Heaven’ (zeruari lotuta) filma txinatarraren protagonistetako batek hartu duen erabakia. «Ez dut nire patua beste inoren esku utziko», esan du, tinko. Bidea ez da, inondik inora, erraza izango. Ondoan, erabakia azken muturreraino eramaten, lagun izango du bikotekidea.
Egoera lazgarria bizi du emakumeak etxean, elkar ezagutu aurretik. Bortxak markatua, bikote erasotzaileak eragindako amesgaizto betean. Harengandik betirako ihes egiteko ahaleginean maitasun istorioa biziko dute bi protagonistek. Egun batean, gaixo dagoela eta hiltzera doala aitortuko dio gizonezkoak.
Bizitzari zuku dena aterako diote, azken tantara arte. Erritmo lasaiagoa unetan, biziagoa hurrena, narrazioa ezustekoz beteta, irudi ederrez jositako lana ondu du Huo Xin-ek bere lehen luzemetraian. Hiria eta landa, biak ditu kokagune istorioak, garaiaren arabera.
Kursaalean oihu
Zuzendaria, ekoizleak eta hiru aktore nagusiak –Ni Ni, Zhou You eta Liao Fan– Kursaaleko proiekzioan egon dira, ikuslegoaren erreakzioa bertatik bertara ikusten. Txalo artean jaso du publikoak filma. Irribarrea aurpegian marraztuta, berak gorpuztutako pertsonaiak pelikulan bezala, oihu askatzailea egin du Zhou Youk auditorioan.
Aurretik badu eskarmenturik gidoigintzan. Beste hainbat izenbururen artean, ‘Sunflower’ (Zhang Yang, 2005) idatzi zuen, Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen lana.
Zerk eraman zaitu zuzendaritzan abiatzera? galdetu diote Huo Xin-i. «Erabakia agenteak liburua komentatu ondoren etorri zen. 2006an argitaratu zen eleberria. Tratu txarrak eta benetako maitasuna dira landutako gaiak eta horrek eraman ninduen zuzentzera. Bi muturrak ikusten dira liburuko istorioan, baita ahuldadea, osasuna, herria, hiria.. horiek guztiak dira filma egiteko arrazoiak», adierazi du.
Zhou You-k kilo asko galdu behar izan ditu bizitzaren azken uneetan dagoen pertsonaia jokatzeko. «Filma egin aurretik gidoia irakurri eta pertsonaiak presio handia ekarriko zidala pentsatu nuen. Lanean hasi eta are handiaogoa izan zen. Beldurra eta tentsioa nola konpondu? Ezin nuen ezer egin. Zuzendariaren eskuetan jarri nintzen. Denen laguntza eskatu eta gauzak gertatu behar zuten bezala gertatuko zirela pentsatu nuen. Baina ezin nuen egoera jasan. Nire buruari galdetu nion heriotzara eramango ote ninduen. Muturrera joan nintzen beldur horretan eta azkenean filmaketan murgildu nintzen.
«Zuzendariak aukeratu ninduenean ‘nik dena emango dut’, esan nion. Espero ez huts egin izana. Esperientzia oso polita izan da. Txinako bi aktore onenekin aritu naiz, gainera. Nago hau izango ote den poz gehien emango didan filma».
Ondoan, Ni Ni aktorea hunkituta agertu da filman parte hartzeagatik. «Zhou Youn ezagutzean estilo handiko gizona irudi zait. Hiri berekoak gara eta lotura sortu zen gure artean. Oso eskertuta nago. Elkar asko lagundu dugu. Egia esan, oso urduri egon nintzen bera filmaketaren amaieran hain argal ikusita baina sikologikoki lagundu zidan nire pertsonaia jokatzeko orduan», esan du.
Ni Nik lehen aldia du Huo Xin-ekin lan egin duena. «Oso eroso egon naiz, atsegina izan da filmaketa. Hasieratik konfiantza eman dit. Beste pertsonaiei dagokienez galdera asko zeuden. Oso pertsonaia desberdinak dira aurretik egindako edozein pertsonaiekin alderatuta. Zuzendaria oso sentibera da eta begiradaz behar duena adierazten dizu. Begien bidez soilik, ez du hitzen beharrik», kontatu du.
«Narratiba oso poetikoa da berea eta oso zaila zen niretzat, nola espresatu? Gaur lehen aldiz ikusi dut nire burua hain pantaila handian. Filmaren amaieran Zhou Youn besarkatu eta bihotzez eskertu diot Huo Xin-i lana egitekao aukera emateagatik», jarraitu du.
Liao Fanek duela 20 urte ezagutu zuen Huo Xin. «Berarekin egin nuen lan, orduan gidoilaria zen. Oso onak, bereziak ziren bere testuak. Gero jakin nuenean zuzendari lanetan abiatuko zela izugarri motibatu eta poztu ninduen. Maitasuna eta heriotza bezalako gaiak landuko zituela jakitean ere bai», esan du aktoreak.
«Lehen aldia da emakume zuzendari batekin lan egin dudana. Hasieran pentsatu nuen maitasun istorioa zegoela bertan, irakurtzean konturatu nintzen indar berezia zeukala testuak», gaineratu du.
Emakume txinatar zuzendariak
Huo Xin-ek esan du Txinan emakume zuzendariei daokionean gero eta film eta telesail gehiago daudela. «Emakumeok gero eta indar gehiago daukagu», azpimarratu du.
Izenburu bereko Li Xiuwen liburu du oinarri. «Eleberria inspirazio iturri izan nuen. Duela ia hogei urte idatzi zen eta gaurko egunera egokitu behar izan dut. Zentzu soziala ere badauka eta garai hartako testuingurua oso ezberdina da. Ondorioz, edukia aldatu dut. Erronka asko aurkitu ditut bidean baina uste dut hau zela modurik onena», azaldu du zuzendariak literaturatik zinemara egin duen bideaz.
Maitasun istorioak nola islatzen du gaur egungo Txinaren egoera?, beste galdera. «Maitasunak ez dauka mugarik ez kulturarik», zuzendariaren erantzuna.
«Heriotzak banatzen gaituen arte» esaldia daukagu Txinan, nabarmendu du Zhou You aktoreak.