Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
CRíTICA PERLAK

Ispilu-joko narratibo liluragarria

‘MARCO’
Euskal Herria /Estatu espainiarra, 2024. 101’ Zuzen.: Aitor Arregi, Jon Garaño. Gidoia: Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Jorge Gil Munarriz. Akt: Eduard Fernandez, Nathalie Poza, Daniela Brown, Chani Martin, Sonia Almarcha. Argazk.: Javier Agirre Erauso. Musika: Aranzazu Calleja.

‘Marco’ filmaren irudia.
‘Marco’ filmaren irudia. (ZINEMALDIA)

‘Handia’ edota ‘La trinchera infinita’ filmetan ikusitako estilo estetiko zaindua eta narratiba sakona eta zorrotza ageri dira, baina oraingoan fikzioa eta errealitatearen arteko joko ederra osatu dute. Emozionalki ‘Loreak’ da gehien ukitzen eta hunkitzen nauen filma baina zinematografikoki, ‘Marco’ ibilbide osoan egin duten lanik biribilena iruditu zait. Eszenaratze lanari dagokionez, aurreko lanak baino apur bat desberdinagoa dela ere esango nuke, helduagoa akaso.

Metazinematik gertu, gezurraren bidez egia azaltzeko erronka zaila helduleku gisa hartuz, ikusle gisa, ispilu-joko burutsu batean murgiltzen gaituzte hasieratik, bai formalki eta baita edukiari dagokionez. Kristalaren alde batean gezurra eta fikzioa, bestean egia eta errealitatea.

Gidoia zorrotza da, eta gehien gustatu zaidana bere baitan dituen tonu aldaketak dira; drama bat da, une batzuetan umore pintzelkadak dituena, baina apurka thriller sendo baten itxura hartzen du.

Alor teknikoari dagokionez ere traba gutxi. Esan behar dudana gehiegizkoa irudituko zaizue baina nik hala sentitu dut: azken laurdenaren zati batean, filma thrillerraren eremuan murgiltzen denean, Fincherren esentzia etorri zait burura –distantziak salbu, jakina–. Horren erantzule handienak Javi Agirreren argazkilaritza lan gorena eta, batez ere, gehien harritu nauena, Trent Reznor & Atticus Rosse-ren oihartzunak dituen Aranzazu Callejaren soinu banda itzela.

Aipamen berezia Eduard Fernandezen lanari: hamarrekoa. Filmeko ia plano guztietan ageri da eta ia ezinezkoa da begirada pantailatik aldentzea. Oso pertsona konplexua zen Marco, eta konplexutasun hori guztia pantailaratzea oso txalogarria da.

Ahanzturan erortzea, hori zen Marcoren zigorrik handiena; pertsonaiaren erortzea iristen den unean, planoekin eta kamera mugimenduekin egin duten lanketa aparta da, haustura narratiboa zein estetikoa kolpez iristen dira. Bera bakarrik iluntasunean gelan dagoen eszena, zeinetan bere silueta ikusten den eta kamerak 360 graduko biraketa egiten duen adibidez. Edota talde argazkiaren lehen planotik plano orokorrera nola igarotzen den...

Faltan bota dut narratiba zein estetika apurtzaileagoa, ez hain klasikoa akaso, baina filma aparta da, bikaina. Ispilu-joko narratibo liluragarria osatu dute.