Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zabala-Zabaleta, sanmateotako finalera Artolaren lesioarengatik partida 0-6 zegoenean

Errioxako txapelketak badu finala, igandean jokatuko dena: Peio Etxeberria-Rezusta / Zabala-Zabaleta. Artolak min hartu du ostiral gaueko neurketa 0-6 zihoanean eta urdinek lortu dute sailkapena.

Artolaren lesioak sanmateotako finalerako txartela eman die Zabala-Zabaletari.
Artolaren lesioak sanmateotako finalerako txartela eman die Zabala-Zabaletari. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aurtengo sanmateotako torneoa, udako azkena alegia, berdintasun handiarekin jokatu da. Pentsa, finala nork jokatuko zuen erabakiko zuen neurketan ez zen matematikarik behar: irabazleak lortuko zuen iganderako sailkapena. Hala ere, penaz eman zaio amaiera finalerdiari; izan ere, markagailuan 0-6koarekin, Iñaki Artolak ezin izan du kantxan jarraitu eta, beraz, Zabala-Zabaletak lortu dute txartela Peio Etxeberria-Rezusta bikotearen aurka lehiatzeko.

Lehen bistan ezin da jakin zer gertatu zaion Artolari. Hasiera batean, zuntz haustura bat izan zitekeela zirudien, baina alegiarra aldageletara joan eta berriro itzuli da kantxara. Hori bai, pixka bat probatu ostean, konturatu ez diren zaleei agur esan eta alde egin du berriro ez jokatzeko.

Irudia telebistako errepikapenean ikusi ahal izan da. Ordurako, faborito ziren urdinek alde handi xamarra hartuta zuten markagailuan (0-6). Ez da hasiera ikusgarria izan. Artolak lehen hutsa egin du, Zabalak sakez egin du 2-0ekoa, errioxarrak berriro lortu du tantoa 3-0koan Artolaren oinetara bidaliz pilota, Salaverrik beste huts bat egin du ondoren, Zabalak beste tanto bat amaitu du eta Ezkaraikoak ezker gantxoz amaitu du 0-6koa egiteko.

Hau izan da partida motz honen tantorik politena, baina Artolak agur esan behar izan dio neurketari eta sanmateotako torneoari. Gauzak nola amaitu diren ikusita, eta Adarragara gerturatutako hainbeste zaleei hutsik ez egiteko, inprobisatutako partida antolatu dute: Aguirre-Salaberria-Salaverri II.a / Zabala-Zabaleta. Hau da, hirukote bat bikote baten kontra.

PARTIDAKO FITXA:

Artola-Salaverri II.a: 0

Zabala-Zabaleta: 6

Ander Imazek kontratua berritu du Bakikorekin

Bestalde, Baiko Pilota eta Ander Imaz akordio batera iritsi dira euren arteko harremana beste hiru urtez luzatzeko. Oiartzungo atzelariak adierazi duenez, «kontratu berritzea joko momentu onean dator». «Denboraldia oso ondo doa Binakako Txapelketako finalerdietara heldu eta uda ona egin ostean», azpimarratu du.

Amaitzear dagoen denboraldia, urriaren 4-6 artean Nafarroa Arenan jokatuko den CaixaBank Mastersarekin borobildu nahi duela nabarmendu du pilotari gipuzkoarrak.

Ander Imazek larunbat honetan bertan estreinatuko du kontratu berritzea Logroñoko San Mateoetan. Baikoko bere taldekideekin batera Urzante Erronka irabazten saiatuko da.