Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Getaferen ohiko lan zikina egitea ez zaio batere ondo atera Alavesi etxetik kanpo (2-0)

Babazorroek falta ugari egin eta Getaferen jokoa geldiarazi dute uneoro, baina hain zuzen ere bi faltengatik, bat lehen zatian areaz kanpotik eta bestea bigarren zatian penaltiz esku batengatik, porrota jaso dute gasteiztarrek.

Getafe eta Alavesen arteko partidako une bat.
Getafe eta Alavesen arteko partidako une bat. (Jorge ROPERO | AGENCIA LOF)

Bi irteera jarraian Madrilera, eta bi porrot. Hori izan da Alavesen balantzea azken bi Liga jardunaldietan. Egia da aurreko partidan Santiago Bernabeun berdinketa lortzeko gertu ibili zela talde gasteiztarra, baina larunbat honetan, Getafen, bere Ligako aurkari baten kontra, ezin izan du ezer positibo lortu.

Garcia Plazaren taldeak lan zikina egitearen zama hartu du gaurkoan, hain zuzen ere Getafek ohikoa duena, baina arabarrei ez zaie batere ondo atera. Babazorroek falta ugari egin eta Getaferen jokoa geldiarazi dute uneoro, baina hain zuzen ere bi faltengatik, bat lehen zatian areaz kanpotik eta bestea bigarren zatian penaltiz esku batengatik, porrota jaso dute.

Jose Bordalasek oso ondo landuta duen Getafe talde gogorra zuten aurkari babazorroek larunbat honetan. Alaveseko entrenatzaile ohia gaur aulkian eseri ahal izan da bi partida zigortuta egon ostean.

Etxera itzultzen zen Luis Garcia Plaza prestatzaileak, aldiz, aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan. Real Madrilen aurka aritu ziren lau jokalari bakarrik mantendu ditu hasieratik entrenatzaile madrildarrak: Antonio Sivera atezaina, Abdel Abqar eta Moussa Diarra atzelariak, eta Carlos Protesoni (lehen Benavidez bezala ezagutua) zelai erdian.

Etxeko taldean, gainera, Alex Solak bere taldekide ohien aurkakoan hamaikakoan atera da. Iaz Alavesen jokatu zuen erasoan ondo aritzen den jokalariak, baina aurten Getafen amaitu du, Realak salduta. Txuri-urdinen beste jokalari ohia den Diego Ricoren aurretik aritu da ezker hegalean.

Alaves, Getaferen lana egiten

Gauzak hala, bi taldeetan lagun zaharrak zeuden. Baina epaileak neurketari hasiera eman dionean, laguntasun guztiak alde batera geratu dira, espero zen partida orekatua eta gogorrari pauso emateko. Bordalasen talde guztiak oso defentsiboak direla aipatu izan dute aurkari guztiek. Agian defentsiboa baino gehiago, jokoa asko gelditzen duen talde horietakoa dela, alegia.

Hala ere, larunbat honetan Alavesek Getaferen lan zikin hori hartu du beregain, lehen zatian behintzat. Datu bezala, lehen 50 minutuak –bost minutu luzatu dira azkenean– 8-14ko falta estatistikarekin amaitu dira. Arambarri, Toni Martinez, Uche edota Alex Sola bezalako jokalariek mina hartuta geratu behar izan dute zelaian falta ezberdinengatik.

Babazorroek ondo ikasita zuten aurkariak geratzeko modua. Baina gutxi egin ahal izan dute 22. minutuan, Christantus Uche Siveraren aurrean geratu denean. Aurrelariak baloi bikaina eskuratu du Carles Perezen pase batekin eta eskerrak Alaveseko atezainak bikain atera duen baloia hankekin, bestela lehen gola izan zitekeen.

Baina Alaves bere armiarma sarean harrapatuta geratu da. Area kanpoan Ucheri egindako falta batean, Getaferen gola iritsi da 42. minutuan. Siverak ez du zorterik izan, Aramberriren jaurtiketa Alaveseko Protesonik urrundu baitu buruarekin eta sareetan amaitu da.

Babazorroak ez dira erraz amore ematen duten horietakoak eta, lehen zati guztian aukera gutxi izan badituzte ere, azken minutuetan berdinketa sartzeko oso gertu egon dira. Jordanen jaurtiketa bateko alderatzeak Stoichkovek hartu eta bere jaurtiketa Ucheren eskuetan eman du. Epaileak ez du dudarik izan eta penaltia adierazi du hasiera batean. Hala ere, VAR-a ikuskatu ostean, baliogabetu egin du eta 1-0ekoarekin joan dira aldageletara.

Beste arean bai, penaltia

Ez du gauza bera egin bigarren zatiaren hasieran. Izan ere, hemen ere VAR-a ikuskatu ostean, epaileak penaltia adierazi du Getaferen alde Toni Martinezen esku batengatik. Jokaldia ez da lehen zatiko berbera izan, baina jokalariaren keinua besoa kendu nahian, bai. Kasu honetan penaltia adierazi du eta Luis Millak ez du hutsik egin 2-0ekoa egiteko.

Getafe gol falta zen denboraldi hasiera honetan, eta gaur izan behar izan du kontrako atea aurkitu duen eguna.

Luis Garcia Plaza urduritzen hasi da eta ordurako hiru aldaketa egin ditu jarraian: Manu Sanchez, Antonio Blanco eta Mouriño zelairatu ditu. Gainera, Siverak, jasotako falta batean, txartel horia ikusi du protesta egiteagatik. Eskerrak epaileak Carles Perezen falta adierazi duen, Uchek gola sartu baitu jokaldi horretan Alaveseko atzelarien arteko desadostasuna aprobetxatuta.

Alavesi asko kostatu zaio jokaldi on bat egitea, eta lortu duen batean, Stoichkovek eskuinez egindako jaurtiketa gora joan da.

Garcia Plazak aldaketa guztiak egin ditu, Vilallibre ere zelairatuz –Kike Garcia hasieratik aritu da bigarren zatian–. Hala ere, Getafe hobeto aritu da hurrengo minutuetan eta Siverak bi geldiketa ikusgarri egin behar izan dizkio Ricori eta Carles Perezi 3-0ekoa saihesteko.

Alavesek aurrera egiteko adorea izan du oraindik ere, baina ez du asmatu eta kontrako atean, Siverak, beste behin, hirugarrena saihestu dio Alvaro Rodriguezi. Azken minutuak pixka bat nahastu dituzte bi taldeek eta ez da aukerarik egon ezer gehiagorako.

PARTIDAKO FITXA:

2 - Getafe: Soria; Djene, Berrocal, Alderete, Diego Rico; Carles Perez, Milla, Arambarri (Nabil, 89'), Sola (Juan Iglesias, 69'); Uche (Alvaro Rodriguez, 89') eta Bertug (Mayoral, 74').

0 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar (Manu Sanchez, 55'), Sedlar (Mouriño, 55'), Diarra; Jordan, Protesoni (Antonio Blanco, 55'); Carlos Vicente, Stoichkov, Carlos Martin (Kike Garcia, 46'); eta Toni Martinez (Villalibre, 69').

Golak: 1-0, 42': Arambarri. 2-0, 58': Milla, penaltiz.

Epailea: Isidro Diaz de Mera (Gaztela eta Leon). Txartel horia atera die Alaveseko Abqar (31'), Protesoni (45), Luis Garcia Plaza (45+1'), Sivera (62'), Kike Garcia (81') eta Carlos Vicenteri (94'); eta Getafeko Sola (67') eta Arambarriri (78').

Gertakariak: 10.006 ikusle Getafeko Alfonso Perez Coliseumean Ligako 8. jardunaldiko partida ikusteko.