EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, hurrengo urte osoan zehar ere garraio publikoaren %50eko deskontua mantentzea proposatuz.
Ohar batean, koalizio subiranistak azaldu du iaztik indarrean dagoen deskontuaren %30 Gobernu espainolak hartzen duela bere gain, eta euskal erakundeek %20 finantzatzen dutela. Madrilek bere portzentajea finantzatzeari uko egingo balio ere, deskontua 2025. urtean zehar bermatzea da EH Bilduren legez besteko proposamenak jasotzen duen eskaria.
Gobernu espainolak garraioa finantzatzeari uztea erabakiko balu, Lakuako Gobernuari eta Foru Aldundiei finantziazioaren zati hori bere gain hartzea planteatzen du, «deskontuak orain arteko baldintza berberetan aplikatzen jarraitzeko, Barik, Bat eta Mugi sistemaren barruan dauden garraiobide eta bidaia txartel berdinetan».
Deskontuen politika horrek erabileran izan duen «eragin positiboa» nabarmendu du Amancay Villalba legebiltzarkideak, erabiltzaileen kopuruaren igoera nabarmena aipatuz. Azpimarratu duenez, deskontuak indarrean daudenetik «marka guztiak» apurtu dira garraio publikoen erabilerari dagokionez.
Tarifa sistema progresiboa
Horren aurrean, deskontuei eutsi beharra defendatu du, eta «azken helburuak txartel bakarra» izan behar duela adierazi du: «tarifa sistema bateratu bat, gehien behar duten kolektiboei bereziki mesede egingo diena, hala nola, gazteei, langabeei, desgaitasun bat dutenei edota familia ugariei».
Horrekin lotuta zehaztu du Villalbak aurkeztutako proposamenean, «errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako behin betiko tarifa sistema progresibo hori zehazteko prozesua azkartzeko» deia jaso duela EH Bilduk, Lakuako Gobernuari eta Aldundiei zuzenduta.