NAIZ

Independentziara bidean jauzi egiteko dagoen aukeraren aurrean aktibatzeko deia egin du Sortuk

«Independentziara bidean jauzi egiteko» parez pare zabalik dagoen aukera aprobetxatzeko deia egin du Sortuk gaur goizean Azpeitian, ekitaldi nazional batean.  Horretarako, «herria aktibatzea, mobilizatzea eta indarrek norabide berean batzea funtsezkoa» dela nabarmendu du.

Sortuk Azpeitian egin duen ekitaldiaren une bat.
Sortuk Azpeitian egin duen ekitaldiaren une bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ekitaldia egin du Sortuk gaur eguerdian Azpeitian, ‘Irrintzi bat dabil’ lelopean, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urtemuga betetzen denean. Bertatik, «independentziara bidean jauzia egiteko, herria aktibatzea eta indarrak norabide berean batzea funtsezkoa» izango dela nabarmendu du indar soberanistak.

Ehunka lagun bildu ditu 1975eko irailaren 27ko fusilamendu haien mende erdia betetzear dagoenean, Azpeitiko Soreasu antzokian egindako ekitaldi nazionalak. Ez da efemeridearen harira ezker abertzaleak egindako deialdi bakarra, pasa den ostiralean elkarretaratzeak eta ekitaldiak deitu baitzituen Euskal Herri osoko 50 udalerri baino gehiagotan.

Oihana San Vicentek hartu du hitza Azpeitiko ekitaldia ixteko. Irailaren 27a ezker abertzalearentzat data seinalatua dela adierazi du Sorturen Nazio Kontseiluko kideak, eta Txiki eta Otaegiren borrokak utzitako legatuak duen gaurkotasuna azpimarratu du.

Begirada gaurko egoera politikoan jarrita, «momentua aprobetxatzearen garrantziaz» jabetzean jarri du fokua, eta esan du ondo asmatu duela ezker abertzaleak une bakoitzeko egoera politikoa irakurtzen: «hasieran 78ko erregimena iruzurra guk bakarrik salatzen bagenuen ere, gaur herri honen gehiengoak, Kataluniako herritarren gehiengoak, eta estatuko gero eta sektore sozial zabalagoek partekatzen dute».

«Aukera leihoa parez pare irekita»

«Orain, Euskal Herriaren nazio izaera aitortu eta gure burujabetza maila handitzeko aukera leihoa parez pare dugu irekita. Momentua eta aukera aprobetxatu beharra dago», adierazi du San Vicentek. Nabarmendu duenez, horretarako, «funtsezkoa» izango da «herria aktibatzea, mobilizatzea, eta indarrek norabide berean eragitea.

«Utopiaren bandera eskuan, inor bazterrean utziko ez duen Euskal Herri aske bat eraikitzeko» konpromisoa berretsi du Sortuk Azpeitian, eta Txiki eta Otaegiren borrokaren gaurkotasuna oroitu du, «askatasun nazionala eta soziala» uztartuz.

Subiranotasunak eta alderdi sozialean beste politika batzuk egiteko aukerak duten lotura aipatu du Sorturen Nazio Kontseiluko kideak, «helduleku falta, ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna» kapitalismoaren ondoriozko garai honen ezaugarri bilakatu direla gogoratuz.

«Justizia soziala oinarrian»

«Kapitalismoa borrokatu behar dugu. Aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarritutako alternatiba delako gurea. Euskal Herri independentea nahi eta behar dugu, nazioa garelako , eta euskal herritarrontzako bizitza hobeak eraiki nahi ditugulako», adierazi du.

Ultraeskuinaren eta faxismoaren aurka, denboran erro luzeak dituen Sorturen jarrera antifaxista irmoaren inguruan ere hitz egin du San Vicentek: «Faxismoak etsai bihurtzen ditu pertsona arrazializatuak, emakumeak, gorputz disidenteak, pobreak, euskaldunak... Txiki eta Otaegi nola, abertzaleak gara, antifaxistak garelako, eta antifaxistak gara, abertzaleak garelako».

«Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka hartu zuten zapalkuntza eta injustizia ororekin amaitzeko bide gisa, eta hala egiten dugu guk ere», esan du Sorturen eledunak, eta berretsi du euskal herritarra dela «Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro».

«Guk guztiekin egin nahi dugu bide, guztiekin borroka, guztiekin erabaki eta aske izan. Denontzako herria eraiki nahi dugu, eta horretarako behar dugu burujabetza», adierazi du San Vicentek.