NAIZ

Eroskik %2,5 handitu du fakturazioa 2024ko lehen seihilekoan

%2,5 handitu du Eroskik fakturazioa 2024ko lehen seihilekoan, enpresak plazaratu dituen datuen arabera. Jardueraren bolumenean salmenta gordina 2.865 milioi eurora heldu da.

Eroski taldeko CEO Rosa Carabel.
Eroski taldeko CEO Rosa Carabel. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2024ko lehen sei hilabeteetan Eroski taldearen fakturazioak hazkundearen ildotik jarraitu du, enpresak plazaraturiko datuen arabera. Hala, jardueraren bolumenean salmenta gordinak 2.865 milioi euroraino iritsi dira, %2,5 handituz aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta.

«Nabaria izan da elikagaien arloko salmenta gordinetan lortutako zifra, 2.722 milioi euroraino iritsi baita, %3,3 gehiago 2023ko lehen seihilekoan erregistraturikoarekin alderatuz gero. Eboluzio horretan, harrera ona izan dute taldeak 2021etik prezioei eusteko eta hori sustatzeko egin duten ahaleginek; izan ere, horrela kostuen igoerak ez du izan hain ondorio larria salmenta prezioetan. Alde horretatik, eginahal handia egin du inpaktu hori txikitzen, 2024ko lehen erdian 33 milioira ere igo baita», gaineratu du Eroskik.

Taldearen emaitza positiboa, berriz, 50,2 milioi euroraino igo da. Zifra hori iazko lehen seihilekokoa baino 19,7 milioi apalagoa da, «prezioen lehiakortasuna hobetzeak inpaktua izan duelako eta 2023ko ekitaldiaren lehen zatian ezohiko emaitzak izan zirelako».

«Urtearen lehen erdian elikagaien salmenta gordinen hazkundea sendotu dugu, %3,3 handiagoa izan baita 2023ko epe berean baino. Igoera hori neurri handian gure prezio politika berriak bultzatu du, eginahal nabaria egin baitugu kontsumintaileen sakela arintzeko. Horren adibide garbi bat 33 milioi eurotik gorako aurrezkia bildu izana da. Aurrezki hori Eroskin erosketa egin dutenen mesedetan joan da; izan ere, 2024ko lehen sei hilabeteetan prezioak txikitu egin genituen 5.700 produktutan baino gehiagotan. Horri esker, indartu egin da prezioan dugun lehiakortasuna eta erakargarritasun komertziala», azaldu du Eroskiko CEO Rosa Carabelek.