Errenteria eremu tentsionatu izendatu du ofizialki Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak, asteazken honetan Gipuzkoako udalerrian egin den agerraldi baten bitartez. Estatu espainiarreko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko aukera emango dio aitortza honek, besteak beste, etxebizitzen alokairu prezioen igoerari mugak ezartzea eta bost etxe baino gehiagoren jabe diren alokatzaileei gehienezko prezioa finkatzea.
Izendapena jaso duen Hego Euskal Herriko lehenengo udalerria izan da Errenteria eta, hortaz, egun hau mugarritzat du Aizpea Otaegi alkateak. «Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko orain arte izan ez ditugun baliabideak ekarriko dizkigu», adierazi du Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuarekin batera Gipuzkoako herri honetan eman duen prentsaurrekoan.
Udalerriak izango dituen baliabide berrien artean garrantzitsuena, Errenteriako alkatearen ustez, alokairuaren «neurrigabeko igoera» mugatzeko aukera da. Kontratu berriei eragingo die neurri honek, ez indarrean daudenei, salbuespen batekin: edukitzaile handiek –bost etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona ala enpresak– muga zorrotzagoak izango dituzte errentaren prezioak finkatzerako orduan, eta kontratu berriak nahiz indarrean daudenak gehienezko prezio bat izango dute.
Alokairuen igoerari mugak jartzeaz gain, tentsio-eremu izendapenak bestelako abantailak ekarriko dizkie errentariei: urtebeteko ezohiko hiru luzapen ezartzen ditu amaitzen diren kontratuetarako eta, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzen kasuan, alokairu prezioak mugatzeko aukera zabaltzen du.
Izendapena ez da aski
Izendapena jasota, Errenteria hiru urtez izango da eremu tentsionatu legearen aurrean, eta epe horretan etxebizitzari lotutako baldintzak aldatzen ez badira, aitortza luzatuko zaio. «Izendapen honek berarekin dakar etxebizitzan arazo larri bat dagoela onartzea», agertu du Denis Itxasok. Errenteriaren kasuan, arazoa agerikoa da, alokairuen prezioak KPI metatua baino gehiago igo baitira azken bost urteetan. Alkatearen ustez, Donostiako metropoli-eremuaren parte izateak eragina izan du prezioen hazieran eta, ondorioz, donostialdeako udalerriei galdegin die Errenterriak hasitako bidea jarraitu dezaten.
Alabaina, eremu tentsionatua izendatua izateak ekarriko dituen «berehalako» abantailak zalantzan jarri gabe, Aizpea Otaegik nabarmendu du etxebizitza larrialdiari «ikuspegi integral» batetik egin behar zaiola aurre eta, horretarako, Udalak hiru urteko plan bat osatu du Etxebizitza sailarekin elkarlanean. Bertan neurri gehigarri batzuk proposatzen dira, bost jarduera-esparrutan banatuta: alokairu eskuragarria sustatzea –adibidez, etxebizitzen erabilera turistikoa mugatuz, zehaztu du Otaegik–, etxebizitza oro har eta bereziki etxebizitza publikoa sustatzea eta etxebizitza hutsak «mobilizatzea», lehendik dagoen etxebizitza parkean inbertitzea, alokairua edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei bideratutako babes sistemak indartzea eta koordinazio instituzionala sustatzea.
Puntu honetan, Errenteriako alkatea sailburuari zuzendu zaio, eskatzeko bete ditzala plan horretan jasotzen diren neurriak. Itxasok, bere aldetik, ziurtatu du «arreta berezia» jarri nahi dutela eremu tentsionatu izateko izendapena eskatuko duten udalerri desberdinekin ondutako hiru urteko planetan (aitortza eskatzen dutenek derrigor ondu behar dute halako plan bat), eta defendatu du plan horiek «biziak» izan behar direla, etengabe eguneratu behar direla «legeak ematen dituen tresnak ahalik eta gehien aprobetxatzeko». Horretarako, udalerriek etxebizitzak eraikitzeko bideratu daitezkeen lursailak identifikatzen lagundu eta horiek doan ematea eskatzen du Lakuako Etxebizitza sailak, Errenteriak egin modura. «Jabetza publiko eta pribatuko lursoruak mobilizatu behar ditugu, bertan eraikitzeko», esan du Itxasok.
Epeak eta aldundien lanak
Datozen hilabeteetan, Etxebizitza Ministerioak BOEn (Estatuko Aldizkari Ofiziala) argitaratu behar du aitorpena, Errenteria eremu tentsionatu izendatutako udalerrien zerrendan sartu ondotik. Itxasoren arabera, Ministerioak hiru hilabetero eguneratzen du zerrenda eta, beraz, espero du abendurako BOEn argiratatuta izango dela. Aurreikusitako epeak betetzen badira, 2025eko urtarriletik aurrera, Lakuako Etxebizitza sailak aukera izango, Udalarekin elkarlanean, 2023ko maiatzean onartu zen Estatu espainiarreko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko.
Horretarako, Madrilek soilik ez, EAEko aldundiek ere beharrezko tramiteak egin behar dituzte. Momentuz, atzeratuta dabiltza: oraindik ez diote Etxebizitza Ministerioari bidali prezioen eguneratze indizea zehazteko informazioa. Indize hori beharrezkoa izango du Errenteriak etxebizitzen gaineko neurriak aplikatzeko. «Garaiz iritsiko gara», esan du Denis Itxasok, lasaitasuna transmititu nahian. Ziurtatu du BOEk Errenteriaren izendapena jasotzen duenerako «datuen transmisioa» egina izango dutela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek.
EH Bidu: «Borondate falta»
Alta, EH Bilduk deitoratu du Errenteriak ezingo duela legea bere osotasunean aplikatu, «EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten aldundiak eta Jaurlaritzak hainbat lan egiteke dituztelako». Hala adierazi du Xabi Astigarraga EH Bilduko legebiltzarkideak Errenterian, agerraldiaren ostean prentsari egindako adierazpenetan.
«Uste dugu aitzakiak uzteko garaia dela, ekiteko garaia iritsi dela. Zeren, aurrekariak ez dira batere onak. Gogorarazi behar dugu Jaurlaritzak errekurtso bat aurkeztu ziola Etxebizitza Legeari bere aplikazioa oztopatzeko, eta orain ez du nahi tentsio eremuen izendapena lurralde osora zabaltzea. Borondate politiko falta izugarria dagoela uste dugu, eta galdera bat egingo genioke Jaurlaritzari: nola da posible Nafarroan PSNren gobernuak esatea hiru hilabeteko epean tentsio eremu guztiak izendatuta egongo direla, eta hemen, EAJ eta PSEren Jaurlaritzak esatea hori ezinezkoa dela? Nola da posible lurralde batean egin daitekeena beste batean ezinezkoa izatea?», adierazi zuen Astigarragak.
Bidean daudenak
Denik Itxasok berretsi duenez, eremu tentsionatu izendatzeko eskaerak egin dituzte Zumaiak, Lasarte-Oriak eta Galdakaok. Lakuak hiru hilabeteko epea du eskaera horiek bideratu eta, baldintzak beteko balira, onespenak emateko. Bestalde, sailburuak aurreratu du Irunek eta Donostiak hilabete honetan egingo dutela eskaera eta, beraz, Gipuzkoakoa izango litzateke izendapena jasoko lukeen lehen euskal hiriburua. Halaber, Bilbo eta Gasteizko udalek ere eskaera egiteko borondatea agertu dutela esan du Itxasok.