NAIZ

Mutrikun uztailean erre zen eraikina erori egin da

Erori egin da uztailean erre zen Mutrikuko alde zaharreko eraikina. Egoera txarrean zegoen eta gaur goizean jausi da, euriaren ondorioz. Eraikinaren estruktura egurrezkoa zen eta erabat kaltetu zuen suak. Hori dela eta, ez zen inor bizi bertan eta ez da zauriturik egon.

Eraikina goizaldean erori da, uztailean jazotako sutearen ostean.
Eraikina goizaldean erori da, uztailean jazotako sutearen ostean. (NAIZ)

Mutrikuko alde zaharrean uztailean erre zen eraikina erori egin da goizaldean, EiTBren arabera, 6.00ak aldera. Aldamio batzuk zeuden jarrita, eraikina egoera txarrean geratu baitzen sutearen ostean eta erori zitekeenaren kezka zegoen. Eraikina ia osorik erori bada ere, ez da zauriturik izan.

Uztailaren 21ean jazo zen sutea, Barrenkale kaleko 6. zenbakian, goizeko 8.30ak aldera. Bost pertsona zauritu ziren kea inhalatu izanagatik eta erredurengatik, eta horietako bi, emakume bat eta haren semea, ospitalean artatu behar izan zituzten. Suhiltzaileek balkoietatik atera behar izan zituzten bizilagun batzuk, eskailerak su hartu baitzuen. Hiru parke desberdinetako suhiltzaileak bertaratu ziren, baita Ertzaintza ere.

Mutrikuko Udalak orduan esan zuen eraikina seguruenik bota behar izango zutela, baina artean erabakia hartu gabe zegoela. Erabakia eraikinaren egoerak berak hartu du, azkenean, eta bertan behera erori da goizaldean, gau osoan zehar izan diren euri-jasek bultzatuta.

Eraikinaren estruktura egurrezkoa zen eta erabat kaltetu zuen suak. Hori dela eta, ez zen inor bizi bertan eta alboko eraikinetako hainbat bizilagun ere beste toki batzuetan ari ziren geratzen, badaezpada ere.