Gipuzkoako Foru Aldundiak Basabizi Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko zentroaren ibilbideari buruzko balantzea egin du gaur goizean eta jakitera eman dute martxan daraman denboran 1.500 animalia baino gehiago artatu dituztela bertan.
Urnietako zentroa 2022an jarri zuten martxan, ingurune naturalean bizirauteko ezinduta dauden animaliak bildu, zaindu, mantendu eta berreskuratzeko, ondoren ingurune naturalera itzuli daitezen. Bi urte eta erdi hauetan 1.500 animalia baino gehiago artatu dituzte.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak agerraldia egin du gaur goizean komunikabideei Basabizira egindako bisita irekian. Arrutik azaldu duenez, urtero 600 animalia sartzen dira zentroan, eta kopuru hori handituz doa herritarren esku hartzeari esker, «gure gizartea gero eta kontzientziatuago baitago gure ingurune naturala zaintzearen garrantziaz».
Basabizin gehien artatzen diren animalia taldeak hegaztiak dira (%85), ondoren ugaztunak (%10) eta bukatzeko narrastiak (%5). Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu duenez, «kristal edo eraikinen batekin kolpatu diren hegaztiak jasotzen dira, gehienbat, eta baita gaixotasunen baten, edota bere kabuz elikatzeko zailtasunen ondorioz ahuldutako animaliak ere». Kasuen %60an, animaliak sendatu egiten dira eta beren ingurune naturalera itzultzen dira. Beste kasu batzuetan, inguruko santutegietara bidaltzen dituzte, naturan bizirauteko zailtasunak dituztelako edo espezie exotikoak direlako.
Momentu honetan, zentroan hogei bat animalia artatzen ari dira, tartean hontz zuriak, urubiak, muxarrak, zapelatzak, koartza errealak, errentariak, ahateak eta saguzar nanoak daude. Animalia eta espezie kopurua egunez egun aldatzen da: «Garai batzuetan, zentrora sartzen diren animalien kopurua handiagoa da».
Hala, Arrutik azaldu du «udazkenean, batez ere hegazti migratzaileak artatzen dira, udaberrian, berriz, kume asko hartzen dira, batez ere txitak eta hegazti gazteak. Neguan, eguraldi kaxkarrak ere eragina izaten du».
Lurralde Oreka Berdeko diputatua pozik agertu da zentroan egiten ari diren lanaren emaitzen aurrean. «Animalien zaintzari eta berreskurapenari buruzko zifrek erakusten dute orain dela bi urte eta erdi Basabizi zentroaren bidez gure lurralde oreka berdea zaintzearen alde egindako apustu hau guztiz egokia izan dela».
Ildo horretan, gaineratu du, «Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuaren bitartez, lanean jarraituko du gure ingurune naturaleko ingurumena eta biodibertsitatea babestuz». Aurten 2,5 milioi euro bideratu dituzte lurraldeko fauna eta flora zaintzera.