Donostiako Alde Zaharreko Bretxa merkatu tradizionalaren izaera itzultzeko erabakia hartu zenetik bost hilabete pasa direnean EH Bilduk auzorako zerbitzuez hornitzeko eta ostalaritza jarduerak alboratzeko ordua dela nabarmendu du. Apirilean Bretxaren gestioa publikora itzultzeko akordioa lortu zuen EH Bilduk Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSErekin.
EH Bilduk herritarren artean kontsulta egin zuen eta lortutako emaitzak argi adierazten dute zeintzuk diren lehentasunak: eguneko zentroa eta gimnasio publikoa irekitzea. «Eskaera horiekin Udal Gobernuarekin negoziatzen saiatu gara, auzotarren agindua betetzeko», azaldu dute.
Juan Karlos Izagirre ezkerreko talde subiranistaren bozeramaileak adierazi duenez, «gure ustez, auzokideek adierazitako lehentasun nagusiek auzoan erantzun positiboa izan dezakete eta izan behar dute modu batera edo bestera, elkarteentzat espazioekin, eguneko zentroarekin eta Kirol Txartela bidez gimnasia egin ahal izatearekin. EH Bilduk eutsi egin dio orduan esandakoari: Udal Gobernuarekin elkarlanean jarraituko dugula betiere herritarren bizi-kalitatea hobetzeko borondatea lehenesten bada eta interes orokorra nagusitzen denean. Baldintza hauek ematen badira EH Bilduren eskua luzatuta egongo da».
GI-20 errepidearen eraldaketa, Plan Orokorraren aurrerapenean txertatua izan dena, edo etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak dira EH Bilduk Udal Gobernuarekin negoziatu dituen beste gai batzuk.
Ostalaritza handiko planak
Bretxari buruz auzotarren eskaerak gauzagarriak direla nabarmendu EH Bilduk, baina alde ilunak daudela ohartarazi dute. «Ez gara inozoak, eta oraindik definitzeke dauden espazioekin ikusten dugun arriskuaz ohartarazi behar dugu. Badakigu Arrandegi eraikinean ostalaritza-jarduerak ezartzeko ahalegina egin zela, eta hori onartezina da auzoan. Izan ere auzo hori eremu saturatu izendatuta dago, ostalaritzak kontrolik gabeko hazkundea izan du azken urteotan bereziki eta auzoak gaur egun duen konfigurazio desorekatuan erantzukizun handia du», nabarmendu dute.
«Horregatik, beheko solairuan, merkatu tradizionalean, ez dugu onartuko ostalaritzarekin lotutako jarduketa berririk planteatzea ez Bretxako eraikinetan ez Parte Zaharrean oro har merkatuaren beharrei zerbitzua ematen dien eta merkatuaren ordutegia betetzen duen establezimendu txikiren batetik harago. Gogoratu dezagun solairu honen distribuzioan Baika hainkat espaziorekin gelditu zela eta hauen erabilera ez dagoela definituta», gaineratu du EH Bilduk.
«Bai EH Bilduk, EAJk eta PSEk hasieran lortutako hiruko akordioan, bai alkatearen adierazpenetan, kudeaketa publikotik auzoan dauden beharrei erantzutea aipatzen da, eta jarduketek donostiarrei zerbitzu hobea emango dietela. Baieztapen horiek bateraezinak dira ostalaritza-jarduera batekin, merkatuari oinarrizko zerbitzu bat emateaz harago», gogoratu du.